Etiopiako Wukro herriko futbol taldea Tolosan izan da

Asier Imaz 2016ko uzt. 6a, 12:15

Donostia Cup 2016 jokatzera etorri dira haurrak; 15 egun egingo dituzte Euskal Herrian; iragan astearen amaieran Tolosa goitik behera ezagutzeko aukera izan zuten.

Tolosak oso bisitari berezia jaso zuen iragan ostiralean eta larunbatean: Etiopiako Wukro herriko haurren futbol taldea. Aurrera elkarteko bazkari eta afariak, Topic Txotxongilo Zentroa, Gorrotxategi Museoa, udaletxea eta udal ordezkariak, eta nola ez, Usabalgo futbol zelaiak ezagutu zituzten bi egun horietan. Kanpotik eta barrutik.

Donostia Cup 2016 igandean hasi zen. Larunbata bitarte, 97/98 ondoren jaiotako haur eta gaztetxoak lehian arituko dira, hamabi mailatan banatuta. Etiopiako taldea bertan dago. Kibrom Gidey taldeko entrenatzaileak barre artean zioen bezala, irabaztera etorri dira. Tolosan, aurre denboraldia egin zuten.
Hiru talderen aurka jokatu zuten etiopiarrek larunbatean Usabalen. Horietatik bi tolosarrak ziren, eta bestea indiarra. Gidey entrenatzaileak esan zuen bezala, lagunarteko partidak izan ziren: «Eskerrak eman nahi dizkiot Tolosa CF taldeari, aukera hau emateagatik. Oso interesgarria izan da elkarren artean jokatu eta laguntasun hori bultzatzea. Donostia Cup jokatzera etorri gara, baina hemen egote hutsarekin oso pozik daude neskak. Esperientzia oso aberasgarria izaten ari da».

Etiopian futbolak 80. hamarkadan hartu zuen indarra, Afrikako Kopari esker. Amaierarik gabeko hazkundea izan du geroztik Kibrom Gidey-ren esanetan: «Normalean mutilak ibiltzen dira, baina neskak ere hasiak dira, eta horrelako aukerak izugarri positiboak dira eurentzat».

Arrazoi desberdinengatik sortu zaie aukera hau etiopiarrei. Manu Aierza Etiopia Utopia Fundazioko kidea arrazoi horien jakitun da: «Donostia Cup-ek 25 urte betetzen ditu aurten, eta Angel Olaran misiolaria dagoen Wukro herriko talde bat gonbidatzea bururatu zitzaien. Kasualitatez ni Etiopian nengoen egun haietan, eta Olarainek nire gain utzi zuen ardura hori. Tolosa CF taldeko kidea naizenez, dena prestatzen hasi ginen, eta hemen bukatu dugu. 15 egun egongo dira Euskal Herrian».

Aierzaren esanetan, etiopiarrak «futbolean jokatzeko material gabe etorri dira, eta larunbatean estreinatu zituzten futbol zapatilak». Tolosarrak Etiopian bizitako esperientziaren arabera, bertan txankletekin jokatzen dute, baliabide nahikoa ez dutenez. «Beraientzat hona etortzea izugarrizko esperientzia da. Hirugarren munduan bizi dira, eta hau amets bat da. Hala eta guztiz ere, euren ekarpena egitera etorri dira, eta hori, beraien inguruan dabilen edonork ikusi eta ikasten du. Ezer gutxi daukaten arren, dena emateko prest izaten dira beti. Eta hori izugarria da, hemen alderantzizkoa gertatzen denean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!