Patinen gainean irristaka aritzeko trebezia dutenek, nahiz trebezia horren jabe egiten ari direnek, hitzordu berezia izango dute gaur iluntzerako. Irristaka taldeak 4 kilometroko itzulitxoa prestatu du, taldean egiteko.
Alondegian egin dute hitzordua, 20:15ean, eta 20:30ean irtengo dira, San Frantzisko elizaren ataritik. Aipatzekoa da, Tolosako Udalaren nahiz Ipar Rollerren babesa izan duela egitasmoak, eta ibilbideak errepidea hartzen duenero, Udaltzaingoaren laguntza izango dutela patinatzaileek.
San Frantziskotik Iurre auzoraino igoko dira eta, handik, Paper Kalea zeharkatuz, erdigunera gerturatuko dira, zezen plazatik barrena. Zubi berritik Ibaiondo etorbideraino iritsiz, Arrameleko zubian gora egingo dute berriro, Kale Nagusitik udaletxea nahiz Trianguloa plaza zeharkatzeko. Lau kilometroko bidean, irteera puntura itzuliko dira berriro.