Laurogei urte bete dira, 1936ko abuztuaren 11ean, Tolosako Plaza Zaharrean, Tolosa hartu berria zuten frankistek Ixaka Lopez Mendizabalen liburuak eta argitaletxea arpilatu, ostu eta liburuak plaza erdian pilatu eta erre zituztenetik. Su-txondorrarekin, euskal kultura suntsitu nahi izan zuten, Euskal Pizkundea sutara kondenatu. Bide horretan areagotzeko, handik hilabete gutxitara, 1937ko otsailaren 1ean, frankisten gobernuaren aginduaz liburutegi eta eskolako euskal liburuak garbitzeko agindua eman zuten eta kastigu bera izan zuten hauek.
Tolosako Plaza Zaharrean izandako erreketa ez zen bakarra izan baina bai nagusietako bat. Urte batzuk lehenago, Berlingo Bebelplazen naziak erakutsitako faxismoaren aurpegia erakutsi zuten Tolosan. Su-metek eta ondoren etorritako errepresio basatiak, ez zuten berpizten hasia zen euskal kultura akabatu, nahiz eta hainbat lagunen heriotza ekarri. Fenix hegaztiaren moduan, errauts haien artetik, euskal kulturak berriro hegan egiteari ekin zion.
Ekitaldia
Gaurko ekitaldian, euskal kulturaren berpiztea ospatzeko eta hori posible egin zuten gizon emakumeak omentzeko elkartu dira Zerkausi kalean, garaiko Lopez Mendizabal argitaletxearen aurrean. Koldo Ordozgoitik egin du bertan ekitaldiaren aurkezpena eta testuinguruaren kokapena. Ondoren, Iñaki Garmendiak, Juan Garmendiak Larrañagaren semeak, aitaren hitzak ekarri ditu gogora bizitako erreketaren oroitza gogora ekarriz. Jauan Garmendiak, idatzia utzi zuen bere garaian bizitakoa eta bere begiekin ikusitakoa. Hamar urte zituen basakeria hori bizi izan zuenean, liburuen erreketa, kulturaren suntsitzea...Irudi hauek gerraren irudi gogorrenekin lotu izan zituela adierazi du. Ala ere, tinko eutsi ziotela adierazi du eta garai hartan erakutsi zuten kemena goraipatu. Iñaki semeak, esaldi bat ekarri nahi izan du gogora, "Izan zirelako gara eta garelako izango dira".
Honen ostean, Miren Lopez Mendizabalek, Ixaka Lopez Mendizabal zenaren ilobak, hartu du hitza. Garai haietan egindako lana goraipatu nahi izan du gaur egun dugun testuinguruan bizi ahal izateko. Euskaraz hitz egin, irakurri, abestu...Ideia horiek barruan errotuta zituzten garai haietan eta nahiz eta liburuak erre, beraien ideiak ez zituztela erre adierazi du Mirenek. Ondoren, Olatz Peon Alkateak, udalaren adierazpen irakurketa osatu du. Horrelakorik berriro gertatu ez dadin, memoriaren garrantzia eta ahanzturaren gainean ezin dela ezer eraiki adierazi du. Bestetik, garai hartako gizarteak izan zuen kemena eta erantzuna goraipatu nahi izan du, biziberritzea posible egin zuten gizon eta emakume guztiei eskerrak adieraziz.
Ekitaldiari amaiera emateko, giza katea osatu dute garaiko Lopez Mendizabal argitaletxearen aurrean liburuak eskuan hartuta eta Agur Jauna abestuz.