«Pilotarentzat mesedegarriak ez diren pertsonak daude»

Asier Imaz 2016ko uzt. 28a, 10:00

Hiru urteren ondoren, azkena geratzen zaio Jauregiri federazioko presidente bezala; egindakoa aztertzeko garaia da.

Ika-mika gogorra izan du Patxi Jauregik (Bedaio, 1956) Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluko zuzendaritzarekin; tartean daude Euskal Selekzioaren inguruko gaiak.

Hiru urte daramatzazu Euskadiko Pilota Federazioko presidente bezala. Bat geratzen zaizu, beraz. Zer moduz doa zuloa?

Urtea amaitzerako %100 bideratuta izatea espero dugu; ia ziur baietz.

Zein zuloz ari gara hitz egiten? 

Duela hiru urte federazioan sartu ginenean, gauza bat oso argi genuen: diru kontuak garbi eramatea. Horregatik, hasi eta berehala auditoria edo kontu-ikuskaritza bat eskatu genuen.

Eta hortxe agertu zen zuloa.

Ia 100.000 inguruko zorra. Egoera horri buelta ematen ia hiru urte pasa ditugu. Ez genuen nahi gure ondorengoek, gu izan edo ez, arazo horrekin hartzea Euskadiko Pilota Federazioa. 

Behin arazoa bideratuta, erraza ematen du, ezta?

Baina ez da horrela izan. Adibidez: gu sartzearekin batera, bat-batean eta gauetik goizera, Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluaren diru-laguntzarik gabe geratu ginen. 45-47 mila euroz ari gara hitz egiten, 400.000 euroko aurrekontu batean. Horri lehen aipaturiko zorra gehitzen baldin bazaio… Egonezin handiarekin ibili gara.

Zergatik kendu zuten federazioari ematen zioten diru-laguntza?

Oraindik azalpenen zain jarraitzen dugu. Baina ez da harritzekoa. Esan genien zenbaki zehatzak nahi genituela Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluaren diru kontuak nola dauden jakiteko. Oraindik zain jarraitzen dugu. Azkenean, 3 urte pasa ondoren, epaitegien bidez eskatu ditugu datu horiek. Horrela, behintzat, zenbaki horiek jakiteko aukera izango dugu. 

Baina Euskadiko Pilota Federazioa ez al da Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluko bazkidea?

Bazkidea baino gehiago da: sortzailea.

Nola ulertzen da hori?

Oso gogorra da, baina errealitatea hori da. Horrek erakusten du erakunde hori kudeatzen duten hainbat pertsona zertarako dauden, eta zer duten ezkutatzeko. Gure diru publikoarekin funtzionatzen duen erakunde batekin horrela ibili behar izatea ere…

Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluaren finantzaketa, %100, Eusko Jaurlaritzaren esku dago. 

Hori da. Munduko hainbat herrialde bertako bazkideak dira, baina ez dute xentimorik jartzen. Eusko Jaurlaritzak jartzen du dena, hau da, guztion dirua da.

Gero itzuliko gara federazioaren eta kontseiluaren arteko harremanetara. Aurrez, ordea, goazen pilotaz hitz egitera. 

Hiru urte hauetan, gauza oso interesgarriak eta garrantzitsuak jarri dira martxan elkarlanean. Gure egutegian txapelketa gehiago sartu ditugu: emakumeen elite mailako palako txapelketa, edo zesta punta eta pala Euskal Herriko herriartekoan. GRAVNI txapelketan, Ipar Euskal Herriko pilotariek inongo arazorik gabe jokatu dute azken bi urteetan.

Eta nola ez, Xistera proiektua. 

Zesta puntaren egoera oso larria zen. Zerbait egin beharra zegoen, bai edo bai. Gernikan oso foro garrantzitsu bat egin genuen duela bi urte eta erdi, zesta puntako agente guztiekin, eta indarrak elkartu beharra zegoela ikusi genuen. Xistera Elkartea martxan jartzea erabaki zen orduan. Historian lehen aldiz, hainbat elkarte elkarrekin aritu dira lanean. Elkarte ugaritako ordezkariek osatu dute zuzendaritza, eta zirkuitu bat jarri dute martxan, hainbat torneo edo txapelketekin. Tolosan ere jokatuko da urte amaieran. Egun, nahiko ondo bideratuta dagoen proiektua da. Eredugarria izan da, eta horregatik, palarakin ere antzeko zerbait egin nahi dugu.

