Uzturrre aldean, 24 hektareako lur eremu publikoa dago, eta Miserikordiaren lursailak ziren. Udaleko zerbitzuak lur zati horren dokumentazioa aztertzen hasi eta 1966.urteko plano zahar bat aurkitu zuten. Plano horretan Bainuak hitza ikusi zuten; duela pare bat urte saiatu ziren gune hori aurkitzen, baina ez zuten emaitzarik lortu.
Amarotzeko espeleologia taldekoek lekua aurkitu, eta garai bateko bainuak izango zirenen aztarnaz gain, urjauzi txiki batzuk ere topatu dituzte: «Seguruena Miserikordia zaharreko gaixoek leku hori erabiliko zuten bainuak hartu eta beren gaixotasunak sendatzeko», adierazi du Jon Zulaika Naturtzaindia elkarteko ordezkariak.
Lekura ailegatzeko sarrera «egokitu» da, baina «oraindik lan asko dago egiteko», azaldu du Patxi Amantegi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak: «Epe motzean Santa Lutzia-Uzturre ibilbideari buruzko informazioa eguneratzea, eta panel informatiboak jartzea da udalaren helburua». Aurrera begira, bainua hartzeko putzu horiek ere berreskuratu nahi dituzte. «Lur zati horrek ondare historikoko elementu oso garrantzitsuak ditu, Miserikordia zaharreko aztarnak eta telefono optikoa, esate baterako», adierazi du Iñigo Muñoz teknikariak.
Naturtzaindia elkartearekin hitzarmena
Tolosako Udalak eta Naturtzaindia elkarteak Uzturreko eremu horren kudeaketarako hitzarmena dute. Hitzarmen horren barruan, bi egitasmo planifikatu dituzte etorkizunera begira: «Alde batetik, Miserikordia zaharreko lur-eremuan 4 hektareako lursaila dago, eta bertan naturaren kontserbaziorako egin daitezkeen aktuazioak aztertuko ditugu».
Bestetik, Belabietako bidearen ondoan pago trasmotxoak aztertuko dituzte. «Oso ondare garrantzitsua da, oso zuhaitz zaharra delako, eta oso leku gutxitan dagoelako Europa osoan», adierazi du Zulaikak. Hori dela eta, zuhaitz horien egoera aztertu, eta kontserbatzeko neurriak proposatuko dituzte.