Txirrindularitza uzteko beharra

Asier Imaz 2016ko uzt. 15a, 12:19

Xabier San Sebastianek txirrindularitza utzi du; berak hartutako erabaki bat izan da, «hartu beharreko erabakia».

Xabier San Sebastian Tolosan jaio zen 1995. urtean. Beste kirolekin batera txirrindularitza ezagutu zuen haurtzaroan, eta gustatu egin zitzaion, hau da, bizikletaren gainean gozatu egiten zuen. «Oriako Txirrindularitza Eskolan jubenilen bigarren urtera arte egon nintzen, eta oso ondo pasatzen genuen. Gure artean giro oso ona zegoen».

Ondoren afizionatuetarako jauzia emateko aukera etorri zen. Euskadi Fundaziora joan zen zuzenean. Eta norbere erabakia zena albiste bilakatu zen. Titularra: «Etorkizun handiko errodadorea». Eta «klase handia» zuenez, emaitzak azkar iritsi ziren. Albistea eta izena, elur bola bat bezala, handituz zihoan. Eta titularrak, tropel bat osatzeko moduan, bata bestearen atzetik iritsi ziren: «Cofidis taldeak Xabier San Sebastian gonbidatu du»; «Egutegiko lasterketa onena San Sebastianen oinetara» eta «Xabier San Sebastian berriro Cofidisen». Baina inor ohartu gabe, Xabier San Sebastian gizakia tropeletik atzera geratzen hasia zen.

Galdera: Noiz gozatu zenuen azken aldiz txirrindularitzan?
Erantzuna: «Jubeniletan».

Azken urtean, pedalei ematea sufrikario bilakatu zen Xabierrentzat. Eta entrenamenduak, ez nahi eta ezin bat. «Lehen bakarrik entrenatzeko ez nuen arazorik. Orain ezin nuen. Nire buruak ez dut nahi, ez dut nahi besterik ez zuen esaten. Ezin nuen». Albisteak eta titularrak isildu ziren. Baina lehiakortasuna zain zegoen, San Sebastian noiz itzuliko. «Euskadi Fundazioan jarraitzeko aukera nuen, alde horretatik ez didate presiorik jarri. Jon Odriozolaren Murias Taldearekin profesionaletan hasteko aukera ere etorri zitzaidan, baina urtebete gehiago afizionatuetan jarraitzea erabaki nuen. Profesionalekin arrastaka ibili baino nahiago nuen afizionatuetan beste urte bat egin, eta jauzia eman». Lehiak zain egoteko arrazoiak bazituen, beraz.
Orduan etorri zen ihesaldi erabakigarria. Titularra: «Xabier San Sebastianek txirrindularitza uzten du». Barruan isilik eta ezkutuan zegoenak erasoa jo zuen. «Ez naiz izan barruan  neramana kontatzekoa. Gurasoak ere ezustean hartu ditu erabakiak. Inguruan, batzuk ulertu dute, eta beste batzuk ez horrenbeste. Denetik izan da. Batzuk esana zidaten nire izaera eta mundu hori ez zirela baliokideak. Besteek, jarraitzeko klasea banuela eta abar. Baina oraingoan nik, neronek, hartu dut erabakia, nahi dudan horretan oinarrituta, eta nahi dudalako». Azken urteetan ez bezala, bizikleta eramaten duena Xabier bilakatu da. Izan ere, «bizikletan ibiltzea gustatzen zait».


Galdera: Etorkizunean ez al zara damutuko erabaki hau hartu izanaz?
Erantzuna: «Ez dut erabat baztertzen txirrindularitza, baina erabaki hau hartu beharra zegoen eta horrela egin dut. Ikasketa batzuk uztea bezala da zentzu batean. Zertarako balio du 10ekoak ateratzen egotea, ikasketa horietan ez baldin bazaude gustura?».   


Txirrindularitza bizimodu bat dela dio Xabierrek, eta orain beste bat hasten dela. Eta 20 urteko edozein gaztek esango lukeena esaten du: «Lana aurkitu, ikasketak egin… bizitzan 20 urte behin bakarrik izaten baitira». Hasteko, lehen aldiz San Ferminetako giroa ezagutzeko aukera izan du tolosarrak: «Kadeteetatik txirrindularitzan, negu aldean izaten genuen festetara joateko aukera. Udararik ez dut ezagutu zentzu horretan. Hori ere ezagutzea ez da txarra izango».


Txirrindularitzaren lehia alde batera utzi ondoren, gazte baten bizitzaren lehian sartu da Xabier; testuingurua oraingoz horrelakoa delako. Batean animatzen zuenak ziur bestean ere animatuko duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!