Gaur hasiko da Tolosa CF Eskubaloia lanean

Asier Imaz 2016ko uzt. 19a, 11:12

Maiatzean kantxan igoera lortu ondoren, bulegoetan ekainaren 30ean eman zuen izena Tolosa CF Eskubaloiak, Ohorezko Bigarren Mailan jokatu ahal izateko.

Denboraldi berrian beraz, estatu mailako taldeen aurka jokatuko dute tolosarrek. Beste euskal taldea Zarautz izango da. Hamasei taldek osatzen dute Ohorezko Bigarren Maila.

Euskaldunez gain hauek dira beste hamalau taldeak: Teucro (Galizia), Asobal maila galdu ondoren; Zumosol Palma del Rio (Cordoba); Zamora; F.C. Barcelona B; Ciudad Real; Gijon (Asturias); Handbol Bordils (Girona); Covadonga (Asturias); Alcobendas (Madrid);  Nava (Segovia); Cisne (Galiza); Torrelavega (Kantabria); Carabanchel (Madril) eta Cordoba. Azken hauek igoera fasea Tolosan jokatu zuten. Kantxan ez zuten igotzea lortu, baina bulegoetan erabakitakoaren arabera, Antequeraren lekua hartuko dute.

Tolosa CF Eskubaloiaren denboraldi-aurrea gaur hasiko da. Aurreko denboraldiko jokalari gehienek jokatzen jarraituko dute: Urtiz Otegi, Aitor Ibarguren, Iker Ortiz, Mikel Amiano, Eneko Ciganda, Ioritz Goikoetxea, Iñigo Arratibel, Aitor Diaz de Cerio, Estanis Arsuaga, Aitor Iturralde, Asier Zubiria, Dani Mendinueta, Jon Baena eta Julen Garciak. Taldeda lau jokalarik utziko dute: Aitor Aranburuk lesioagatik, Ander Urangak ikasketengatik eta Aritz Otegik nahiz Eloy Poncianok. Taldeak bi fitxaketa baieztatu ditu: Lander Casado eta Mikel Zuloaga. Biek Eibarren jokatu zuten azken denboraldia. Lehena ordiziarra da eta bigarrena arrasatearra. Ezker hegaleko jokalari bat ia lotuta dagoela esan dute Tolosatik, eta ondorengo egunetan, lehen lerroko beste bi jokalari lortu nahi dituztela. Helburua 18 jokalariko talde zabala osatzea izango litzateke, denboraldi historikoa gogorra izango delako jakitun. Liga irailaren 10ean hasiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!