«Lortu ditudan garaipen guztietatik honek du baliorik handiena»

Eneritz Maiz 2016ko abu. 29a, 16:01
Argazkia: Goierriko Hitza

Luis Mari Garikano tolosarrak junior mailako XXXV. Beasain Proba irabazi du, munduko txapelketa aurreko klasikoa. Limousin Cartonajes taldeko txirrindulariak estatu mailan sona handienetarikoa duen proban, ihes eginda, bi eskuak altxatuta gurutzatu zuen helmuga marra. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, Ciclos Caballo taldeko Manuel Santos eta Sergio Jimenez izan ziren.

Espero zenuen larunbatean Beasaingo munduko txapelketa aurreko klasikoa irabaztea?

Oraindik sinestea ere kosta egiten zait. Denboraldi bukaeran fuerte nago eta aukerak dituzula badakizu, baina irteeran beste 200 txirrindularirekin zaude eta kontuan hartuta Espainia mailako talderik onenak eta maila altuko guztiak dituzula ondoan... Azkenean lasterketa gure interesen arabera ondo atera zen, eta ondo jakin genuen jokatzen irabaztea lortuz.

Ihesaldi saiakera asko izan ziren. Asmatu egin zenuen ihesaldiarekin?

Lasterketa hasieratik oso azkar atera zen. Beste urteetan ihesaldia normalean Amezketako buelta horretan egiten zen, eta bertan arretaz ibiltzeko intentzioarekin atera ginen. Baina lasterketa nola zihoan ikusita hobe izango zela beranduago eraso egitea pentsatu nuen. Lehen bi mendateak pasa eta taldea pixka bat apurtu arte itxaron nuen. 30 txirrindulariko talde bat geratu ginen, eta azken 30 bat kilometroren faltan, orduan ikusi nuen eraso egiteko momentua zela.

Ondo sentitzen zinen?

Bai bai, ondo nindoan. Unai Iribar taldekidea ere taldean nuen, eta pentsatu nuen Iribar esprinterako gorde eta nik neure aukerak urrutitik jokatuz aprobetxatzea. Eta ondo atera zitzaidan.

Ohiko lasterketekin alderatuta pelotoi handia ezta?

Orain arte urte osoa Gipuzkoako egutegiaren barruan ibiltzen gara, eta asko jota Euskadiko trofeoan parte hartzen dugu. Iruñeko Itzulia egin genuen eta bertan ere 200 bat txirrindulari atera ginen larunbatean bezala. Ezberdina da, jende gehiago baina nahiko ohituta gaudela esan dezakegu. Mailaren aldetik atzematen da. Azkar joanagatik jende gehiagok aurrean irauten duela ikusten duzu. Eta lasterketaren abiadura ikusita ere nabaria zen maila altua.

Aurkariak ezagutzen zenituen?

Espainia mailan sare sozialetatik eta lasterketak jarraitzen ditugu, eta izenak beti geratzen zaizkizu. Eta pistatik ere ezagutu ditugu batzuk, eta azkenean horiek izan dira hor aurrean ibili direnak.

Zer suposatu du zuretzat garaipen honek?

Ez zen denboraldiko lehen garaipena, baina garrantzitsuena bai, hori ziur. Nire ibilbide guztian lortu ditudan garaipen guztietatik honek du baliorik handiena orain artean, zein lasterketa den kontuan hartuta. Poztasun handi bat. Azaroan pistan hasten gara, eta gero errepidera pasa eta orain artean ez dugu atsedenik hartzen. Urtea luze egiten da, eta zaila egiten da: zaindu, entrenatu eta asko sakrifikatu behar da. Ikasketak ere hor daude, eta gogorra egiten da. Honelako garaipenek ematen dizuten pozak aurrera egiten laguntzen dizu.

Zer balantze egiten duzu ia bukatzear duzun denboraldiaz?

Pentsatzen nuena baino askoz ere denboraldi hobea atera zait. Hasiera batean pista entrenatzeko hartu genuen, eta ondo atera ziren gauzak eta Europar eta Munduko txapelketetara joatea lortu nuen. Eta errepidean ere nahiz eta pistarengatik lasterketa asko ezin izan ditudan lehiatu, bost lasterketa irabaztea lortu dut. Eta horietako batzuk garrantzitsuak izan dira.

Atsedena hartzeko garai iritsi zaizu?

Asteburuan Espainiako Txapelketak ditugu Kantabrian; ostiralean, erlojuaren aurkakoa eta igandean errepidekoa. Eta hemendik bi asteburutara bai, atsedena hartuko dut.

Afizionatuen mailako denboraldian pentsatzen hasi zara?

Zer edo zer bai, baina hobe oraingoan pentsatu eta egunetik egunera joatea. Ondo bukatzen eta disfrutatzen saiatuko naiz. Hurrengo urtean saltoa ematea tokatuko zaigu, eta gogoz, baina presarik gabe hartu eta etorriko da etorri behar duena.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!