Lau egunez, aparretan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 15a, 09:30

Gaur hasi eta igandera bitarte, Tolosako Zerkausia aparraren tenplu bilakatuko da, garagardo azokaren aitzakian; TAKEk zenbait berrikuntza dakartza aurten.

Iazko erronka bertigoz hartu bazuten ere, Tolosako Adiskideok Kirol Elkartea gogotsu da datozen lau egunen aurrean. Irail tolosarra janzten duen ezinbesteko hitzordua antolatuko dute, bigarrenez, eta behinola garagardo azokak izandako festa ukitua berreskuratzen saiatuko dira, egitarauan berrikuntzak txertatuz.

«Begi itsuka hasi ginen iaz lanean, eta beldurra ere bagenuen hasieran», dio Marta Mendinueta TAKEko kideak: «Gogor samar joan zen, baina amaieran oso pozik geunden denok». Iker Garmendiak ere, «aurreikuspenak bete» zituztela uste du: «Denbora gutxi izan genuen guztia prestatzeko, baina ederki atera zen».

Balorazio onak, beraz, estreinako aldi hura errepikatzea ekarri dio saskibaloi taldeari.

20 garagardok osatuko dute zerrenda eta, izen guztien artean, dastamena dantzan jartzeko aukera izango da. Horietako hiru, gainera, Euskal Herrian ekoitzitako artisau garagardoak izango dira.

Edaria zerbitzatzen, mahaiak atontzen, garbitzen nahiz jakiak prestatzen, guztira, 225 pertsona inguruko lan taldea ariko da, eta TAKEk esker hitzak eskaini nahi izan ditu: «Laguntza handia jasotzen dugu harrobiko gurasoen, lagunen nahiz ezagunen aldetik, eta eurak gabe ezingo genuke hori guztia aurrera atera. Beraz, eskerrik beroenak eman behar dizkiegu», diote Marta Mendinuetak eta Iker Garmendiak.

AZOKARI, FESTA

Urtetan herriko hainbat kirol talderen artean antolatutakoa TAKEk hartu eta, ezinbestean, berrikuntzaz zipriztindu zuten iaz. Soka hari tira, eta gaurtik igandera bitarteko jaiak ere izango du beste nobedaderik.

Lehena, ordutegiarena. Gaur eta igandean 18:00etatik gauerdira bitarte zabalik izango da barra, eta bihar 01:30ean itxiko dute azoka. Jardunaldi luzeena larunbatekoa izango da, 16:00etan zabaldu eta 02:00ak bitarte garagardo zerrenda luzea dastagai izango baita.

«Larunbatean goiz zabalduko dugu, mus txapelketa antolatu baitugu aurten», azaldu du Garmendiak: «Izen-ematea zabalik da jada eta, lekurik geratuko balitz, egunean bertan ere aukera izango da». Aipatzekoa da, mus txapelketak dirauen bitartean garagardoen barra soilik zabalduko dutela, eta sukaldeak ohiko ordutegia izango duela.

Hain zuzen sukaldeak eutsiko dio iazko berrikuntzetako bati: bi ilara osatuko dituzte, eskaerak eta jasotzekoak bereiziz. Gainera, afalondoan izozkiez gozatzeko aukera izango da.

Antolakuntza kontuez harago, baina, Zerkausian biltzen den jendetzari festa giroan sartzeko arrazoi bat gehiago eman nahi dio TAKEk, eta DJ Bullek eta txaranga batek girotuko dute azoka.

GARAGARDOEN ZERRENDA

Ambar berezia (Espainia). Horia, limoiarekin. Hainbat garagar motaren nahasketak usain berezia ematen dio, dastamenarentzat buket oso berezia sortuz. Graduazioa: 5,2.

Ambar Radler (Espainia). Horia, limoi zukuarekin. Oso freskagarria. Graduazioa: 2,50.

Ambar Export (Espainia). Tostatua, hiru maltarekin egina, gorputz eta zapore handiarekin. Fermentazio bikoitza du. Graduazioa: 7.

