«Oro har, hemen Olinpiar Jokoengatiko poza gailentzen dela esango nuke»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 24a, 10:00
Arantxa Aranburu tolosarrak urte eta erdi darama Sao Paulon bizitzen.

Jaurlaritzaren egitasmo batek Sao Paulo ezagutzeko giltza eman zion, eta urte eta erdiz jardun du bertan, lanean. Brasilgo finantza erdigunetik Olinpiar Jokoen egoitzara kilometro errenkada luzea dagoen arren, Arantxa Aranburuk (Tolosa, 1989) badu zer kontatua, Rio de Janeiroren itxuraldatzeaz.

Urte eta erdi daramazu Sao Paulon bizitzen. Nolatan?

Eusko Jaurlaritzako nazioarteko programa baten bitartez etorri nintzen. Gazte lizentziatuei begirako egitasmoa da, eta bi urtez nazioarteko esperientzia bat bizitzea da helburua, mundu hori ezagutzeko eta, bide batez, euskal enpresei atzerrian laguntzeko. Horrela, lehen urtebetea Eusko Jaurlaritzak Sao Paulon duen bulego komertzialean egin nuen, eta aurten hemen egoitza duen Derioko (Bizkaia) enpresa batean ari naiz nazioartekotasun proiektu bat lantzen, beren merkatua hemen zabal dadin.

Zein ikasketa burutu zenituen Euskal Herrian?

Ingeniaritza ikasi nuen Mondragon Unibertsitatean, eta master bat ere egin nuen bertan. Master horren bitartez, sei hilabeteko egonaldia egin nuen Suedian, eta esperientzia hura ezagututa, kanpora joateko grina nuela ikusi nuen, lanera edo ikastera. Jaurlaritzaren egitasmo hau ikusi nuenean aukera bat iruditu zitzaidan, eta informazioa eskuratu nuen segituan. Hainbat proba pasatu nituen elkarrizketa, hizkuntza proba, test psikoteknikoa, eta lau hilabeteko formakuntza bat ere jaso genuen Bilbon. Saio horietako kalifikazioaren arabera zerrenda bat osatzen dute eta, norako bat edo bestea aukera daiteke. Guztira 65 norako daude, mundu osoan barrena, eta ni Brasilera etorri nintzen.

Tolosako eta Suediako errealitateen alboan, oso bestelakoa al da Sao Paulokoa?

Egia esan, nire eguneroko bizitza oso antzekoa da, bai Tolosan, bai Suedian eta bai hemen. Lanera joan, bazkaldu, arratsaldean lanera itzuli, irtendakoan kirola egin,... Bizimodua oso antzekoa da, eta lagunarteko ohiturak Euskal Herriko berberak dira ia: zerbait hartu, bazkari-afariak egin, parranda,... Gehien aldatzen dena ingurua bera da, hiria sekulakoa baita, oso-oso handia. Metropoliak, guztira, 20 milioi biztanle ditu eta, horregatik, distantziak ere oso handiak dira. Klima ere desberdintasunetako bat da, batez ere Suediarekin alderatuta; hemen, ia urte osoan udan bizi dira. Bestalde, segurtasuna ere bestelakoa da hemen, zenbait auzotara ezin da osteratxo bat lasai ematera joan; dena den, niri ez zait sekula ezer gertatu. Egia esan, Tolosako bizimodua hemengoarekin desberdintzen duena bidaiak dira, leku asko ezagutzeko aukera izan baitut: Brasilgo txoko asko, Argentina, Peru eta Bolivia.

Sao Paulo Brasilgo enpresa-hiriburua da, ezta?

Bai, Brasilgo finantza zentroa da, erdigune ekonomikoa; multinazional guztien egoitzak Sao Paulon daude. Hiriburua, berez, Brasilia da, baina hura administrazio hiria da, erakunde ofizialena: diplomatikoak, enbaxadak eta abar.

Badira jada, zenbait hilabete, komunikabideak Brasilera begira jarri zirenez geroztik. Futboleko munduko kopa izan zen, lehenengo, eta Olinpiar Jokoak, orain. Komunikabideen esanei jarraituz, kanpotik begiratuta egoera polemikoa dirudiena, nola bizi dute brasildarrek?

