«Soka urarekin uztartzen dugun bakarrak gara»

Iñigo Otaegi 2016ko ira. 2a, 12:00

Munduko toki ugaritako 70 parte-hartzaile bilduko dira asteburuan Tolosan, Waterline jaialdian. Oria ibaian, soka gainean aproba egingo dute. Lehen aldiz, Euskal Herriko marka apurtzen ahaleginduko dira.

Waterline jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute bihar eta etzi, Tolosan. Iñigo Manso (1984, Ibarra) Tolosako Waterline Jaialdiaren antolatzaileetako bat da, eta buru-belarri dabil dena pentsatu moduan atera dadin. Asteburu osoan zehar izango da ikuskizuna, Zerkausian.


Zertan datza waterline fenomenoa?


Slackline barruko modalitatea da Uraren gainean kokatutako sokan oreka mantentzean datza. Slackline munduan hasi nintzen garaian, pentsatu nuen Tolosako Oria ibaian zerbait ikusgarria egin zitekeela. Lagunartean antolatutako ekitaldi xume bat zen hasierane eta nazioarteko jaialdi entzutetsua bihurtu da.


Inguruan antolatzen da waterline modalitateko beste ekitaldirik?


Ez, estatuan antolatzen den jaialdi bakarra da. Egia da, Bartzelonan eta Madrilen ere antolatzen direla slackline barruko beste modalitateetako ekimenak. Baina, soka urarekin uztartzen duten bakarrak gu gara. Jendea oso urrutitik etortzen da hona, eta ia denek errepikatzen dute. Pentsa, mundu mailan  jaialdi honen berri ere badute. Nolabait esatekotan, zirkuitu internazionalaren barruan sartzen da jaialdia; tour guztia egiten duenik ere bada, eta horiek ere gurean izaten dira. Ertz guztietako pertsonak etortzen dira: suitzarrak, alemaniarrak, frantsesak... Finean, tokia bera ederra da eta izugarrizko giroa sortzen da.


Nolatan hainbesteko zaletasuna?


Orain dela lauzpabost urte, lagun bat sokarekin etorri zen, zuhaitzetatik lotu eta probatzen hasi ginen. Lehenik, pauso bakarra ematen ikasi genuen, eta apurka, bakoitzak bere buruari jartzen zizkion mugak gainditzen hasi ginen. Kirol honen ederrena, zeure buruaren aurkako borroka dela da, ez duzu areriorik. Aurten, errekor pertsonala egin dut. Lurrean, 120 metroko soka zeharkatu dut; highline modalitatean, 65 metro. Gainera, lagunekin izugarri ondo pasatzen dugu kirol honekin; errutina aspergarritik ihes egiteko modu paregabea da.


Zein da jaialdiaren xede nagusia?


Helburu nagusia da waterline praktikatzen duen munduko jendea biltzea. Beste alde batetik, ikusleak erakarri nahi ditugu, konturatu daitezela waterline bezalako kirolak existitzen direla. Gizarte honetan ez da soilik futbola edota saskibaloia praktikatzen. Jendea zur eta lur geratu ohi da egiten dugunarekin, eta bide beretik jarraitu nahi dugu. Gainera, lehorrean soka bat  jartzen dugu urtero, hasiberriek sokarekin lehen kontaktua izate aldera.


Generoari dagokionez, kirol hau parekidea da?


Bai. Egia da gizonezkoek, oro har, gehiago praktikatzen dituztela arriskutsutzat jotzen diren kirol hauek. Halaber, pasa den urtean bezalaxe, 12 emakume etorriko dira Tolosara. Denak daude gonbidatuta, guk ez dugu inolako mugarik jartzen.


Urtero markak hausten ari zarete.  III. edizioa, oraindik hobea izango al da?


Aurtengoa ikusgarria izango da. Iaz gisan, 70 parte-hartzaile izango dira, gehiago ekarri ezin direlako. Batzuk esango dute gutxi direla, baina, jende ugari etorriz gero, ez dute gozatzen. Hobe da gutxi horiek disfrutatzea, asko etorri eta marmarka ibiltzea baino. Oraingoz, arrakastatsuak izan dira bi edizioak, eta espero dut aurtengoa ere bikaina izatea. Urte hauetan lana ondo egin izanaren ondorioa izango da, datorren asteburuan biziko duguna.


Lehen bi edizioekin alderatuta, berrikuntzarik izango al da?


Bai. Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko errekorra hausten ahaleginduko gara; 120 metroko soka jarriko dugu, Zerkausitik hurrengo zubira. Asteburu osoko ekintza erakargarriena da, ezbairik gabe. Errekor mundiala 170 metroan dago, hortik atera kontuak. Horrez gain, lehen bi edizioetan, 7 eta 9 soka jarri genituen, hurrenez-hurren. Aurten, denera 11 soka ezberdin jarriko ditugu, luzera eta zailtasun ezberdinekoak.

 
Ordea, lehen baldintza segurtasuna izango da.


Noski. Segurtasuna funtsezkoa da. Egitarauan pentsatzen jarri aurretik, ekimenak egingarriak diren edo ez baloratzen dugu. Egia esan, errekak mugatu egiten gaitu, eta ezin izaten dugu nahi dugun guztia egin. Euskal Herriko errekorra haustearena  zutik dago; alabaina, gutxieneko arriskuren bat ikusi bezain pronto, bertan behera utziko dugu. Beste edozein kiroletan baino segurtasun gehiago behar da.


Jendeak txanponaren alde ona ikusten du, eta ez atzetik  dagoen lana. Nolakoa izan da antolakuntza prozesua?


Lan handia suposatzen du. Edizio bat bukatu, eta bestean pentsatzen jartzen gara. Hau dena ez da pertsona soil baten meritua; nire inguruko jendearen laguntzarik ez banu, hau ez litzateke aurrera aterako. Milaka gauza egin behar dira: laguntza topatu, babesleak lortu... Zerbait gustatzen zaizunean, ordea, horrelako kontuek zama gutxiago izaten dute. Asteburuan, orotara 15-20 pertsona inguru ariko dira jo ta su lanean: ostiralean sokak jarri, parte-hartzaileentzat bazkaria prestatu...


Waterline ikusteko abaguneaz gain, aparteko zerbait prestatu duzue?


Taberna egongo da, nahi adina jan eta edan ahal izateko; musika ere izango da, bertaratzen direnek dantza egin dezaten. Gainera, larunbat arratsaldean, Zerkausiaren goiko aldean dagoen terraza irekiko da; bertatik, ikuskizunaz gozatzeko ikuspegi ederra izango dute.


Ekitaldi garrantzitsua bilakatzen ari da Waterline Tolosan. Etorkizunean, antolatzen jarraituko duzue?


Bai. Baina, oraindik hirugarren edizioa hasteke dago, eta hobe da ez aurreratu. Dena ondobidean joaten bada, laugarrengoan pentsatzen jarriko gara, zalantzarik

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!