Izaskun Auzoko jaiak 2016

Herri baten pareko jaiak

IƱigo Otaegi 2016ko abu. 30a, 10:01

Tolosako zati den Izaskun auzoan, beste edozein herritan moduko programazioa osatu dute, ekintzaz josia.

Irailaren 2an hasiko dira jaiak, asteburuaren atarian, suziria aireratuz. Segidan, buruhandiak eta trikipoteoa izango dira, auzoko festa giro xumea alaituz. Arratsaldea eta gaua, danborra aitzakiatzat dutela igaroko dute; izan ere, danborrada afaria izango da lehenik, eta ondoren, Bonberenea txaranga lagun, danborrada eskainiko dute bertakoek. Eguna amaitzeko, Han eta Sorkun musika taldeak ariko dira euren doinuak plazaratzen.

Presaka ez, baina, korrika bai hasiko dutela larunbata, Zabalarreta parkean izango den entzierro txikia dela eta. Sabela betetze aldera, auzo bazkaria egingo da, 14:00etan. Bazkalostean, aldiz, musika dantzaldia izango da gazte zein helduentzat. 19:00etan, marka ezberdineko sagardoak dastatzeko aukera izango dute auzokoek. Antza, sagardoarekin aski ez eta zahagi ardoa izango da, ondoren, Izaskun plazan. Larunbataren hondarrak, Bonberenea txarangaren Bihar ez da gaur kontzertuarekin amaituko dira.

Azken eguna, txistularien diana goiztiarrarekin hasiko da. Jarraian, tokan aproba egingo dute hiru mailatan: gizonezkoetan, emakumezkoetan, eta haurren kategorian. 11:00etan, puzgarriak izango dira haurren gozamenerako. 12:00etan ostera, tortilla onenaren izena zein den jakingo da, txapelketa egingo baita. Tortilla onenak probatu ostean, Udaberri dantza taldearen emankizuna izango da. Arratsaldean zehar, haurrek apar artean jolasteko abagunea izango dute, baita Hankaz gora zirku tailerraz gozatzeko ere. Azkenik, musean jokatuz eta gozo-eltzea dastatuz agurtuko dituzte jaiak.

IZASKUN AUZOKO JAIAK 2016

IRAILAK 2, OSTIRALA

18:00. Txupinazoa, eta txokolate jatea.

Ondoren. Buruhandiak.

19:30. Trikipoteoa albizturtarren eskutik, txosnatik hasita.

19:45. Danborrarien deialdia.

20:45. Danborrada afaria.

22:30. Danborrada Bonberenea txarangarekin.

00:00. Kontzertuak: Han eta Sorkun.



IRAILAK 3, LARUNBATA

11:00. Entzierro txikia Zabalarreta parkean.

14:00. Auzo bazkaria Izaskun plazan.

17:00. Musika dantzaldia gazte eta helduentzat.

19:00. Sagardo dastaketa Izaskun plazan.

21:00. Zahagi ardoa Izaskun plazan.

00:00. Kontzertua: Bonberenea txaranga Bihar ez da gaur.



IRAILAK 4, IGANDEA

09:00. Diana Tolosako udal txistulari bandaren eskutik.

10:30. Tortilla prestaketa.

11:00. Toka txapelketa: gizonak, emakumeak eta haurrak.

11:00. Puzgarriak Sputnik plazan.

12:00. Tortilla txapelketa.

13:00. Udaberri dantza taldearen emanaldia.

16:00. Apar festa.

17:00. Hankaz gora zirku tailerra.

17:00. Izaskun Auzoko Mus Txapelketa 2016, Denak tabernan.

19:00. Amaiera festa piñatarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!