Joan-etorrien perlak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 16a, 08:00

Ondarearen Europako Jardunaldietan migrazioa eta kultura hizpide izango dira; Tolosan badira hainbat hitzordu.

Sekula ez zuen Gipuzkoak halako jardunaldirik hartu eta, estraineko aldi horretan, Tolosako eragileek ere jarriko dute beren alea. Ondarearen Europako Jardunaldiak asteburu honetan hasiko dira, eta migrazioak eta kultura ondareak hizpide izango dituzte, askotariko jardueretan. Egitaraua gorpuzteko 22 udalek parte hartu dute, eta Tolosa izango da Tolosaldea ordezkatuko duena, Olatz Peon alkateak Topic zentroko agerraldian azaldu duenez: «Ondarearen bidez ezagutu dezakegu nolakoak garen, nola iritsi garen gauden lekura,... Finean, ondarea herritarrengana gerturatuz, gure eta besteena den kulturan gehiago sakontzeko aukera izango dugu egitasmoaren bitartez».

Joan den asteazkenean Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztutakoa, atzo bertan xehetu zuten Topic-eko agerraldian, eta Olatz Peon alkatearekin batera izan ziren Idoia Otegi Topic zentroko zuzendaria eta Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saileko arduraduna.

Izan ere, bi izango dira Tolosan ondarea herritarrengana hurbiltzeko saiakera hori gauzatuko duten zentroak.

«Eroak» omen ziren haiek

Gipuzkoako Artxibo Orokorrean izango da lehen hitzordua, bihar bertan. Aukera berrien bila. XIX. mendeko migrazioak Gipuzkoan izeneko saioa eskainiko du artxiboan, Mikel Alberdi historialari eta Zumalakarregi museoko arduradunak, 12:00etatik aurrera.

Foru aldundiak sustatu du hitzaldia eta, besteak beste, artxiboan dauden dokumentuak baliatuko ditu Alberdik, gipuzkoarrek belaunaldiz belaunaldi egindako migrazioak azaltzeko.

San Frantzisko pasealekutik Euskal Herria plazara jauzi eginda, berriz, igandean Migrazio eta Kultura Ondareen inguruko jardunaldiek bigarren hitzordua izango dute Tolosan, Topic zentroan. 12:00etan ekingo diote horri ere, eta Joan Baixasen Eroen ontzia erakusketako bisita gidatuaz gozatu ahal izango da, doan.

«Hainbat museok eta erakundek parte hartu dute jardunaldian eta guk, betiko moduan, baiezkoa eman dugu. Ez soilik kultur ondarea herritarrengana hurbiltzeko gogoagatik, baita migrazioen gaiaz egunero hitz egin behar izaten dugulako, jende askori eragiten diolako», azaldu du Idoia Otegik.

Bide horretan, Topic zentroak ezinbestekotzat jo du beste zenbait lurraldetatik etorkizun hobe edo seguruago baten bila bertaratzen direnek jardunaldiotan parte hartzea, eta Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Sailarekin elkarlanean hasi ziren, duela hilabete batzuk: «Oso interesgarria da pertsona horiek modu aktiboan horrelako egitasmo batean aritzea. Topic zentroko bisita gidatuetan parte hartuko dute jatorri desberdinetako pertsona horiek, eta erakusketa interpretatzea izango da beren jarduna», azaldu du Kristina Moralesek.

Nicaraguako eta Azerbaijango bi emakumek parte hartuko dute Eroen ontzia erakusketan, eta euskaraz, gazteleraz, ingelesez nahiz beren hizkuntzan ariko dira: «Erakusketako bisita oso ondo prestatu dute, eta mereziko du bisitatzeak».

Irailaren 25ean, eta urriaren 2an, 9an eta 16an ere izango da bisita bana, doan. Hori bai, parte hartzea aurrez baieztatu beharko da, gehienez ere 15 pertsonako taldeak egingo baitituzte.

Erdi Aroan titiriteroak erotzat jotzen zituztelako aukeratu zuen, Baixasek, izenburua; beren herrialdeetatik bidaltzen zituzten, jende txarra zirela iritzia.

Horrela, bada, «gaur egun migratzen dutenak ere sarri erotzat jotzen dituztenez, bisita horiek oso baliagarriak izango dira hain desberdinak ez garela ikusteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!