Andoni Zubeldia fitxatu du Tolosa Eskubaloiak

Asier Imaz 2016ko uztailaren 26a

Denboraldi-aurreko lehen partida abuztuaren 20an, larunbatez, jokatuko du talde urdinak etxean, Anaitasunaren aurka.

Tolosa CF Eskubaloiak taldea osatzen jarraitzen du, denboraldi berriari ekiteko. Duela bi aste bi jokalariren fitxaketa iragarri zuten urdinek: Eibarren jokatzen ari ziren Lander Casado eta Mikel Zuloaga. Aste honetan, hirugarren fitxaketaren berri eman dute Tolosa CF Eskubaloitik: Andoni Zubeldia Usurbilgo jokalaria. Iazko ligako azken partidan Tolosan jokalari hau ikusteko aukera izan zen. Maila politeko hegaleko jokalaria da, eskuinean nahiz ezkerrean joka dezakeena. Horrez gain, oraindik beste bi fitxaketa egin nahi dituzte urdinek, 18 jokalariz osaturiko taldea edukitzeko.


Bestalde, denboraldi-aurreko lehen partida abuztuaren 20an, larunbatez, jokatuko du Tolosa Eskubaloiak, Anaitasunaren aurka. Bigarren norgehiagoka abuztuaren 25erako prestatu dute. Egiaren aurka jokatuko dute tolosarrek. Abuztuaren 27an Torrelavegara joango dira urdinak, bertako txapelketan parte hartzera, Gijo-Torrelavegarekin batera. Hileko azken egunean Zarautz-Tolosa partida jokatuko da. Bigarren mailako bi taldeen arteko lehen partida izango da. Ondoren, ligan berriro ere elkarren aurka jokatzea tokatuko zaie. Egutegia asteazken honetan argitaratuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!