Uganetarrak beren egunean elkartuko dira, beste behin

Imanol Garcia Landa 2016ko irailaren 14a

Larunbat honetan ospatuko dute Uganeko Santuipeko Eguna, eta egun guztirako antolatu dute egitaraua.

Iristear da uganetarrak festa giroan elkartzeko eguna, Uganeko Santuipeko Eguna. Larunbat honetarako, irailak 17, egun guztirako egitaraua osatu dute. Eta, noski, ekitaldiei hasiera emateko apustua antolatu dute. Mattin Jauregi ikaztegietarra bere txakurrarekin batetik, eta Uganeko Luzuriaga anaiak bestetik ariko dira nor baino nor korrikan auzoko belaze batean. 

Norgehiagokak eta desafioak gustuko dituzte Uganen eta aurrekoaren ondoren segan ariko dira inguruko lau segalari, bikoteka. Giroa berez izango da, baina beste puntu bat emango diote, azken urteotan bezala, Hernaniko betsolariek.

Auzo bazkaria eta afaria ere egingo dituzte, auzokideek, batez ere egun bertan bizi ez direnek, elkarren berri izateko. Bazkaria catering bitartez egingo dute, eta afaria norberak etxetik eramandakoa. Tartean haurrentzat jolasak, mus txapelketa, toka txapelketa eta saskiaren zozketa izango dituzte. Izan ere, goizean zehar saskiarentzako txartelak salduko dituzte eta baita pintxoak ere. Egunean zehar, gainera, ez dira faltako trikiti doinuak, garagardoa eta mojitoak.

 

EGITARAUA

Larunbata, irailak 17

11:30. Mattin Jauregi (Ikaztegieta) bere txakurrekin korrika, Uganeko Luzuriagatarren aurka.

12:30. Sega desafioa: Andoni Dorronsoro (Ikaztegieta) eta Arkaitz Arteaga (Baliarrain); Andoni Egia (Orendain) eta Jokin Garmendia (Baliarrain) aurka. Hernaniko bertsolariek girotuko dute sega apustua. Goizean zehar, pintxoak eta saskirako boletoak izango dira.

14:30. Auzo bazkaria. Bazkalondoan, mus txapelketa. Arratsaldean ume jolasak, toka txapelketa, saskiaren zozketa, eta Ezkide eta Unai trikitilariak.

21:30. Auzo afaria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!