«Euskal taldeen ordezkari gara eta mundu mailan gure lana eskaintzeko prest gaude»

Irati Saizar Artola 2016ko uzt. 20a, 08:00

Tolosako Kup Taldea datorren urtean ospatuko den XI. Mundu Mailako Abesbatzen Simposiumerako hautatua izan da.

Erronka berrirako gogoz eta ilusioz daudela adierazi du Aitor Imaz Kup Taldeko lehendakari tolosarrak. Mundu osoko 24 taldek pasa dute hautaketa proba eta Bartzelonan elkartuko dira 2017ko uztailaren 22tik 29ra. Hiru kontzertu eskainiko dituzte hiriburuko hainbat txokotan; tartean, euskaraz eginiko 6 obra estreinatuko dituzte.

Kokatzeko, zer da Mundu Mailako Abesbatzen Simposiuma?

Hiru urtez behin, nazioarteko abesbatzen federazioak (IFCM) antolatzen du mundu mailako kongresu bat, Simposium deiturikoa. Munduko puntaren batean izaten da beti, besteak beste, Sydney, Vancouver, Kopenhage, Patagonia eta azkena Korean izan da 2014an. 2017an Bartzelonan tokatzen da. Bertan elkartzen da abesbatzako gure mundu honetan erreferente den jende guztia: hala nola, konpositoreak, zuzendariak eta editoreak. Mundu mailako egungo erreferenteen elkarretaratzea bezala definituko nuke.

Zer prozesu jarraitzen da Simposiumean parte hartzeko?

Aipaturiko federazio honek abesbatzen hautaketa bat egiten du. 2017 honetarako 24 abesbatza izan gara hautatuak eta horien artean abesbatza profesionalak eta amateurrak aurkitzen dira. Eta gu, amateurren taldean kokatzen gara. Guretzako, lortu daitekeen gehiena da. Azken finean, talde amateur bat izanda, ilusioa egiten dizu. Izena ematea pentsatu genuen, programak aurkeztea eta zer gertatuko zen ez genekiela geunden.

Nola jakin zenuten hautatuak izan zaretela?

E-mail baten bidez. Mezua jaso genuenean lanean jarraitzeak zenbat merezi duen konturatu ginen. Guretzako sorpresa bat izan da eta aldi berean, baita erronka ere. 24 taldetik bi abesbatza katalan doaz, biak haurrenak eta gero Espainia guztitik gu soilik goaz. Konpromisoa hor dago eta lana ondo egin beharra daukagu. Mundu guztiko 160 talde inguru aurkeztu gara. Talde bakoitzak bi programa aurkeztu behar ditu eta hautatuak izan gara. Gure taldean nolabaiteko konfiantza dagoen seinalea dela uste dut nik.

Zer motatako programak aurkezten dira?

Simposiumak aldiro lema bat proposatzen du. Datorren urtekoa, The colors of peace, bakearen koloreak deiturikoa da eta lema horri jarraiki programa bat osatu behar da. Kasu honetan, programa batek 40-45 minutu iraun behar zituen eta besteak 20-25 minutu. Lehena, zuzendariak hautatutako programa bat da, egia esan, gure estiloan, nahiko klasikoa, zuzendariaren isla baikara gu eta potentzia handiko programa prestatu digu. Eta bigarren programa, pixka bat airean geratu zitzaigun eta enkarguz egitea pentsatu genuen. Azkenean, egun, euskal abesbatza musikan konpositore erreferente diren gure sei lagunei eskatu genien Simposiumerako programa idazteko; Jabier Busto, Xabi Sarasola, Eva Ugalde, Junkal Guerrero, David Azurza eta Josu Elberdinena izango da lana. Guretzako ere polita da sei obra berri estreinatzea eta gainera, euskaraz. Mundu mailako kongresu batera goaz eta gure zerbait eraman nahi genuen. Betiko folkloretik urrundu asmoz sortu zen ideia.

Denbora baduzue aurretik, baina, nola doaz prestaketa lanak?

