«Esperientzia hau bizi beharra neukala esan didate denek»

Asier Imaz 2016ko uzt. 13a, 12:10
Argazkilaria: Andoni Canellada/Argazki Press

Astelehenean esan zion agur bere bizitzako taldeari Mikel Arruabarrenak (Tolosa, 1983). Zazpi urte oparo pasa ditu tolosarrak Eibarren, eta agurra hunkigarria izan zen. Denbora ez da gelditzen, ordea, eta bihar, osteguna, Hong Kong-era joango den hegazkina zain izango du.

Hong Kong-eko Eastern Sport Club taldean jokatuko du tolosarrak hurrengo denboraldia, Eibarrekin harreman eten ondoren.

Nondik hasiko gara, iraganetik edo etorkizunetik?
Etorkizunetik, beti eta aurrera begiratzea gehiago gustatu izan zait.

 
Eastern Sport Club izena du etorkizunak.
Asiako taldeek Espainiako Ligako jokalariak nahi izaten dituzte, sarri. Aukera hori irten da, eta egia esan, 33 urterekin futbolean adin bat daukat. Eibarren talde lehiakorra egiten ari dira, eta leku gabe geratu naiz. Ahalik eta hobekien atera nahi nuen bertatik, esperientzia berri bati ekiteko. Lehen bistadizoan ikara pixka bat ematen du, oso urruti dagoelako. Baina bere gauza onak ere baditu: kultura, hizkuntza eta oso garatuta dagoen herrialde berri bat ezagutzeko aukera. Bizitzeko beste esperientzia polit bat; eta futbolean jokatzen jarraitzeko beste aukera bat.


Noiztik dator fitxaketaren kontua?
Azken bi edo hiru asteetako gauza da. Iaz, abenduan, Eibartik Huescara atera behar izan nuen, baina denboraldi honetan berriro Eibarrekin hasi behar nuen entrenatzen. Azken momentuan, erabaki zuten hobe izango zela nik nire bidea egitea. Minutuak edukitzea zaila izango nuela esan zidaten. Garai horretan etorri zen aukera hau, eta zalantzak eta beldurrak izan arren, ilusioz beteta hartu nuen esperientzia hau bizitzeko erabakia. Eta nik uste, ikara guztiak ilusio horretan galtzen direla.


Bitartekariak emango zizun talde honen berri, ezta?
Bai, hori bitartekarien lana izaten da. Hona eta hara ibiltzen dira maiz, eta mundu horretan gauzak asko mugitzen dira, baina erdia baino gehiago gezurra izaten da. Askotan, adar jotze hutsa izaten da. Bata edo bestea atzetik dabilela, baina ezer finkorik ez. Hong Kong-eko kontua ez da horrela izan. Presidenteak eta entrenatzaileak nire izena apuntatuta zuten, eta hara joatea nahi zuten.


Ezagutzen al zenuen taldea?
Ez, eta herrialdea ere apenas. Interneten ordu batzuk pasa ditut dena ikusten eta informatzen, erabakia hartu baino lehen. Han ibili diren jokalariekin ere hitz egin dut, ordaintzeko garaian eta nolakoak diren jakiteko, besteak beste. Hara joan eta soldata jasotzeko zailtasunekin ibiltzea ez da kontua. Oso erreferentzia onak eman dizkidate. Esperientzia hau bizi beharra neukala esan didate denek.


Ba al zenituen talde gehiago atzetik?
Egia esan ez naiz asko mugitu zentzu horretan. Eibarrena azken momentuko kontua izan da, eta merkatua orain hasten da mugitzen hemen. Bigarren mailan jarraitzeko aukera izango nuela uste dut, Espainiako Ligan. Horrez gain, Australia, Txipre… bezalako izenak atera dira, baina ezer finkorik ez. Hauek interes handia erakutsi dute, eta benetan joatea nahi zuten, ez, bigarren edo hirugarren aukera bezala. Hori beti hartzen da kontutan.