Euskal Selekzioarekin ere hara eta hona ibili zarete.

Ekitaldi batzuk egin ditugu pilota modalitate desberdinetan. Adibidez, Mexikoren aurkako lau jaialdiak, edo Valentziaren aurkako partidak.

Euskal selekzioa, Xistera eta ekonomikoa. Horiek sortu dute federazioaren eta kontseiluaren arteko ika-mika. 

Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluaren batzar nagusia izan genuen duela ez asko. Euskadiko federazioaren ordezkari bezala ni joan nintzen. Gai zerrendan aurrekontuari zegokion puntu bat zegoen. Guk aurrekontu alternatibo bat aurkeztu genuen. Aurrekontu horretan eskatzen genuen Euskal Selekzioari eta Xistera proiektuari laguntza emateko. Kontseiluko presidenteak ez zuen ezer egin puntu horiek aurrera ateratzeko, eta gure proposamena atzera bota zuten beste herrialdeen botoekin.

Txema Aldamiz-Etxeberria da kontseiluko presidentea. 

Euskadiko Pilota Federazioaren babesean iritsi zen postu horretara. Gure proposamena aztertzeko saiakerarik ere ez zuen egin. Guk eskatzen genuena ezin baldin bazen bere osotasunean eman, bideratu zezaketen laguntzaren bat gutxienez. 


Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluaren aurrekontua, %100, Eusko Jaurlaritzak jartzen al du?

Bai. 2006an sortu zen Euskal Pilotaren Munduko Kontseilua, Nazioarteko Federazioari aurre egiteko, eta nazioartean Euskal Selekzioa bultzatzeko. Helburu nagusia hori zen. Gaur egun, eta baita azken urteetan ere, arlo hori da gutxien jorratzen dena kontseiluan.

Berriro lehengo galdera berdina: Nola ulertzen da hori?

Hori ulertzea oso zaila da. Dirua guk jartzen dugu, guk sustatzen dugu erakundea, eta martxan jartzen denean, zertarako? Ez da erraza ulertzea nola dagoen martxan. Ondorioa argia da: txiringito bat izango balitza bezala funtzionatzen du, pertsona batzuen interesetara.

Kontua da federazioaren eta kontseiluaren arteko ika-mikak zipriztindu dituela beste erakunde batzuk ere. Horren adibide argia da CIJB (Confederation Internationale du Jeu de Balle) erakundeak zabaldu duen oharra. 

Nik publikoki gertatzen ari zena salatu nuenean, Txema Aldamiz-Etxeberriak prentsa ohar bat zabaldu zuen. Beste hainbat gauzen artean, CIJB-eko joko zuzeneko pilota modalitateak ez zirela euskal pilota esan zuen. Eta hori oso hanka sartze handia izan da.

Eta hortik etorri da CIJBren erantzuna. 

Jose Daniel Sanjuan CIJBeko presidenteak erantzun dio Txema Aldamiz-Etxeberriari. Sanjuan Valentziako Pilota Federazioko presidentea ere bada. Kaltetuak sentitu dira, eta pilotaren historia nondik datorren eta zer esan nahi duen argitu diote Txema Aldamiz-Etxeberriari.

«Oso tristea da Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluko zuzendariek, euren pilotaren, euskal pilotaren inguruan duten ezjakintasuna ikustea. Nahikoa da Euskal Herriko lehen pilota partiden inguruko ahozko edo idatzizko dokumentuetara joatea, baieztatzeko, lehendabiziko joko zuzenak Boto Luzea, Laxoa eta Pasaka izan zirela. Eta gainera, herritarren artean ezagunenak ziren». Jose Manuel Sanjuan-en hitzak, besteak beste, hauek dira. 

Dena esanda gelditzen dela uste dut. Gure historia nondik datorren ez dakigu, eta Valentziatik azaltzen digute… Txiste bat ematen du, baina errealitatea da. Horrek erakusten du pilotarentzat mesedegarriak ez diren pertsonak direla Euskal Pilotaren Munduko Kontseiluko arduradunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!