Nor-nori-nork ikastea baino askoz ere gehiago

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 9a, 11:00

Amando Hernandezek eta Olatz Peonek aurkeztu dute ikasturte berriko eskaintza.

Aitzol Udal Euskaltegiko eskaintza eskuragarri da jada, ikasturte berrirako matrikula egin nahi duenarentzat

Urteroko erronkei eutsi eta jomuga berrietara iristeko bideak irekiko ditu, aurten ere, Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak. Eguneroko taldeak, astean lau egunetakoak, irakurle taldea, mintzalaguna nahiz EGA bestelako agiriak eskuratzeko klaseak txertatu dituzte eskaintzan, baina, guztiak ere, helmuga bakarrera iritsi nahi dute: kalean gero eta erabiltzaile arrunt gehiago izatea.

Olatz Peon Tolosako alkateak eta Amando Hernandez euskaltegiko zuzendariak aurkeztu dute ikasturte berria, eta udaleko Euskara Sailean euskaltegiaren jardunak duen garrantzia azpimarratu du Peonek: «Departamentuak dituen baliabideen zati handi bat Aitzol Udal Euskaltegiaren jardunera bideratzen da, euskaltegien papera oso garrantzitsua baita euskararen mantentzean».

Bide horretan, alkateak herritarrei dei egin die euskaltegira bertaratzeko, «gaur egun bizi-indartu egin behar baita euskara, euskaraz hitz egin edo bizi nahi duenari erraztasunak emanez».

Euskaldun berri baino, euskaldun

Joan den ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoan, 30.000 ikasle baino gehiago aritu ziren, udal euskaltegien sarean. Sare horretako kide da Aitzol euskaltegia ere, eta 250 ikasle eta 17 talde osatu zituzten iaz.

Aurten zenbaki horiek berdindu eta hobetzeko grinaz ekin diote irailari, eta momentuz matrikulazioa bide horretan doala azaldu du Amando Hernandez zuzendariak. Eskualde euskaldunago bat saretze horretan, gainera, Tolosatik kanpoko eskaintza ere hedatzen saiatuko dira aurten: «Aitzol da Tolosaldeko euskaltegi ofizial bakarra eta, orain arte, Lizartzan, Asteasun eta Larraulen klaseak eskaini izan ditugun modu berean, Alegiara, Altzora eta Villabonara ere zabaldu nahi du Aitzolek».

Ikasleen mailak eta asmoak edozein direla ere, Aitzol Udal Euskaltegiko lan taldeak oinarri bakarra izango du saio guzti-guztietan: «Erabilera indartu nahi dugu, hau ez baita nor-nori-nork ikasi eta aurrera segitzea. Gidari izan nahi dugu horretan, eta mintzalaguna antolatzearekin batera, komertzio eta taberna euskaldunen errolda ere osatu nahi dugu, euskaraz egin nahi dutenek nora jo jakin dezaten».

Eskualde euskaldunagorantz doan trenak nahi adina bagoi izango ditu eskuragarri eta, trenera lehen aldiz igoko direnentzat ere bada berrikuntzarik: A1 eta A2 mailako saioak eskainiko dituzte. Azterketarik egin beharrik izan gabe, irakasleek eurak emango dute titulua: «Dena den, titulua sinbolikoa izango da, ikasleen errekonozimendua saritzeak baitu garrantzia, aurrera jarri dezaten», dio Hernandezek.

Aipatzekoa da, teknologia berrietara egokitzeko pausoak eman, eta lehen arbela digitalak ezarri dituztela euskaltegian.



ESKAINTZA

Azterketa ofizialak. A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Matrikula. Irailaren 22ra bitarte, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Diru laguntzak. %25, %50 eta %75era bitarte, baldintzak betez gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!