«Musika sortzea eta grabatzea zoragarria da, baina ez dago jendaurrean jotzea bezalakorik»

Iosu Iturrioz 2016ko uzt. 6a, 11:23

Lehenik, Nekro eta Potentor musika taldeetan ibili zen eta ,egun, Inor izeneko bakarkako proiektu batean ari da. Izen horixe du bai taldeak, bai eta bere fikziozko pertsonaiak ere, anonimotasunean gordetzen baitu bere identitatea.

Inorrek behin eta berriz azpimarratzen du bere lanak ezagutaraztea duela jomuga, ez bere burua. Gaur egun, egiten dugun oro aditzera ematera ohituta gaudela dio, eta ideia horrekin amaitzeko sortu zituen, bai izena, bai eta pertsonaia ere. Jada berak editatutako bi maketa argitaratu ditu, eta hirugarrenarekin berehala hasiko dela jakinarazi dio TOLOSALDEKO ATARIA-ri.

Ibilbide luzea egina duzu jada musikaren munduan.

2002 inguruan Tolosako eta Irurako lagun batzuk elkartu eta Nekro taldea sortu genuen; esperientzia bikaina izan zen. Haren ostean, 2004an, Potentor musika taldean hasi nintzen, baina, taldekide bakoitzaren konpromiso pertsonalak bide, taldeari ez genion behar adina denbora eskaintzen. Horrenbestez, Potentor uztea erabaki nuen.

Baina, bakarkako proiektu batean murgiltzen zaren lehen aldia da?

Betidanik izan dut proiektu pertsonaletan murgiltzeko gogoa. Potentor utzi ostean, bide horri eusteko garaia zela iruditu zitzaidan. Bateria jotzailea naiz eta baterian soilik oinarritutako hainbat kantu sortuak nituen. Horietatik hasita ahotsa eta beste hainbat instrumentu grabatu nituen, ondoren guztia uztartu eta nire kantuak sortzeko. Oso gustura sentitzen nintzen egindakoarekin eta bide horri eustea erabaki nuen. Uste baino luzeagoa da bidea, ordea, eta gaur egun proiektu horretan murgilduta jarraitzen dut.

Bat aukeratzekotan, bi horietako zein garai duzu gustukoago?

Ezin aukeratu. Taldean arituta, egindako esfortzu guztiaren errekonozimendua jasotzea erraza da, kontzertuen bitartez. Musika sortzea eta diskoak grabatzea zoragarria da, baina ez dago jendaurrean jotzea bezalakorik. Lan guztiaren fruitua da.

Orain egiten ari naizen lana, ordea, instrumentu bakoitza banan-banan grabatu eta guztiak uztartzean datza. Kontzerturen bat eskaintzekotan, DJ lanak egin beharko nituzke, oraindik instrumentu guztiak batera jotzeko ez bainaiz gai [barreak]. Hala eta guztiz ere, esateko daukadan guztia esaten dut, inongo mugarik gabe; horixe da bakarlari izatetik gustukoen dudana. Proiektu pertsonal honetan haizeratu egiten dut, hainbat urtetan taldeetan aritu izan naizenean barruan gorde dudana.

Asko zarete musikaren munduan bakarlari lanetan aritzen zaretenok. Ez, ordea, zure bakarlari izateko modua partekatzen duzuenok. 

Asko gara, bai, musikan bakarka aritzen garenok; baina gutxi gara talde baten produktu musikala bakarka ekoizten dugunok. Beste hitz batzuetan esanda, bakarlariek, normalean, instrumentu batez eta ahotsaz osatutako kantuak ekoizten dituzte. Nire kasuan, ordea, hainbat instrumentuz eta ahotsaz osatzen ditut kantuak. Nire kantu bat entzuten duen edonork, hainbat musikarik osatutako kantua dela pentsatuko du. Gauza bera egiten dute JPLohian&Klonen Klana eta Zingira bakarlariek.

Taldean nahiz bakarka, musikan lan handia egindakoa zara. Zer egiten zaizu zailena?

Promozioa, zalantzarik gabe. Ez naiz batere iaioa. Promozio onik gabe ezinezkoa da musikari bat ezagun bilakatzea. Gaur egun ezin naiz gehiegi kexatu, Internet daukagu-eta. Erreminta horren bitartez, nire produktuen promozio prozesuan aurrerapauso ugari eman dut. Besteak beste, Youtuben kanal bat sortu berri dut eta, bertan, nire kantuak jotzen agertzen naiz. Jendeak nahi izanez gero jotzen ikasteko aukera du. Horrela, neurri batean, kontzertuak eskaini ezinaren hutsunea betetzen dut. SoundClouden ere badut kontua, eta espazio horretan nire lanak edonoren eskura daude.

Era berean, ekoizpen lanak ere ez dira batere errazak. Gaur egun ohikoa da musika produktuen masterizazioa atzerrian egitea, baina nirea ekoizpen xumea da. Ziur naiz edozein teknikarik egiten dudana ikusiko balu, hainbat zuzenketa egingo lizkidakeela.

Zailtasunak zailtasun, zein da Inorren dohain nagusia?

Estiloa dela esango nuke. Kantua sortzen hasten naizen lehen unetik, amaierara bitarte, nire estiloa mantentzen saiatzen naiz; ez dut gainerako sortzaileen musika kopiatzeko asmorik, ez eta musika estilo finkorik. Gitarratik hasi eta hainbat estilo uztartuz sortzen ditut kantuak.

Inorren lehen kantuek heavy metal estiloaren kutsu handia zuten, baina, urteak pasatu ahala, garatzen joan naiz. Orain, esaterako, pop-arekin zenbait nahasketa egiten ditut, eta baita Hego Ameriketako folklorearekin ere. Ez naiz instrumentu jotzaile oso iaioa, baina nire estiloa dut. Gainera, uste dut norbere estiloa osotasunean mantentzeko bakarlari gisa aritzea bezalakorik ez dagoela.

Egiten duzun horretatik bizitzea posible ikusten duzu?

Oso-oso zaila da. Tolosaldean ikaragarrizko musika-maila dago eta, zer esanik ez, Euskal Herrian. Gurea bezalako lurralde batean oso gutxik dute musikatik bizitzeko zortea. Gainera, ez dut berau obsesio bihurtzerik nahi. Musikan gustuko dudalako dihardut eta bertatik ez bizitzeak ez dit axola; jendeak nire musikarekin gozatzea nahikoa da.

Etorkizunari begira, zein proiektu dituzu eskuartean?

Potentorreko gitarra jotzailearen hainbat kantu lantzen ari naiz. Inorren hirugarren maketa egitea ere buruan darabilt; ea urtebete barru kaleratzen dudan. Horren bila joan ez nintzen arren, lehenengo lana oso iluna eta pisutsua da, horixe izan zen emaitza. Bigarrenean argi-izpi batzuk bistakoak dira. Ea hirugarrena argitsuagoa den!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!