Primerako omenaldia

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uztailaren 16a

Realak 0-5 irabazi zio Tolosa CFri, Berazubin; partidak berak baino, Fernandinori egindako omenaldiak eta Loidi eta Blancoren agurrak izan du, ordea, pisu gehien, tolosarrentzat.

Aurredenboraldiko lehen norgehiagoka izan da, gaur, Berazubin, ia ohitura bilakatu den Tolosa CF eta Realaren artekoarekin.

Estadioa beste askotan baino beteago, lehen mailako taldearen itzalagatik; izan da, gainera, bihotza erdibituta izan duen tolosarrik ere. Gaurko partida, ordea, berezi-berezia izan da herriko hainbatentzat, Javier Fernandino Tolosa CFko kidea omendu baitute, 40 urteotan taldeari eskaini dion laguntzagatik. Benetan hunkituta jaso du agurra Fernandinok, eta atsedenaldian futbolariekin erretratuak ateratzeko probestu du denbora.

Baina ez da hunkitu den bakarra izan. Mikel Loidi eta Gorka Blancorentzat azken partida izan da Realaren aurkakoa, taldea utziko baitute, hainbat urteren ondoren. Bigarren zatian biek elkarrekin utzi dute zelaia, aulkira joateko, eta ohorezko zubia egin diete bi taldeetako jokalariek. Urtzi Gurrutxagaren omenezko elastikoarekin, elkarrekin egin dute, azkeneko aldiz, aulkira bidea.

Eta, emaitzari begiratuta, 0 eta 5ekoarekin amaitu da Berazubiko arratsaldea. Reala hiru gol sartuta iritsi da atsedenaldira, eta beste bi sartu dituzte bigarren zati amaieran. Tolosa CFk, bere aldetik arriskua sortu du zenbait unetan, baina ez dute baloia sareratzerik lortu.

Realaren golak Jonathasek, (2), Granerok, Juanmik eta Pardok sartu dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!