Urte bat daukagu aurretik, baina, dagoeneko nahiko beteta daukagu guztia. Urriaren 31an Santa Klaran izango gara, Tolosako abesbatza lehiaketaren barnean kontzertu berezi bat eskainiko dugu. Momentuz, hori prestatzen ari gara. Gabonetarako ere kontzertu berri bat egingo dugu, programa berri batekin eta ondoren, Bartzelonarako bi programa berri horiek ikasi behar ditugu. Beraz, urte hau nahiko indartsu datorkigu.

Gure plangintza, ordea, apur bat arraroa da. Hilean behin soilik elkartzen gara entseguak egiteko, hileko igande batean. Gurea, ez da astean bitan entseatzen duen ohiko abesbatza bat. Euskal Herri guztiko jendea gaude taldean eta horrek mugatzen gaitu. Zuzendaria ere, Gabriel Baltès, Luxenburgotik etortzen da. Beraz, beste mota bateko plangintza dugu, ezinbestean.

Bartzelonan egongo zareten astebete horretan zer egingo duzue zehazki?

Oraindik zehaztu gabe dago programazioa, baina, Palau de la Musica, L'Auditori, Santa Maria del Pi eta Sagrada Familian izango dira emanaldia. Guk, ordea, ez dakigu ziur non abestuko dugun. Dakiguna da, hiru kontzertu eskainiko ditugula.

Euskal talde batek parte hartzen duen lehenengo aldia da?

Ez. 1996an Hodeiertz, Tolosako abesbatzak Sydneyn abestu zuen Simposiumean, lehen talde euskalduna izan zen; geroz, Kea abesbatza izan zen Patagonian; 2014an, Leioako Kantika ume abesbatza izan zen partaide eta datorren urtean gu izango gara. Guztiak euskal taldeak izatea zerbaiten seinalea ere bada. Erabateko ezustekoa izan da.

Zer sentitzen da mundu mailan euskal talde batek lekua izango duela jakitean?

Azken batean, euskal taldeen ordezkari gara momentuan eta mundu mailan gure lana eskaintzeko prest gaude eta konkretuki, kasu honetan, programa oso bat euskaraz izango da. Harrotasun puntu hori ere ematen digu: bagoaz eta euskaraz abestuko dugu gainera. Ahal den lanik txukunena egiten saiatuko gara. Azken finean, erakusleiho batera goaz, eta maila altuko beste 23 abesbatza egongo dira bertan, beraz, serio hartu beharreko kontua da. Zuzendariak ere argi esan zigun, Txapeldunen Liga irabaztera bezala joan behar dugula Bartzelonara.

Erreferente bat izango gara. Abesbatzan ibilbide polita dugu egina: 2008an Tolosako lehiaketan hasi ginen, 2009an Eslovenian irabazi genuen, 2010ean Frantzian irabazi genuen, 2011an Europako Sari Nagusian parte hartu genuen eta azkenean gauzak egiten joan garela ikusi da. Abesbatza munduan erreferente izateak ordea, maila ematea eskatzen du, jarraipen batekin. Eta horretan ahalegintzen gara.

Bestalde, ikusiko gaituzten milaka lagunek norbait bagarela jakitea nahi dugu. Zeintzuk garen galdetzean eta paperetan begiratzean, Basque Country jartzen du eta agian, norbaiti mapa hartu eta non gauden jakiteko interesa piztuko diogu.

Erronka berrirako prest?

Bai noski. Azkenean, abesbatzaren maila edozein izanda ere, objektibo batzuk edukitzea komeni da, zeren errutina batean sartzen bazara, entseatu eta entseatu, ezer ere ez egiteko, jendeak motibazioa galtzen du, ilusioa galtzen du eta bat-batean, horrelako erronka bat iristeak grina hori pizten dizu. Argi dago lan asko egin behar dugula, baina, beti esaten den moduan, gustuko lekuan aldaparik ez.

Taldearen ibilbidean goreneko unea dela esango zenuke?

Ez dut uste. Edozein erronkak taldea kalitatez igotzeko edo mantentzeko balio du, beraz, lana eginez gero, lor daitezke gauzak. Noski oraindik kalitatea hobetu dezakegula, baina, gu ez gara profesionalak, eta gainera, ez da posible herrialde honetan egiten dugunaz bizitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!