Sentsazio oneko porrota

Ataria 2016ko irailaren 12a

Tolosa Eskubaloiak galdu egin du denboraldiko lehen norgehiagoka, Bartzelona B taldearen aurka, 27-31 emaitzarekin. Nahiz punturik ez bildu, joko molde ona erakutsi zuten urdinek, kategoriako arerio gogorrenetakoa aurrean izanda.

Hasiera gazi-gozoa eman diote Tolosa Eskubaloiko jokalariek, denboraldi historikoari. Lehen zatian, defentsa ona erakutsi zuten tolosakoek, baina, kataluniarren kanpoko jaurtiketa bortitzek harresi urdina hausten zuten. Erasoan ondo baino hobeto aritu ziren, nahiz Bartzelonako atezaina oso fin ibili. 12-14 emaitzarekin joan ziren jokalariak aldageletara.

Atsedenaldiaren ostean, Bartzelona B oso indartsu atera zen kantxara, norgehiagoka ahal bezain azkar ixteko xedearekin. Epailearen zenbait erabakik kalte egin zieten tolosarrei, esate baterako, Estanisen kanporatzeak partida erabakita utzi zuen; bi golen aldea izatetik, lau golen aldea izatera igaro ziren kataluniarrak.

Puntuak biltzeko abagunea izan arren, sentsazio onak utzi zituzten urdinek Usabalen. Antza, etorkizunean kalitate handiko eskubaloia ikusteko aukera izango da Tolosan. Hurrengo partida Kordoban izango dute ARS Palma del Rio taldearen aurka; larunbatean, 18:00etan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!