Oriako legartzen garrantzia ekologikoaz ohartarazi du Eguzkik

Ataria 2016ko uzt. 18a, 18:05

Eguzkik eskatu dio Gipuzkoako Diputazioari seinaleztatzeko uharriz osatutako gune horiek hegaztien kumatze-garaian.

Eguzki talde ekologistak adierazi duenez, espezie bereziak dabiltza Oria ibaian: Txirritxo txikia (Charadirus dubius) agertu zen duela urte batzuk, eta azken hilabeteetan, dortoka korrontezalea (Mauremys leprosa) agertu da. Espezie horiek "interes berezikoak" dira eta "kaltebera" gisa katalogatuta daude, Eguzkik azaldu duenez. Hori dela eta, Eguzkik eskatu dio Foru Aldundiari basozainek egin dezatela espezie horien jarraipena beren biziraupena errazteko.

Espezie horien presentziak adierazten du ingurumenaren kalitatea, eta azken hamarkadetan Oria ibaiaren egoera hobetzearen ondorioa da, ekologisten iritziz: "Oraindik asko dago egiteko, saneamendu-sarea osatzea eta fauna piszikolari hainbesteko kaltea egiten dioten presak desagertaraztea, esate baterako. Dena den, bizitza berpiztu egiten da ibaietan aukera txikiena eman bezain pronto, eta horren adibide garbia da kasu hori". 

Zentzu horretan, Eguzkiko kideek nabarmendu dute horrek "pizgarri" izan beharko lukeela Udalek, Foru Aldundiak, Ura Agentziak eta herritar guztiek ibaiean jardun dezaten ahalik eta modurik txukunenean.

Garbiketa, "tentu handiz"

Hainbat herritar "tematuta" daude Oria ibaia "lehenbailehen" garbitzearekin, ekologistek salatu dutenez. Eguzkiren ustetan, baina, argi izan behar da garbiketa terminoa: "Gauza bat da ibaia garbitzea eta bestea bertan dagoen bizitza itotzea. Ibaia garbitzen da gizakiak botatako zikinkeriak kentzen eta landare inbaditzaileak erauzten ditugunean. Berez sortzen den bertako landaretza ere kentzen badugu, ez gara garbitzen ari, bizitza itotzen baizik", adierazi dute talde ekologistako kideek.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!