Gazteak Kalean plataforma sortu dute, "jazarpen polizialari" erantzuteko

Ane Urkola 2016ko irailaren 15a

38.000 euroko zigor ekonomikoa eta bost urte erdirainoko espetxe zigorra eskatu diete hiru gazteri, 2015eko iñauterietako liskar batzuengatik.

Tolosako gazte mugimendua jasaten ari den "jazarpen poliziala" salatu dute prentsaurrekoan. Alde batetik, salatu dute Ezpala gaztetxearen bigarren okupazioaren ondorioz, zigor ekonomikoa ezarri dietela 50 gazteri. Bestetik, nabarmendu dute gazte mugimenduko hiru militante jasatear daudela 38.000 euroko zigor ekonomikoa eta 5 urte eta 5 urte eta erdiko espetxe zigorra. Prentsaurrekoan salatu dutenez, helburu "argia" dute zigor horiek: "Sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurka borrokatzen duen gazte mugimendua jazartzea".

Azken kasu horrek 2015 urteko inauterietan du jatorria: "Ertzainak Tolosako herriko tabernara gerturatu eta egoera tenkatu zuten, alboko taberna bateko liskarra aprobetxatuz". Liskar horien ondorioz, hiru pertsona atxilotu zituzten, "baliorik gabeko frogak oinarri hartuta". 

Egoera hori salatu dute prentsaurrekoan bildutako herri mugimendu, gazte mugimendu eta hainbat eragiletako kideek. Plataforma bat sortuko dute "egoera horri merezi duen erantzuna emateko". Hurrengo asteartean, irailaren 20an, egingo dute plataformaren aurkezpena, eta herritarrei dei egin diete bertara azaltzeko. 

Euskal Herri osora zabaldu dute "borrokarako" deia, ezinbestekotzat jo baitute edozein elkartasun eta konpromiso keinu: "Deia egiten diegu Euskal Herri osoko herri mugimendu eta gazte mugimenduei borrokara batu daitezen, kasu hori kokatzen baitugu herri honetan mila bider sufritu behar izan dugun zapalkuntzaren baitan".

Gazteak Kalean plataformaren komunikatua.

Prentsaurrekoaren bideoa:

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!