Zortzi talde lehian

Imanol Garcia Landa 2016ko uztailaren 13a

11. Bonberenea Futbol Txapelketa jokatuko dute larunbatean. Bi multzotan banatuta, zortzi talde ariko dira nor baino nor. 10:00etan hasiko dira eta arratsaldera arte iraungo du lehiaketak.

Uztaila eta Bonberenea lapiko batean sartuz gero, besteak beste, futbol txapelketa ateratzen da. Dagoeneko hamaikagarren aldia izango da aurtengoa txapelketa antolatzen dutela eta zortzi talde ariko dira txapeldun izateko lehian.

Larunbat honetan, hilak 16, egingo dute txapelketa, eta lehia 10:00etan hasiko da. Zortzi taldek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta. Batetik, A multzoan The Asta Pistols, XI Bonbercup, Bonberenea eta Sanblaspiko taldeak ariko dira. Bestetik, B multzoan Otsabi, Oargi, Senegal eta Bonberenea Txaranga izango dira. Multzo bakoitzeko lau taldeek euren artean jokatuko dute. Beraz, gutxienez talde bakoitzak hiruna partida jokatuko ditu. Lehen partida Senegal eta Bonberenea Txarangak jokatuko dute, eta ligaxkako azkenekoa, 16:25ean hasita, Otsabi eta Senegal taldeen artean izango da. 30 minutu inguru iraungo du partida bakoitzak.

Behin multzo bakoitzeko norgehiagoka guztiak amaituta, finalerdien txanda izango da. Lehenengo finalerdia 17:00etan jokatuko da, eta bigarren finalerdia 17:35ean izango da. Azkenik, talde txapelduna jakiteko partida erabakigarria 18:10ean jokatuko da.

Ia egun guztian ariko dira, beraz, futbolean jolasten Bonbereneako zelaian, baina ekitaldia ez da finalarekin bukatuko. Ondoren, lehia alde batera utzita, parrilladaz gozatzeko aukera izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!