Zaldunek paisaiaz gozatzeko aukera dute Bedaioko IX. Zaldi Raidean

Ataria 2016ko ira. 13a, 19:05

Irailaren 18an egingo da, eta ostegunean bukatzen da epea probarako izena emateko zein bazkarirako lekua gordetzeko.

Iraila iritsi denez eta ohitura bihurtu delarik, Bedaioko IX. Zaldi Raida martxan jarri dute. Igande honetan, irailak 18, izango da proba eta 09:00ak eta 09:30ak bitartean abiatuko da. Hori bai, ohi bezala, antolatzaileek gogora ekarri dute zaldiek albaitari kontrola pasa behar dutela aurretik, eta hori 08:00etatik 09:00etara izango dela. Zaldi gainean, inguruko paisaiez eta bideez gozatzeko aukera ematen du probak, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Zaldi lasterketan parte hartzeko hainbat baldintza bete behar dira. Zaldiak 4 urte izan behar ditu gutxienez, identifikazio liburua izan behar du, eta txertaketak eguneratuta ere bai. Federatu gabeko parte hartzaileak dokumentu bat izenpetu beharko du, non antolatzaileak zaldi/zaldunak kalte/ondoriok kausa dezaken erantzule diren. Adin txikiko parte hartzaileei gurasoen baimen idatzia eskatuko zaie. Azkenik, zaldunak kaskoa eraman behar du. Izen-ematea 15 eurokoa izango da.

ONDOREN, BAZKARIA

Lasterketaren ondorenerako bazkaria antolatu dute. Baina, lasterketa baino hiru egun lehenago antolatzaileei deitzea eskatzen dute, bazkarira gelditu nahi duenak izena emateko eta zenbat lagun joango diren jakiteko. Helduentzako menua 20 euroko da: patata Errioxa eran, txerri saiheskia parrillan, postrea, ardoa edo sagardoa eta kafea. Haurrentzako menua 10 eurokoa da: makarroiak, txerri solomoa eta postrea.

Lasterketarako eta bazkarirako izen ematearen azken eguna ostegunean, irailak 15, izango da eta 636 91 93 72 edo 610 60 58 98 telefono zenbakira deitu behar da horretarako. Antolatzaileek jakinarazi dute bazkarirako 60 eserleku daudela, eta deiaren arabera egingo dela erreserba.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!