Katxutxok hasitako bidetik, beste behin

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uztailaren 8a

Sanferminak Tolosako Alde Zaharrera ekarriko dituzte, bihar, egun osoko festa eginez; Katxutxo Peñak hasitako ohituraren grinari eusten diote, gaur egun, Errota bizilagun elkartekoek.

Badira jada, lau urte inguru, Tolosako Alde Zaharreko San Fermin txiki festaren antolakuntza bizilagunek hartu zutenez geroztik. Katxutxo peñaren ohiturari heldu zioten horretarako eta, oraindik ere, peña hartako kide Miguel Angel Bermudezi eskaintzen diote Plaza Berriko kioskotik txupina botatzeko aukera.

Orain, Errota bizilagun elkartearen izenpean, sanferminetako larunbata hautatzen dute haur, guraso eta herritarrei aterik ixten ez dien jairako, eta bihar ere izango dute zer ospatua.

Aurtengo San Fermin txiki festako aldaketa bakarra bazkarikoa izango da, eta norberak etxetik eraman beharko ditu bere jakiak; antolatzaileek ogia eta edaria eskainiko dituzte, berriz, otorduetan.

Errotako kideak Alde Zaharrean bestelako festaren bat antolatzea buruan darabilten arren, denbora faltak ez du, oraindik, ideia hori gauzatzea ekarri; badute, ordea, herriaren bihotzari bere festa eskaintzeko itxaropenik. Bitartean, «Gora San Fermin!» oihukatuz gozatuko dute bihar.



 

ALDE ZAHARREKO SAN FERMIN TXIKI JAIA, 2016

UZTAILAREN 9A, LARUNBATA

12:00. Txupinazoa.

12:30. Patata tortilla lehiaketa.

14:30. Herri bazkaria.

17:00. Zezen txikiak eta buruhandiak.

18:30. Txokolate jatea.

19:30. Gaixoa ni! ekitaldiarekin amaituko da egun osoko jaia.

Egun osoan barrena. Haurrentzako puzgarriak izango dira plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!