Nik esango nuke bi joera nagusi daudela brasildarren artean. Batzuek, «hau desastre hutsa izango da» pentsatzen dute, eta Brasilek oso irudi txarra emango duela, nazioartera begira. Beste asko, aldiz, pozarren daude, harro, Brasil izango delako Olinpiar Jokoen Hego Amerikako lehen egoitza. Dena den, Sao Paulon Olinpiar Jokoena ez da ahoz ahoko gaia. Duela gutxi Rio de Janeiron izan naiz, ordea, eta han bai, han gaia hizpide da, eta edozein lekutan ikus daiteke jokoen inguruko publizitatea: tabernetan, taxietan,...

Pixka bat kokatzeko, zenbat kilometrok bereizten ditu bi hiriak?

Hegazkinez ordubete inguru dago eta, autobusean, berriz, sei ordu inguru; zehazki, 430 kilometrok bereizten ditu.

Olinpiar Jokoetako azpiegiturak, uraren kutsadura, giro politiko nahasia, ustelkeria,... Guztia nahastu dela dirudi, ozeanoz bestaldetik begiratuta. Brasildarrek jarrera kritikoa dute egoera horrekiko ala, egiazki, handik kanpo gaiak garrantzi handiagoa hartu du?

Hemen, ustelkeriari lotutako eskandalu handiena Petrobras-ena izan da. Noski, Olinpiar Jokoen inguruan ustelkeria egon dela eta egongo dela onartu dute hemen, baina, Petrobrasen kasuarekin alderatuta, jokoen inguruko polemika ez da hainbesterainokoa izan.

Gainera, ez da ahaztu behar Rio de Janeiro Olinpiar Jokoen egoitza izatea lortu zutenean 2009. urtea zela. Garai hartan Brasil egoera ekonomiko onean zegoen, indartsu eta hazten eta, orduko presidente Lula Da Silvak apustu handia egin zuen, Brasil nazioartean ikustarazteko, bai Munduko Koparekin, bai Olinpiar Jokoekin. Orain, egoera ekonomiko eta soziala aldatu denez, erraza da jokoei kritika egitea, eta horrek kritiken kritika ere sortu du: «Duela sei urte denok pozik geunden Brasil hazten ari zelako, eta erreferente bilakatzen ari zelako, eta orain errazena hori guztia gaitzestea da», diote zenbait brasildarrek.

Hala ere, oro har, hemen jokoengatiko poza gailentzen dela esango nuke.

Eta, jokoen aurkako jarrera dutenek, zein argudio darabiltzate?

Desberdintasun sozialena ukaezina da, eta Brasilen arazo larri bat da. Batzuek Olinpiar Jokoak hiria eraldatzeko aukeratzat ikusten dituzten bezala inbertsio, azpiegitura berri eta turismoagatik, beste askok aurkako iritzia dute. Antolatzaileei egindako kritikak bide horretatik doaz, hain zuzen, brasildar askok uste baitute, Olinpiar Jokoak baliatzen ari direla, desberdintasun sozial horiek ezkutatzeko. Eta, adibiderik ere bada, Rioko errepide nagusi baten ertzean panelak ezarri baitituzte, fabela bat estaltzeko.

Hala ere, Brasilen hainbeste arazo daudenez, bai presidentearekin, bai beste hainbat aferarekin, uste dut Olinpiar Jokoen auzia bigarren maila batean geratu dela. Ez dut uste jokoekin gustura ez daudenak mobilizatzen hasiko direnik; ez dira probak ikustera joango, edo ez dute Brasilgo elastikoa jantziko, besterik gabe. Duela zenbait hilabete, adibidez, olinpiar zuzia Brasilera iritsi zen, eta hiriz hiri pasatu zuten sua. Horren harira, Facebooken zenbait ekitaldi ikusi nituen, esaterako, olinpiar sua itzaltzeko dei eginez. Baina hortxe geratu zen, eta kontu anekdotikoa iruditzen zait.

Kezka edo arazo handiagoak dituzte une honetan, beraz.

