Lehen atontzea biribilduta

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 26a, 10:00

Tolosako Ferialekua eraberritzeko lehen lanak amaitzear dira; segurtasuna bermatu dute, eta irailetik aurrera barne-egitura moldatzen hasiko dira.

Pare bat hilabetean, San Esteban auzoko Ferialekuak itxuraldatze txiki batzuk jasan ditu. Herritarrentzat bereziki deigarriak ez, akaso, baina, udal arduradunek azaldu dutenez, herri-segurtasunarentzat ezinbesteko zirenak.

Osoko bilkura batean onarturiko erabakiaren bidetik, eraikina eraberritzeko aurrekontu bat bideratu, eta lehen zatia amaitzear da jada; irailean jarraituko dute gainontzeko lanekin.

Lehentasunezko betebehar bat zuten langileek, Ferialekuan sartu bezain pronto: sabaia konpontzea. Hala azaldu du Patxi Amantegi alkateordeak, haren egoera kaskarra nabarmenduz: «Uralita zegoen eta, gainera, itute handiak zeuden. Horrela, teilatu hori moldatzen hasi aurretik, tratamendu berezi bat eman behar izan zaio, noski, amiantoa baitu».

Behin hartu beharreko neurriak hartuta, sandwich egitura bat jarri dute lehengo teilatuaren gainean, eta erretenak ere berritu dituzte langileek.

Oinarri-oinarrizko lehen esku-hartze horren ondoren, San Esteban auzoko bizilagunen eskari bati erantzun nahi izan dio udal gobernuak, Amantegik azaldu duenez: «Auzo elkarteak Ferialekuan zuen txokoa eraberritzeko beharra ikusten zuten eta, beraz, uralita egokitzen baliatutako aurrekontua uste baino baxuagoa izan denez, auzo elkarteko teilatu eta hodiak ere eraberritu ditugu». Horrekin batera, anbulatorio aldameneko sarrerak duen aterpetxoa ere egokitu dute azken asteotan.

LEIHOAK, ARRISKU ITURRI

Eraikineko teilatuarekin batera, Ferialekuko leihoak eraberritzea lan garrantzitsuenetakoa izan da. «Kristalak perfil batzuen barruan sartuta zeuden eta, perfil horiek herdoildutakoan, puztu, eta kristalak lehertu egiten ziren», Amantegiren arabera.

Horrek, noski, herritarren segurtasuna arriskuan jartzen zuen, leiho zatiak kalera ere erortzen baitira. Horrela, azken urteotan segurtasun sare batzuen bidez estalita izan dira Ferialekuko leihoak.

Konponketen bidetik, kristalak eta haien egitura kendu, eta polikarbonatozko xafla erraldoi batzuk ezarri dituzte leihoen guneetan; transluzidoak dira, eta arriskurik sortzen ez duen materiala da, udal ordezkariaren hitzetan.

IRAILEAN, GEHIAGO

Hiru gune bereiz litezke, gaur egun, Tolosako Ferialekuan. Batetik, espazio handiena dago, zutaberik eta hormarik ez duena. Jarraian du bigarren zati handiena, Ferialekuari gerora itsatsia izan zena; zutabez betea dago. Azkenik, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak eta Brigadak erabili izan dituzten guneek osatzen dute nabe erraldoia.

Egin berri dituzten lanekin amaituko dute ikasturtea, baina, irailetik aurrera, proiektuak aurrera jarraituko du, barne-espazio guztia berregituratuz.

«Bigarren zati horretan, ezinbestean bermatu beharreko bi gauza daude eta, beraz, horiei begirako neurriak hartuko ditugu», azaldu du alkateordeak.

Lehenik eta behin, Erraldoi eta Buruhandien konpartsarentzat txoko duin eta erabilgarri bat egokituko dute, urte osoan barrena bertan entseguak egin ditzaten: anbulatorio aldeko zatian horma bat eraikiko dute horretarako, espazio propio bat sortuz.

Bigarren premisa, ordea, Ferialekua inauterietako prestakuntzetarako erabilgarri izatea da; hau da, gutxienez, orain arteko azalera berbera izatea, karrozen lanetarako. Konpartsari gune berri bat eskaintzeak Ferialekuko azalera berregituratzea ekarriko du eta, horrenbestez, eraikineko horma guztiak eraitsiko dituzte, guztia espazio bakar eginez. Aipatzekoa da, gainera, Bonberenea aldeko sarreratxoari ere itxitura jarriko diotela, espazio gehiago eskuratzeko.

«Kirol eta kultur jarduera asko daude Tolosan, baina espazio gutxi», beraz, Ferialekua altxortzat du Amantegik, hainbat irtenbide eskaintzen baititu: «Erabilera anitzeko gune bilakatu nahi dugu, batzuek zein besteek erabil eta probestu dezaten. Leku aproposa da, altuera handiarekin, baina inbertsioa eskatzen du».

Bide horretan, orain arte Ferialekuan buruturiko obra eta eraberritzeek 184.000 euroko inbertsioa ekarri diote Tolosako Udalari.

LEHENTASUNEZKOAK

1- Sabaia. Amiantoa estaltzeko tratamendua eman, eta sandwich estalkia ezarri dute.

2- Auzo elkartea. Bizilagunen eskariei jarraituz, auzo elkarteko teilatu eta hoditeria ere berritu dituzte.

3- Sarrerako estalpeak. Anbulatorio aldeko sarreran, estalpetxoei teilatu berria ezarri diete.

4- Leihoak. Egoera kaskarrean zeuden, kristalak lehertu eta kalera erortzen baitziren sarri. Polikarbonatozko xafla erraldoiak ezarri dituzte orain, Ferialekuko lehen zatiko leihoen ordez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!