Horrelako jauzia egiten duten jokalari askok, diru kontuak izaten ditu gehienbat buruan. Azken kontratu on bat sinatu, eta erretiroan pentsatu.
Nire kasuan ez dago ekonomikoki horrelako jauzi handirik. 33 urte dauzkat, eta gustatzen zaidan hori egiten jarraitzeko aukera izango dut. Xavi eta horiek jaso duten dirutzarik ez dago hemen, inondik inora. Bizitza guztirako geratuko zaidan esperientzia bat izango da. Bestalde, erretiroa gero eta gertuago dagoela ezin ukatu, baina oraindik indarrarekin eta fisikoki ondo nagoela uste dut.


Urrezko ez zara itzuliko, beraz.
Ez, hori argi dago. Soldata ona izango da, baina ez ondoren lanik egin gabe bizitzeko horietakoa. Laguntza handia izango da, baina argi daukat nire bizitzan ondoren lanean jarraitu beharko dudala.


Zenbat denboralditarako hitzarmena da?
Urte batekoa. Alde horretatik oso argi daukate beraiek, ez dute epe luzeko hitzarmenik egiten. Eta agian, lehen esan duzunagatik izango da. Ez dute nahi 3 urterako jokalaria fitxatu, eta gero gogorik gabe joatea. Urtebetean ondo ibiliz gero, segituan eskaintzen dizute luzapena.


Noiz hasiko zarete lanean denboraldi berriari begira?
Taldekideak astelehenean hasi ziren entrenatzen. Denboraldi-aurrea luzea egiten dute. Leku oso beroa da, hezetasun handiarekin. Horregatik, goiz hasten dira, jokalaria ondo egokitzeko. Denboraldi-aurrea Korean, Japonian edo Thailandian egiten dute. Liga 9 taldek osatzen dute, baina hiru edo lau lehiaketa jokatzen dira. Gero, Asiako Txapeldunen Liga dago. Iaz, Hong Kong-eko Liga irabazi zuen Eastern-ek, eta horregatik, aurten, Txapeldunen Ligako aurre kanporaketak jokatuko ditugu. 

   
Guzti honetan, gogorrena etxekoak uztea izango da.
Beti izaten da hori gogorrena. Familia, lagunak, inguruko guztia… Erabaki honen alderik gogorrena hori da. Futbol bizitza, ordea, laburra izaten da, eta momentua aprobetxatzen jakin beharra dago. Espainiako talderen batera joaten zarenean jokatzera, ematen du distantzia horrenbestekoa ez denez, erabakia ez dela hain gogorra. Agian bisita gehiago izango dituzu, baina zentzu batean, erabakia nahiko antzekoa da; kasu horietan ere dena utzi behar izaten baituzu. Ea oraingoan ere bisitaren bat izaten dudan.


Atzera begiratzeko garaia iritsi da. Eibar da iraganeko taldea, astelehenean agurtu zenuena.
Momentu gogorra izan zen. Antzeko egoeran ikusi izan ditugu jokalari bat baino gehiago, zirraraz gainezka, eta beti esaten nuen niri horrelakorik ez zitzaidala gertatuko. Baina hor jartzen zarenean… Taldeko ordezkariek hitz egiten dute hasieran: hitz politak, entzutea gustuko izaten diren horietakoak. Hitz egiten ari diren une horretan, bizitako momentu on horiek etortzen zaizkizu burura. Gero, zuri tokatzen hitza hartzea, eta ordurako, buelta ezin eman zaude. Nahi eta ezin. Zerbait adierazi nahi duzu, baina hitz egiten hasiz gero, malkoak ateratzen dira. Azkenean geratu beharra izan nuen. Oso momentu berezia izan zen. Prentsa agerraldian zaletu asko zeuden, klubeko ezagun ugari… momentu gogorra izan zen.


Eibarren maitatua zarela behintzat argi geratu zen.
Eibarren hasi orduko oso une gogorrak pasa behar izan nituen. Gero, ordea, egoera aldatzea lortu nuen. Oso maitatua sentitu naiz urte guzti horietan; oso baloratua. Eurentzat esker oneko hitzak besterik ez ditut. Handik atera eta hurrengo partidan zaletuek nire argazkia erakutsi zuten harmailetan, atearen atzean. Momentu horiek ahaztezinak izaten dira; zerbait ondo egingo genuenaren seinale. Nire bizitzako taldea da Eibar, eta beraiekin ondo bukatzea besterik ez nuen nahi, zazpi urte hauetan bizitakoa izugarria izan baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!