Jorge Rodriguez: «Jendeak ez daki nolako ardura behar den lanpostu honetarako»

Iñigo Otaegi 2016ko abuztuaren 11

Jorge Rodriguez (1995, Tolosa) sorosle lanetan dabil Usabalgo igerilekuetan. Eskarmentua du sorosle gisa, eta bere lanpostuaz hitz egin du Ataria-rekin.

Ze adinetako jendea etortzen da igerilekuetara?

Denetik. Adibidez, gazteak kirola egin eta gero, gimnasiotik hona etortzen dira. Familiak eguna pasatzera etorri ohi dira, umeak hartuta.

Usabalgo igerilekuak akaso ez dira handienak, baina, tolosar asko etortzeaz gain, eskualdeko jendea ere etortzen da.

Bai, orokorrean jende ugari hurbiltzen da. Noizbehinka, behar adina leku ez da egoten, eta kasu horretan tolosarrek dute lehentasuna; baina, normalean ez da arazorik izaten. Gainera, arratsaldeetan jende gehiago etortzen denez, sorosle gehiago egon ohi gara.

Sorosle lanak ardura handia eskatzen du.

Jendeak ez daki nolako ardura behar den lanpostu honetarako. Azkenean, uneoro adi egon beharra dago; zortea dugu ez zaigulako ezer larririk pasa, baina, bizitzak jokoan daude.

Sorosle lanak zergatik? Afizioa nondik datorkizu?

Orain dela lauzpabost urte hasi nintzen sorosle gisa, dirua behar nuelako. Hemen aukera nuen, eta aprobetxatu egin nuen. Betidanik igeriketan ibiltzeak ere eragina du, lotura handia duelako lan honekin. Hemengo jendea ere ezagutzen dut, eta horrek gauzak errazten ditu.

Baina, diruagatik soilik ez, ezta? Lana bera gustatuko zaizu, edo?

Bai, noski (barreak). Lan polita da, jendearekin tratua duzu, eta gainera eguraldi onarekin ari zara lanean. Jenderik ez badago aspertu egiten zara, eta karga psikologiko handia dute horrelako egunek. Gainera, eguzkiak asko jotzen duenez, kolorea hartzen ari naiz; barruko igerilekuetan baino askoz hobe da kanpokoetan.

Sorosle batek zerekin izan behar du arreta berezia?

Ume txikiekin kontu handia izan behar da. Askotan, gurasoek haurrak bakarrik uzten dituzte igeri egiten dakitelakoan, baina, ez da horrela. Izan ditugu susto batzuk, eta eskua sartu behar izaten dugu sarritan.

Sorosle on batek, ze ezaugarri izan behar ditu?

Kontzentratuta egon behar da, bezeroei ondo sentiarazi, eta konfiantza transmititu; soroslearen irudia oso garrantzitsua da.

Sorosle gisa, anekdotarik baduzu?

Iazko urtean, aitona bat itotzen ari zen barruko igerilekuan. Uretara bota nintzen, eta ateratzea lortu nuen; zorionez, ez zen ezer larririk gertatu. Geroztik, ez dut igerilekuan gehiago ikusi (barreak).

Bizitza soziala egiteko aukerarik ematen du lanpostu honek?

Uda da lan gehien egiten dugun garaia. Orain arte, lagunek udan ez zuten lanik egiten, eta inbidia ematen zidaten. Orain, ia denek lan egiten dute, eta ez da hain gogorra egiten. Halere, ordutegia ona da, eta badut lagunekin egoteko astia; parrandak ere egiten ditut, beraz, ez nago kexatzeko.

Esaten da soroslearen lanpostua ona dela ligatzeko.

Ni soilik lanera nator, eta igerilekuan zentratzen naiz. Beste sorosleen kasua izango da agian, ez nirea (barreak).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!