Harmakada bete, auzoko festak hauspotzen

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 15a, 11:01
Kill the chicken (Tribute Band) taldeak emanalditxoa eskaini zuen parkean.

Izaskun auzoko festak datorren irailaren 2tik 4ra bitarteko ospatuko dituzte; atzo izan zen egitarauaren aurkezpena, Zabalarretan.

Aspaldikoak dira Izaskun auzoko festak, baina, auzoen txikitasunak hala behartuta, iraileko lehen asteburua jairik gabe geratu zen, hainbat urtetan, Tolosan. Horrela, duela 10 urte Otsabi auzo elkarteko kideek Izaskun auzoko festak hauspotzeari ekin zioten, eta lepoan zapi gorria lotuta Sputnik-en inguruan gozatzearena nahitaezko hitzordu bilakatu da, jada, askoren agendatan.

Bada, aurten ere izango da, oholtza, eraikin luze eta txosnaren artean, parrandarako aitzakiarik. Atzo plazaratu zuten 10. urteurren bereziak ekarriko duen egitaraua eta, Martin Arakamak argitu zuenez, "hamar urteotako festetan laguntza eskaini digutenekin osatu nahi izan ditugu jaiak".

Irailaren 2an ekingo diote festari, eta urteroko hitzorduek beteko dituzte jaien lehen orduak. Horrela, ostiral gauak ekitaldi nabarmenetako bat ekarriko du, Tolosako Izaskun auzora: Han eta Sorkun musika taldeen kontzertuak. Horren harira, antolakuntzak emakumeen parte hartzea nabarmendu nahi izan du.

Larunbatean, berriz, iluntzeko sagardo dastatzeak erakarriko du jende gehien eta, hitzorduko giroak tira eginda, izango da goizaldera bitarte auzoan geratzen denik. Eta, ez da gutxiagorako, Bonberenea Txarangaren Bihar ez da gaur emanaldia zuzenean gozatzeko aukera izango baita, Sputnik plazatik mugitu gabe.

Igandean, berriz, ajeak eta nekeak esnatzearen ardura izango dute Tolosako Udal Txistulari Bandako kideek, dianarekin, eta Udaberri dantza taldeak kriskitin eta pausoak jarriko dizkio eguerdiari. Arratsaldean, berriz, apar festa izango da gaztetxoenentzat.

Behin festak aurkeztuta, prestakuntzekin lanean jarraitzea besterik ez zaie geratzen Otsabiko gazteei, eta aurkezpena ere Kill the Chicken (Tribute Band) tadearen kontzertuaz eta pintxo-potez margotu zuten atzo, Zabalarretan parkeko begiradak erakarriz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!