Marlen (Espainia). Horia, kolore argia du. Zapore handia du, eta usaintsua da, mikatz ukituarekin. Graduazioa: 5,8.

Birburguer (Alemania). Horia. Lupulu ukitu nabarmenak eta zaporeak garagardo mikatz perfektua osatzen dute. 1817az geroztik ekoizten duten garagardoa da eta, pasteurizatzen ez dutenez, oso freskoa da. Graduazioa: 4,8.

Bitburguer Drive (Alemania). Horia, alkoholik gabea. Garagardoa behar bezala heltzean kentzen diote alkohola, kontu handiz. Erabat fermentatuta, bereziki freskoa da. Graduazioa: 0,05.

Spitfire (Erresuma Batua). Tostatua. Udazken koloreko Kentish Ale klasiko bat. Graduazioa: 5,4.

Licher (Alemania). Garizkoa, fermentazio altukoa. Osagai naturalak bakarrik ditu, eta zapore fina: mikatza baina freskoa. Graduazioa: 5,4.

Kostrizer (Alemania). Beltza. Malta ilunak ez dio kolore iluna soilik ematen, baita zapore bakar hori ere. Tostatuaren usaina du, eta baita txokolate beltzaren eta kafearen ukitua ere, garagardo beltza, horiaren izaerarekin uztartuz. Graduazioa: 4,8.

Tennent´s Stout (Eskozia). Beltza, keztatu ukituarekin. Txokolatea eta kafea ere nabari dira, zapore gozo eta mikatza osatuz. Gorputz handikoa da. Graduazioa: 4,7.

Tennent´s Lager (Eskozia). Horia. Eskoziako garagardo ezagunenetako bat. Alkohol graduazio baxuak freskotasuna ematen dio, eta hori gainbalio bat da, oreka handiko garagardo honentzat. Graduazioa: 4.

Tennet´s Extra (Eskozia). Horia. Graduazio oso altua du, eta hori da bere bereizgarri nagusia, mota horretako garagardo batentzat ez baita ohikoa. Graduazioa: 9,3.

Coors Light (AEB). Horia. Ipar ameriketako gagardo ezaguna. Graduazioa: 4,20.

Franziskaner (Alemania). Garizkoa. Fermentazio altua du, eta bigarren fermentazioa botilan egiten du. 1516az geroztik ondo gordetako errezeta bavarian bat du oinarrian, eta gariaren malta, garagarra, lupulua, legamia eta ura soilik erabiltzen dute egiteko. Graduazioa: 5.

Pilsner Urquell (Txekiar Errepublika). Horia. Lore usaina du, lupuluen eraginez, eta fruitu ukitu gabeko garagardotzat jotzen da. Beste garagardo batzuekin alderatuta, malta zapore handia du. Graduazioa: 4,4.

Grimbergen double-ambree (Belgika). Tostatua. Fermentazio altuko abadiako garagardoa. Gorputz handikoa da, eta kolore gorria du, azukre kanabera eta hainbat maltaren nahasketaren eraginez. Gozoa da, eta usain handikoa. Graduazioa: 6,50.

Konig Ludwig (Alemania). Gari zurizkoa, zapore freskoarekin. Fruituen usaina du, eta bere zaporeak ez du parekorik. Graduazioa: 5,50.

Artisau garagardoak

Olañeta bonde (Euskal Herria). Horia. Malta usaina du, espezieekin, eta urre kolorea du, apar zuriarekin. Malta zapore leuna hasieran, eta ondo orekatutako mikaztasuna. Edateko erraza da, freskoa. Graduazioa: 5.

Olañeta brown (Euskal Herria). Tostatua. Malta ukitua, intxaur eta karamelu ñabardurekin. Mikatz puntu bat ere badu, eta leuna da ahoan, lehorra. Graduazioa: 6.

Olañeta IPA (Euskal Herria). IPA. Belar eta fruitu usain handia du, apar handiarekin eta kolore urrekararekin. Mikatz puntu handia du, baina ahoan freskoa da aldi berean, zapore zitrikoarekin. Horrek freskotasuna ematen dio. Graduazioa: 6,50.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!