«Buruarekin egin dugu arraun, eta gakoa hor egon dela esango nuke»

Asier Imaz 2016ko irailaren 13a

Kontxako hirugarren bandera lortu du Nerea Perezek, San Juanekin. Urrezko bolada horretan patroia bera izan da; «tolosar bat etorri behar izatea horretarako ere».

Pozez gainezka zegoen Nerea Perez tolosarra, Kontxako hirugarren bandera irabazi ondoren. Umoretik jo arren, sufrimendu handiko lorpena izan zen.

Amestutako estropada eta bandera: 1,4 segundogatik irabazi duzue?

Ikuskizun izugarria izan da. Nesken arraunean horrelako bukaera bat izatea ikaragarria da. Ez dut uste horrelako banderarik egon denik. Estropada hasi aurretik bi segundoko aldea genuela bagenekien, eta gutxi izan arren, behintzat alde ziren. Azkenean, horrek salbatu gaitu.

Joanekoan 5 segundoko aldea zenuten. Zer gertatu da ondoren?

Joateko gure kalea hobea zela bagenekien, korronte aldetik eta. Itzulerarako, bigarren kalean sartu nahi genuen, Orioren kalean. Baina ziabogan bertan ziren oriotarrak, eta ezin izan dugu kale hori hartu. Orduan, besterik ez zen gelditzen, ahal zen moduan mantentzen saiatzea. Baina gainera etorri dira Hibaikakoak, eta eutsi eta tira egitea besterik ez zaigu geratu.

Bandera galduta ikusi al duzu 600 metroren faltan segundo bat aurretik jarri direnean?

Ez. Nik ez nekien atzetik ginela. Entrenatzaileak «denbora berdinean» esaten zidan. «Denbora berdinean bagoaz, bi segundo dauzkagu», pentsatzen nuen.

Non egon da gakoa?

Burua hotz edukitze horretan. Gurea egiten saiatu gara, besteei begira ibili gabe. Buruarekin egin dugu arraun, eta gakoa hor egon dela uste dut.

Itsasoa, uste baino zakarrago.

Kanpokaldean nahiko mugitua zegoen, uste baino gehiago; beroketak egiten aritu garenean baino gehiago.

Eta zein garrantzitsua den patroiaren lana baldintza horietan. 

Olatua hartu edo hartu beharra zegoen. Ez zegoen beste aukerarik. Bestela besteak gainean genituen.

Eta horrela lortu duzu hirugarren bandera. Une ahaztezinak izango dira bizitakoak.

Oraindik sinistu ezinik nabil. Irati Larrañagarekin ere hitz egiten, gauza bera esaten genuen. Sinistea zaila da. Ikaragarria izan da, portuan sartu eta dena arrosaz ikustea. Gero Pasai Donibanen harrera egin ziguten, eta herri guztia bertan zegoen, arrosaz... izugarria. 

Batelerak urrezko bolada batean zaudetela ematen du, hirugarren bandera irabazita.

Tolosar bat joan behar izatea hara horretarako ere... (barreak).

Irati Larrañaga San Juanen, Orion ere badira eskualdekoak. 

Eta txalotzeko lana egin dute. Denboraldi osoan, gainera. Nola bukatu duten ikusgarria izan da.

Gizonezkoetan Tolosaldeko ordezkariak Hondarribian eta Bermeon ziren. 

Bukaera ikusten egon gara, eta denak Bermeoren alde ginen. Edo ni behintzat bai. Iratiren aita oraindik bertan da bigarren entrenatzaile bezala esku bat botatzen. Denak, beraz, etxean geratu behar zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!