Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan ohiko alderdiak eta alderdi berriagoak bozkatzeko aukera izango dugu. Horien artean, batzuk ezagunagoak, eta beste batzuk ez hainbeste, Libertate Nafarroa, kasu. Eskualdean, Tolosan egingo dute aurkezpena, gaur kultur etxean, 19:00etan.
Libertate Nafarroak nafar estatua berreskuratu nahi du.
Sabino Aranak euskal kulturaren defentsa sutsua egin zuen, duela 120 urte, eta ikurrina ere sortu zuen. Kontzeptu etniko-linguistikoetan oinarritutako proiektua egin zuen EAJk, eta ezker abertzalearena, apustu gogorragoa, baina, kopia bat da; lehenak Madrilekin elkarlana bilatuz, eta bigarrenak konfrontazioa erabiliz. Guk, aldiz estatu juridiko politiko bat aldarrikatzen dugu. Ez baldin bagenu inoiz izan ulertuko genuke euskal estatu bat aldarrikatzea, baina, nafar estatu bat izan bagenu zergatik asmatu behar dugu berri bat? Kontuan izan behar da, Nafarroa kontzeptu politikoa dela, eta Euskal Herria kontzeptu kulturala. Nik uste dut gogorarazi behar diegula nafarrei sortzez, kulturalki, euskaldunak direla, eta goikoei, euskaldunei, politikoki nafarrak garela.
Ikurrinak 120 urte ditu. Eta 120 urte baino atzerago egiten badugu, zer ginen? Duela 300 urte gure arbasoek zeren inguruan elkartzen ziren? Erromatarrak erori zirenean euskaldunak batu ziren euren mugak defendatzeko, eta horrela sortu zen, dirudienez, euskaldun kontzeptua komunitate moduan.
2012an 500 urte bete ziren Gaztelak Nafarroa indarrez hartu zuenetik. Urteurrenaren harira kokatzen da alderdiaren sorrera, ezta?
Nik bi urte egin nituen Azkoitian zinegotzi, dimititu nuen arte. 2012an Iruñean nengoen Nafarroako estatua aldarrikatuz, beste milaka pertsonen artean, eta mugimendu handia egon zen urte hartan gaiaren inguruan. Baina, Nafar estatua eta kolonia bat garela aldarrikatu eta gero, armez eta heriotzez konkistatu zen erreinua izan eta gero, 2013an sartu ginen, eta Gure Esku Dago mugimendua sortu zen. Beraz, konkistatutako erreinua izatetik Quebec-eko planteamendura pasa ginen. Han kolonoak dira eta baimena eskatzen diote Kanadari sezesioa egiteko, eta guk ere gauza bera planteatu dugu. Testuinguru horretan sortu zen alderdia, Nafar estatua aldarrikatzen duten pertsonak elkartuz. Erabakitzeko eskubidearen alde gaude, baina, gure ustez, ezin gara jarri Quebec-en pare. Herri aske baten moduan hasi behar dugu portatzen, Madrili baimena eskatu gabe.
Hasierako helburuetako bat kontzientzia sortzea da.
Garrantzitsuagoa da gizarte mailako mugimendua. Hobea da milaka pertsona kalean egotea, eta ez milaka boto izan eta hamar pertsonak erabaki bulego batean herri baten etorkizuna. Guk gure mezua zabaldu nahi dugu, eta alderdi politikoek ikusten badute jendea gaiaren inguruan galdetzen hasten dela, eta mugimenduak eman eta euren diskurtsoak aldatzen badituzte, ba, gu gustura egongo gara. Lehendabizi barneratu behar dugun ideia da Espainiak eta Frantziak inbaditu gintuztela, estatu bat izan ginela, hori aldarrikatu, eta aurrera begira estatu juridiko-politiko baten kontzeptuarekin joan. Bestela, akats berdinean eroriko gara.
Nortzu lirateke nafarrak?
Sancho III.aren agintaldian izan zuen Nafarroak eremu zabalena bere esku. Beraz, guri iruditzen zaigu eremu horretakoa den edonork eskubide historikoa duela nafarra izan zela esateko.
Estatua berreskuratzea da helburua, baina, zein desberdintasun dago estatu eta nazioren artean?
Nazioaren kontzeptuak ez digu laguntzen etorkizunari begira, guk estatua aldarrikatzen dugu, nafar estatua. Euskal Herriko estatua jar genezake, baina, Nafar estatua eduki genuenez, errazagoa da. Euskalduna da euskal kultura barneratuta duena, baina, termino horretan galdu egiten gara, eta indarra galtzen dugu. Aldiz, termino juridiko eta politikoetan, nafar estatua aldarrikatuta, konfrontazio erabatekoa dugu Espainiarekin eta Frantziarekin: Gu inbaditutako herrialde bat gara, eta zuek egin behar duzuena da etorri zineten moduan alde.
Euskal Herria nazio termino bat litzateke, beraz.
Nazio termino etniko, linguistiko, kulturalean sartzen dugu, eta Nafarroa, berriz, juridiko politikoa, eta hor dago gakoa.
Ari al da alderdira edo egiten dituzuen ekitaldietara jendea gerturatzen?
Babes handia ari gara jasotzen, esaterako sare sozialetan. Nafarroan, senatuan 6.000 boto inguru batu genituen. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan zailago dago, baina, bagoaz aurrera pixkana. Badago jendea gure aldarrikapenekin bat egiten duena, baina alderdi politikoetan sinesten ez duena. Guk Nafar bidean sinesten duen jendea animatzen dugu, bidean elkar ikusiko dugulako.