Pasahitza (zaharra)

«Gaur egun indarrean dauden ideologia gehienak historiaurrekoak dira»

Ataria 2016ko uztailaren 12a

'Ideia eta balioen bestelako historia laburra' liburua aurkeztu du Juan Inazio Hartsuaga tolosarrak. Mitologia, antropologian, filologian, genetikan oinarrituta lau olde nagusi bereizi ditu gure zibilizazioan.

Lehenengoa, trantsitibitate esaten zaiona, Paleolito garaian Eurasian sorturiko ideologia da, «gizartearen orokortasunaz kezka» azaldu, eta «zintzotasuna gizartegintzaren ardatz» gisa jartzen duena. Hartsuagak dioenez, zintzo izatea, pertsona hainbaten ezaugarriaz harago, gizartea antolatzeko euskarria da pentsamolde horretan.

Bigarrena Neeolito garaian gertatu zen aldaketa handia da, nekazaritzaren sorrera. Horren ondorioz, «gizakiak bere burua naturatik kanpo» kokatu zuen lehen aldiz, harekiko partaide baino gehiago, hura kontrolatuz. «Gizakiaren historian aldaketa ideologikorik handiena» da hori, antropologoaren hitzetan. Dolmenismoa da hirugarrena, orain 6.000 urte inguru sortu zena. Lan kontzeptua asmatu zuen joera horrek, «eta gizakiak lanean jarri». Azkenik, indoeuropar zibilizazioak —besteak beste, germaniarrek edo erromatarren gisako herriek osatua, «inperioak, konkistak, erregetzak, gerrak, eta antzeko ekarpenak» egin zituen.

Hartsuagak dioenez, «gure gizarte guztiak lau horien koktel bat» dira. Horregatik, «horiek ondo ezagutzeak munduaren beste ulerbide bat ematen digu».

Hain zuzen ere, lau ideologia nagusi horien azterketa jaso du Hartsuagak liburuaren lehen partean, eta gaurko gizarteetan horietaz geratzen diren arrastoak gorde ditu bigarrenerako. Hirugarren zatian, berriz, euskal mitologiaren eta haren testuinguru paleoeuroparrari buruzko hainbat artikulu motz paratu ditu. «Euskal berezitasunik ez dago», ordea, liburuan, baina bai, konparazio metodoa erabili denez gero, euskal kulturak beste batzuekin izan ditzakeen «kidetzak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!