Bai, hori da. Adibidez, Dilma Rousseff presidentea gobernutik kanpo dago orain, behin-behineko, ikerketa osatu eta epaiketa egin arte. Rio de Janeiroko hiritarren kezka nagusia epaiketaren data zen, Olinpiar Jokoekin bat egiten baitzuen berez. Azkenean, lortu dute epaiketa egunez aldatzea, eta uste dut abuztuaren 22an izango dela, jokoak amaitu eta gero. Eta, jokoei begira, bertakoen kezka nagusia segurtasunari eta trafikoari begirakoa dela esango nuke.

Rio de Janeiron izan berri zarela aipatu duzu. Hiria azken prestakuntzetan bete-betean izango da, ezta?

Bai, egia esan, bai. Publizitatea, kartelak, tabernetako iragarkiak,... Nabari da jendea prest dagoela jokoetarako. Hori bai, hiri osoa hankaz gora dago, erabat. Obretan ari dira edonon, eta oraindik amaitzeke daude metroko laugarren linea eta autobus express zerbitzua. Guztia azken unean egiten ari dira, baina, egia esan, hori ez da harritzekoa hemen; beren kulturaren zati da, eta presiopean funtzionatzera ohituak daude. Baina, bueltan-bueltan, beti ondo ateratzen da dena: dá certo edo jeitinho brasileiro deitzen diote hemen. Denok genekien hori gertatuko zela, horrela bizi direlako; bestela ez du emoziorik [barreak].

Google bilatzailean Brasilgo Olinpiar Jokoen inguruko bilaketa bat eginez gero, zika birusarekin erlazionaturiko hainbat albiste irakur daitezke. Larrialdi egoera hainbesterainokoa al da han, edo egoera kontrolpean da jada?

Zikaren kontua Brasildik kanpo asmaturiko parafernalia bat da, guztiz. Nik ez nekien ezer zikari buruz eta, bat-batean, gurasoak eta lagunak idazten hasi zitzaizkidan, zika birusaz galdetuz, ondo ote nengoen kezkatuta. «Zer da hori?», erantzun nien nik, eta zertxobait ikertzen hasi nintzen. Orduan ikusi nuen, kanpotik zika birusari buruz idatzitako albisteak askoz ere gehiago zirela, Brasilen bertan idatzitakoak baino. Adibidez, denge birusa askoz ere kezkagarriagoa da zika baino, eta Brasilgo egunerokoan arazo handiagoa da. Zikak hemen ez du inor kezkatzen, ez Olinpiar Jokoetan, ez urteko gainerako egunetan. Haurdun dauden emakumeentzat kezkagarri samarra da, baina dengea askoz ere okerragoa da, eta askoz ere jende gehiago kutsatzen da, Brasil osoan barrena.

Urte eta erdiren ondoren, Euskal Herrira zatoz laster. Zer irakatsi dizu egonaldi honek?

Gauza asko irakatsi dizkit, batez ere, maila pertsonalean. Zer gertatuko zaizun ez jakiteak sortzen duen zalantza hori kudeatzen ikasi dut, izan ere, hona iritsi eta bakarrik zaude, portugesa jakin gabe, eta etxe bat bilatu behar duzu. Beraz, norbere babak eltzetik ateratzen ikasteko esperientzia bikaina da.

Itzuli aurretik, ordea, Olinpiar Jokoak ezagutuko dituzu.

Bai, abuztu hasieran asteburu-pasa egingo dut han, eta Rio de Janeiro orduan agurtuko dudala uste dut. Kirol probaren bat ikustera joango naiz, ziur, baina sarrera asko eskuragarri daude oraindik eta, beraz, uste dut han bertan erosiko ditudala. Zerbait desberdina ikusi nahiko nuke, exotikoagoa, esgrima edo horrelako zerbait [barreak], baina oraindik ez dakit zer ikusiko dudan. Eta, gainerakoan, hango giroa ikusi, hondartzan egon, funky pixka bat dantzatu eta buelta egingo dugu!

Eta, amaitzeko, nahitaezko galdera Brasilen bizi den tolosar batentzat: Rio de Janeiroko inauteriak hain onak al dira?

Bai, bai, hala dira. Ez dakit munduko onenak diren, ez dut uste [barreak]. Baina, bai, sekulako jaia da, eta ez du zerikusirik Tolosakoekin, noski. Sekulako beroa egiten du, eta jende izugarri elkartzen da, beharbada gehiegi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!