Mikel Arruabarrenak ez du Hong Kong-en jokatuko

Asier Imaz 2016ko uzt. 21a, 12:08

Futbol jokalari tolosarra etxean da, Hong Kong-eko esperientzia zapuztu ondoren. Eastern taldean jokatzekoa zen Arruabarrena, baina bost egunetan gauzak goitik behera aldatu dira.

Iragan astean joan zen Mikel Arruabarrena Hong Kong-era, bertako ligan Eastern taldearekin jokatzera. Fitxaketa, ordea, bertan behera geratu da, bi aldeen arteko hitzarmena eten ondoren. Arruabarrena berriro ere Tolosan da, etxean. Futbol merkatuari begira dago 33 urteko aurrelaria, eta espero du aukeraren bat etorriko dela.

"Hong Kong-era iritsi eta taldea Asiako Txapeldunen Ligatik kanpo utzi zutela jakin nuen. Dirudienez, babesle nagusia kasino garrantzitsuren bat zuzentzen duen pertsona zen, eta kontu batzuk zituen. Gauza zera da: taldea txapeldunen ligatik at utzi zutela. Orduan, babesle nagusi honek esan zuen ez zuela taldea babestuko. Eastern talde polita egiten ari zen, baina presidenteak esan zuen ez zituela fitxak bere gain hartuko baldintza horietan. Ondorioz, hitzarmena etetea beste aukerarik ez genuen izan. Alde horretatik garbi eta azkar jokatu dute, eta hori eskertzekoa da".

Abuztuaren amaiera arte beste talderen batekin fitxatzeko aukera izango du Arruabarrenak, futbol merkatua orduan itxiko baita. Esperantzarekin eta lasai dago tolosarra, aukeraren bat iritsiko dela uste baitu: "Merkatuari begira egotea geratzen zaigu". Aurrelariak ez du kanpora joateko aterik ixten, baina Eastern-era itzultzea ez da aukera horien artean sartzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!