Kuadrila eguneko bazkaria bestelakoa izango da 2017an

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 8a, 14:25

Euskal Herria plaza txiki geratu da kuadrila eguneko parte hartzearen aurrean.

Astelehenean sanjoanetako balorazio bilera izan zen, eta aurtengo jaiak "oso onak" izan direla erdietsi zuten; San Joan su txikia egonkortu egingo da egitarauan.

Tolosar festazaleek urrun ikusten dute, jada, sanjoanen biharamuna. Parrandaren ondoren, ordea, gauzak bere lekuan jarri eta balorazioak egiteko momentua iristen da, eta hori ere bikain joan da 2016ko sanjoanei dagokienez. Herritarren parte hartze aktiboak, baina, hurrengo urterako antolakuntza zenbait moldatu beharra eskatu du, kuadrila eguneko bazkariak, kasu.

1.500 bazkaltiar elkartu ziren, beste behin, Euskal Herria plazako eltze koloredunean. Azken urteotako joera indartu, eta lehenengo egunean ia sarreren %100 saldu zituzten antolatzaileek eta, gutxi-gorabehera, 500 pertsona sarrera eskuratzeko gogoz geratu dira aurten. Errealitate hori plazaren dimentsio eta segurtasun neurriekin uztartzea zail suertatzen da, eta urte batzuk atzera sortzen hasitako hausnarketa gauzatu beharko dute, 2017rako, Tolosako Udalak eta kuadrila antolatzaileek: bazkaria moldatzea. 

Hainbat aukera daude horretarako, eta Euskal Herria plazako mahaien banaketa aldatzea izan liteke eskuragarriena. Baina, horrek jende gehiago sartzea ahalbidetuko ez balu, bestelako irtenbideak aztertu beharko lituzkete: bazkaria bi plazatan egitea nahiz kuadrila guztiak kabitzeko moduko leku berri bat aukeratzea, adibidez.

Hurrengo urtean jorratu beharreko kontua izango da hori, eta baita aurten estreinakoz antolatu duten San Joan su txikiaren antolakuntzarena ere. Festetako balorazio bileran iritzi oso baikorrak jaso zituzten, eta egitarauan egonkortu egingo dute hitzordua; hori bai, espazioa hobeto kudeatzeko neurriak hartuko dituztela azpimarratu zuten, haurren harrera beroagatik suaren inguruko lekua asko estutu baitzen ekitaldi amaierarako.

Ezezkoak badu indarrik

Ahalegin berezia egin zuen, aurtengo sanjoanen aurretik, Tolosako Berdintasun sailak. Ez da ez izenburua aukeratu zuten eraso sexisten eta festa berdinzaleen aldarria jaietan zabaltzeko, eta 2016ko sanjoanetan ez da eraso salaketarik izan. Gainera, kuadrilen egunean banaturiko pultsera moreek ere harrera ona izan zutela nabarmendu zuen Maite Ruiz de Eguilaz zinegotziak.

Bide beretik, egitarauan emakumeek izandako presentzia ere azpimarratu zuten bilkuran, aurten, estreinakoz, bi kapitain izan baititu eskopetarien alardeak –horietako bat kapitain orokorra–, eta txupinazoa ere emakumezko futbolariek bota baitute; halaber, herri kirol saioan gizon-emakumeak aritu ziren, iazko moduan.

Tolosan eta tolosarrentzat

Sanjoan onak izan dira aurtengoak, aparteko gertakari eta arazorik gabekoak. Askok eguraldi alaiagoa eskertuko zuketen arren, iragarpenek esandakoaren aldean txalotzeko giroa izan zen jai egunetan, eta horrek guztia bere bidetik joatea erraztu zuen.

Eskopetarien alardeko parte hartzeak gora egin du, beste urtebetez, eta ekainaren 24a belaunaldi berrien ezinbesteko festa egun bilakatu da. Bide beretik, kontzertuek ere balorazio ona jaso zuten bileran, eta zezen plazari gisa horretako hitzorduetarako erabilera ematea proposatu zuen herritar batek. Aipatzekoa da, Tolosako Udala zezen plaza estaltzea aztertzeko asmotan dela, eta enpresa bati eman diola horretarako ardura.

Bide beretik, ekainaren 23ko bertso saioa Zerkausitik beste guneren batera mugitzeko proposamena ere atera zen balorazio bileran. Iradokizunaren arabera, zarata handia izaten da han inguruan, eta saioa zapuzten du horrek.

Jaiak eta haien hitzorduak iragartzeko diseinaturiko egitarauak ere izan zuen kritikarik eta, bilkuran elkartutakoen arabera, "azken urteotako politenetakoa" izan da aurtengo liburuxka. Hori bai, jaietako kartel lehiaketa eginda, azalean kartelaren irudia jartzea egokiagoa dela pentsatzen duenik ere bada.

Azkenik, aipatzekoa pottokekin eta zezentxoekin haurrei begira egindako ekitaldiak ere zenbait kritika jaso zituela. Animaliei eskainitako tratua gaitzetsi zuen herritar batek, eta hitzordu desegokitzat jo zuen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!