Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Guk erabaki nahi baldin badugu, gu ari gara espainolei eskubide bat ukatzen»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 14a, 08:00

Gipuzkoako hautagaitzan hamahirugarren postua hartu du tolosarturiko oiartzuarraren izenak, datorren irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira. Datuak eta eskubideak izan ditu hizpide.

Datuak eskuan, PPren Madrilgo gobernuaren lana sutsuki defendatu du Pello Atxukarrok (Oiartzun, 1955), «garai latzei behar bezala erantzun» dietela azpimarratuz. Giza eskubideetan oinarrituriko gizarte bat irudikatzen du, eta hori legeak betez soilik eraiki daitekeela dio.

Azken lau urteak eta EAJren gobernua. Zer esango zenuke?

Lana kaskarra izan da, asko hobetu daiteke, eta hori diot, datuak eskuan hartuta. Adibidez, azken lau urteotan, langabezia %5 inguru jaitsi da Euskal Herrian. Espainian, berriz, %15,40 jaitsi da; alde handia dago. Egia osoa esaten hasita, Euskal Herriko langabezia baxuagoa da Espainiakoa baino. Hala ere, horrek erakusten du ez direla behar bezala baliatu langabezia murrizteko eta lana sortzeko politikak. Esportazioaren azken datuen arabera ere, Espainian %2,3 esportatzen da, EAEk %1,3 esportatzen duen bitartean. Finean, datuok azken urteotan Euskal Herriko egoerak hartu duen bidea erakusten dute, eta garbi dago hori gobernuan egon denaren erantzukizuna dela.

Horren aurrean, zer eskain diezaioke PPk EAEri?

Hauteskunde programak 17 atal eta 669 puntu ditu. Oro har, Espainian egindako politikaren bidea hartuko dugu. Herritarrek oso ondo ezagutzen dituzte Espainian politika horrek emandako fruituak: azken lau urteotako balantzea oso positiboa da, zorrari nahiz langabeziari begiratuz gero. Halaber, suspertze ekonomikoa izan duten herrialdeetan lehenengoak gara Europan. Milioi bat lanpostu sortu dira eta, erreskateari dagokionez, PPko gobernuak uko egin zion horri, egoerari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzea erabakiz. Politikan datuak oinarri hartuta hitz egin behar da, ez baikara denean adituak, eta datuek diote neurri horiek baliagarriak izan direla, hori ezin da ukatu.

Ekonomia hizpide izan duzu eta, esparru horretan, murrizketek zeresan handia eman dute.

Murrizketei gobernuari kritika egiteko heltzen zaie askotan, baina analisiak zintzoki egin behar dira. Gobernu batek agintea hartzen duenean estatua oso egoera larrian egoteak politika guztiari eragiten dio. Beraz, murrizketak? Noski baietz. Beste kontu bat da murrizketa horiek justuak izan diren edo ez. Gainera, egoera larri horretatik ateratzen joan garen heinean, PP politika sozialei erantzuteko baliabideak jartzen joan da. Oraindik asko falta da, baina horretan jarraituko dugu.

Boto emaileengan eraginik izango al du ustelkeriak?

Akaso bai. Bistan da Espainian ustelkeria kasuek PP zigortu dutela, eta nik onartzen dut. Gizartea ez litzateke oso osasuntsua, ustelkeriaren aurrean ez-ikusiarena egingo balu. Hori bai, ustelkeria kasuekin gure alderdia zigortzen saiatzen dira, ustelkeria PPn soilik balego bezala. Hori ez da horrela, eta ikusi besterik ez da egin behar, Andaluzian PSOEko zenbat politikari dauden auzipean, eta Pujolen alderdian zenbat auzi dituzten argitzeko. Euskal Herrian ere plazaratu izan dira zenbait kasu. Gure kasuan, auzipetu guztiak alderditik kanporatuak izan dira, ez dugulako ezer jakin nahi.

Herrialde Katalanak aipatu dituzu eta, han bezala, Euskal Herriko agendan ere puntu nabarmena da erabakitzeko eskubidearena. 

