Ondo gordeko duten gerriko beltza

Asier Imaz 2016ko uzt. 21a, 13:34

Intza Egizabal eta Iñaki Lakunza tolosarrek 16 urte bete berri dituzte; ekainaren 25ean judoko azterketa garrantzitsua egin zuten, eta gainditzea lortu zutenez, falta zitzaien kolorea lortu zuten.

Iñaki Lakunza eta Intza Egizabal tolosarrek orain arteko gerriko guztiak, hartu bezala utzi dituzte irakaslearen kaxan. Orain lortu dutena, ordea, ez dute askatuko. Hori etxean ondo gordeko dutela diote biek irribarrez. 16 urterekin ez da ohikoa judoan gerriko beltza lortzea. Lakunzak eta Egizabalek amets hori gauzatu dute. Ekainaren 25ean egin zuten hiru atal zituen azterketa. «Marroira bitarte irakasleak ematen ditu gerrikoak. Elkarte eta entrenatzaile bakoitzak bere puntuazioa izaten du kolorez aldatu ahal izateko. Beltza lortzeko, ordea, epaimahai baten aurrean jarri eta azterketa bat egin behar duzu», azaltzen du Intza Egizabalek. «Lehenik beste gerriko guztiak lortu behar dira, eta marroira iristen zarenean, 3 urte pasa behar dituzu lizentziak lortzen, beltza lortzeko azterketa egin ahal izateko», gaineratzen du Iñaki Lakunzak. Horren arabera, Tolosako bi judoka hauek 13 urterekin lortu zuten gerriko marroia!

Aurrez, txuria, horia, laranja, berdea eta urdina erori ziren. Tartean, bi kolore dituzten gerrikoak ahaztu gabe: txuria eta horia, horia eta laranja… «Ez da zaila kolorez aldatzen joatea. Horretarako eskoletara azaltzea nahiko da. Benetako koska marroitik beltzera dago», dio Lakunzak. «Marroia lortu eta beltza ateratzeko prestatzen hasi ginen; ahalik eta azkarren lortu nahi genuen». Eta horrek badu bere arrazoia, Egizabalek azaltzen duen bezala: «Askok nahi izaten dute beltza lortu, baina ez die denborarik ematen. Ikasketak eta unibertsitate garaia etortzen zaie. Horrela prestatzea oso zaila da. Horregatik atera nahi genuen azkar».

AZTERKETA EGUNA

«Txikitako ametsa» Tolosako Kuadrilla Egunean bete zuten, Egizabalek ondo gogoratzen duen bezala. «Ez da orain prestatu dugun zerbait, txikitatik datorren kontua da. Azterketari begira azken urte t'erdian aritu gara gogor entrenatzen». Judoa bezala azterketa ere binaka egiten denez, elkarrekin egin zuten, eta oso urduri zeudela onartu dute biek. «Posible da batek ateratzea eta besteak ez, baina normalean biek lortzen dute azterketa gainditzea edo ez, berdina prestatu dutelako». Oraingoan, aurrean ez zuten euren irakaslea, hiru-lau lagunez osaturiko epaimahaia, baizik. Hiru atal zituen azterketak, eta teorikoarekin hasi ziren: «Ez dauka zailtasun handirik. Ikasita joaten zara, eta gauza praktikoak galdetzen dizkizute. Ahozkoa izaten da». Urduritasunak, beraz, ondorengo bi ataletan etorri ziren. «Bigarren ariketan zure giltza izarra edo maitatua egin behar izaten duzu, behin eta berriz, epaimahaiak 'nahikoa da!' esan arte». Giltza modu desberdinetara egin ondoren, hirugarren atalera pasa ziren: «Giltza desberdinak modu antolatu batean egin behar izaten dira; bost taldetan antolatuta, hiru giltza bakoitzean». Behin egin beharrekoak eginda, emaitzaren zain geratu ziren bi tolosarrak: «Gustura geratu ginen egindako azterketarekin, nahiz eta akats batzuk egin».

Emaitzak emateko garaian judoka guztiak ilaran jarri zituzten epaimahaiko kideek, eta bakoitzari berea eman zioten. Tolosarren kasuan, gerriko beltza. «Poz handia sentitzen duzu. Ibilbide baten eta ordu askoko lanaren emaitza jasotzen baituzu. Txikitan judoan hasten zarenean eta zaharragoak gerriko beltzarekin ikusten dituzunean, 'nik ere hori nahi dut' esaten duzu. Eta behin lortuta, ametsa lortu duzula konturatzen zara».

HURRENGO KOLOREA

Ez dago hurrengo kolorerik judoan, baina beltz maila desberdinak daude. Horrek azterketa gehiago esan nahi du, eta oraingoz, bi tolosar gazteek ase gelditu direla diote. Jakitun dira gerrikoan dutena kolore bat besterik ez dela, eta lehiaketetan koloreak bakarrik ez duela irabazten. Pisuaren eta adinaren araberako taldeetan parte hartzen dute, eta beste koloreen aurka lehian ibiltzea tokatuko zaie. Intza Egizabal 63 kilo azpitik ibiltzen da eta Iñaki Lakunza 66en azpiko mailan. Koloreari baino kirolari ematen diote garrantzia, eta oraingoz horretan jarraitu nahi dute. «Entrenamenduetan lagunartean gaude, eta kanpora joaten garenean lehiatzera ere lagun berriak egiten dituzu. Hori oso polita da, eta judoan aritzeko arrazoi nagusia hori da. Gero unibertsitatea eta abar etortzen direnean ikusiko dugu zer egin». Ez da erraza judoaren munduan aurrera egitea, eta hori beraiek inork baino hobeto dakite: «Gure adinean egunero entrenatzen ibiltzen den jendea dago, eta hori asko nabaritzen da. Guk astean hiru entrenamendu egiten ditugu. Japonia, Mongolia, Frantzia… herrialde horietan judoak beste garrantzi bat dauka, beste mundu bat da. Horiekin ez dago alderatzerik. Judoarekin guk dugun loturak gozamenarekin zerikusi gehiago dauka, lehiarekin baino».

ZER DA JUDOA?

Lakunza-Egizabal: «Jendeak pentsatzen du judoa elkarri jotzea dela. Baina ez da horrela. Beste arte martzial batzuetan elkar joka ibiltzen dira, baina judoan bestea bota behar izaten duzu; bestearen indarra erabili behar duzu lurrera botatzeko, bere mugimenduak aprobetxatuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!