Irakasgaiek artelan forma hartzen dutenean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 7a, 10:16

Hilabetez hilabete, ikasturtearen erritmora landutako edukiak gorpuztuta, kultur etxeko tailerretako ikasleek erakusketa anitza osatu dute Aranburu jauregirako.

Atseden hartzeko egunak izan ohi dira udakoak, oporrak eta egun luzeak tarteko. Baina, teoriak hori badio ere, udaren hasieran piztu eta irailera bitarte itzaltzen ez den kultur agendak bizi-bizi mantentzen du herritarren agenda, sorterrian nahiz kanpoan.

Tolosako Aranburu jauregia ere agenda hori betetzearen errudunetako bat da, kultur etxeko tailerretako ikasleen eskutik, izan ere, erakusketen sokak ez du etenik izango urtaro maitatuenetako batean.

Ikasturte osoan barrena, gerizpean ikasi, landu, egin, zuzendu, desegin eta gorpuztutako arte lanak herritarren begiei oparitu dizkiete, beste behin, tailerretako ikasleek, eta diziplina anitzeko erakusketa ederra osatu dute. Sanjoanen atarian inauguratu zuten, eta larunbatera bitarte ikusgai izango da.

Argazkigintzako tailerretik hasi eta ehozirien, pinturaren, zeramikaren nahiz eskulanen trikimailuetan trebatzen aritu diren 134 herritarrek jarri dute beren alea, Aranburu jauregiko beheko solairua hartu duen erakusketan. Halaber, Txinparta elkartean sanjoanetan antolaturiko pintura lehiaketako lanak ere ikusgai dira.

JOAN BAIXAS, ORAINDIK IKUSGAI

Topic zentroko erakusketen epeak Aranburu jauregikoak baino luzeagoak izan ohi dira, eta martxoan Joan Baixas artistak inauguraturiko Eroen ontziak nabigatzen darrai, Euskal Herria plazako txotxongiloen etxean.

Sortzaile bartzelonarrak liburuak darabiltza bere ideiak Eroen ontzian bideratzeko, eta liburuez gorpuzturiko instalazioak dira nagusi, beraz, Mangoneos izendaturiko pieza txikiekin eta pintura zenbaitekin erakusketa osatzeko. Datorren urriaren 2ra bitarte ikusgai izango da Baixasen lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!