Beti pentsatu izan dugu Espainia lurralde bakarra dela, eta demokratikoki zehaztutako legedia duela: Konstituzioa. Espainiaren batasuna bermatzen du baina, aldi berean, badago aldatzeko aukera ere. Legearen bideak jarraituz, Euskal Herriko edo Kataluniako aldarrikapenak bideratu daitezke, baina balio ez duena zera da: hortik kanpo aritzea. Eskubideen gizarte bat nahi baldin badugu, legea errespetatu egin behar da. Ezagutu ditugu garai okerragoak, Francorenak, eta orduan defendatzen nuena baino are sutsuago defendatzen dut orain, eskubideen aldeko gizartea, betiere, legea errespetatuz. Horregatik, euskaldunoi gure lurraldeaz erabakitzen uzten ez zaigula esaten dutenean, gezurretan ari dira, hain justu, alderantzizkoa delako: Espainia osoak esan beharko du, Espainiako zati batean zer egin behar den. Guk bakarrik erabaki nahi baldin badugu, gu gara gainontzeko espainolei eskubide bat ukatzen ari garenak.

Osasun publikoa ere eskubide unibertsala da, eta eskualdean pil-pileko gaia. Zein jarrera hartuko zenukete gaia legebiltzarrean jorratu behar izanez gero?

Osasuna oinarrizko eskubidea da, eta zerbitzu publikoa izan behar du, noski. Zerbitzu publiko bat bermatzeak, ordea, ez du esan nahi derrigorrez enpresa publiko batetik egin behar denik. Areago, ez nuke esango kasu guztietan enpresa publikoak lan hobea egiten duenik, pribatuak baino. Adibideak Tolosan bertan ditugu, hezkuntzan. Zerbitzu publikoa da eta, Tolosan, prestigio handiarekin, hor daukagu ikastola; ikastola soilik aipatu dut, jendeak asko ezagutzen duelako. Zerbitzu publiko bat da, baina ez du enpresa publiko batek kudeatzen; pribatua da. Ni horren alde nago, ikastolak bere papera oso ondo betetzen duelako. Bertatik atera diren ikasleen emaitzak ikusi besterik ez daude. Osasunarekin gauza bera gertatzen da: badira zerbitzu bikaina eskaintzen duten ospitale publikoak, eta baita pribatuak ere. Hitzarmen publiko-pribatuak horretarako daude, eta apustu hori ez da kritikagarria. Zerbitzu publikoa nahitaez enpresa publiko batek eman behar izate hori desmitifikatu egin behar da.

Zubietan eraikitzekoak diren erraustegiaren gaia legebiltzarrean hizpide izango da, ia ziur, hauteskundeen ostean. Ados zaude eredu horrekin?

Bai. Erraustegiek ez dute izen onik hemen, kutsatu egiten dutela nabarmentzen baita. Baina, Europan ekologia bereziki lantzen duten herrialdeek erraustegiak erabiltzen dituzte. Gainera, teknologia berriek aurrera egiten duten bezala, erraustegiak ere garatu dira, eta azpiegitura horiek eskaintzen dituzten baliabideak probestu egiten dira, adibidez, elektrizitatea sortzeko. Erraustegiak ez ditugu baztertu behar, ez baitira txarrak; hori gezurra da.

Gobernura iritsiz gero, hizkuntza politika nola jorratuko zenukete?

Euskararen alde gaude, baina ez dugu itsutu behar euskararekin, bere erritmoa hartua baitu. Azpiegiturak hor daude, eta emaitzak ere bai. Aldiz, badugu beste ahulezia bat, hirugarren hizkuntzarekin: ingelesarekin. Espainiako gainontzeko lurraldeekin alderatuta, Euskal Herriko datuak kaskarrak dira, eta hori hobetu egin nahi dugu.

PPk norekin osatuko luke gobernua, aukera suertatuz gero?

Hori emaitzak ikusi ondoren erabaki beharko genuke, eta gure erantzukizunei helduta, noski; Euskal Herrian, lehenengo, eta Espainian gero.

Amaitu aurretik: Arnaldo Otegiren aferaren inguruan zer esango zenuke?

Otegiren kasua epaitutako kasu bat da, eta sententzia hor dago. Badirudi Otegi bera izan zela sententziaren baten aurka helegiterik jarri ez zuena. Horrez gain, lehen esan bezala, legeak errespetatu egin behar dira eskubideen gizarte batean. Epaileak dira legeak interpretatzen dituztenak eta, behin epaileek beren epaia emanda, hori onartu besterik ez da egin behar, ados egon edo ez. Nik ulertzen ditut bere alderdiaren aldarrikapenak, hautagai hori nahi baitute, baina ez dezagun bere historia ahaztu. Arnaldo Otegi salbatzaile bat balitz bezala izendatzen dute sarri, eta nire iritzia oso bestelakoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!