«Norbere planetan ez dagoen kontu horietako bat izan da lehiaketarena»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 5a, 11:06

Joan den azaroan egindako bidaia izan du 'Hareazko erlojua' kantuaren iturburu emozionala, eta Saharari Kantari lehiaketako epaimahaia ere hunkitu du, garaipena lortuz.

Kameraren atzean bezain ezaguna da haren aurrean, eta baita mikrofonoarekin ere. Orain, ordea, Iñigo Asensiok (Tolosa, 1985) Saharari kantatzeko heldu dio mikroari, eta ez edozein modutan: Saharari Kantari abesti lehiaketan irabazle suertatu da bere Hareazko erlojua kantua, eta urrian Tindufeko kanpalekuetara bidaiatzeko aukera izango du.

Lehiaketara aurkeztu, eta irabazi. Pozik, ezta?

Egia esan, aspaldidanik ezagutzen nuen lehiaketa. Era berean, aspaldidanik buruan nuen hainbat kantu grabatu eta bakarka-edo aritzeko asmoa, baina zenbait proiektu nituen esku artean, eta beste musika talde batzuekin jotzen ere ari naiz, beraz, ez nuen denborarik ateratzen horretarako. Lehiaketak berak bultzatuta, beraz, Ander Zubillaga lagunarekin hitz egin, eta Mitxel Longaron, Alberto Garces eta Elene Arandia gurekin grabaketan izatea lortu genuen. Egia esan, kantu horien grabaketa martxan jartzea izan da nire helburu nagusia, lehiaketako garaipena bera eskuratzea baino. Baina halaxe izan denez, pozik nago, noski.

Espero gabekoa izanda, gainera, gusturago hartzen da. 

Bai. Ez dut uste horrelakoetan inork kantu bat aurkezten duenik, irabaziko duela pentsatuz, eta nire kasuan ere halaxe izan da. Joan den larunbatean ere Gasteizen jo behar izan genuen, lehiaketaren festan, eta hori ere nolabaiteko ezustekoa izan da niretzat, ez bainuen buruan gitarra bat hartu eta oholtza baten gainean kantari hastea. Hitzordu horretarako ere taldetxoa bildu eta abesti batzuk prestatu ditugu, beraz, norbere planetan ez dagoen gauza horietako bat izan da lehiaketarena.

Kaxoian zenituen abestiak plazaratzeko bidea eman dizu lehiaketak, baina, Saharar herriaren arazoak berak ere bultzatu zaitu idaztera?

Bai. Euskal Herrian, zorionez, nahiko gogoan izaten dugu beti Saharako gatazka eta, nire kasuan, joan den azaroan hara joateko aukera ere izan nuen, Euskara munduan dokumentalaren bigarren zatia grabatzeko. Askotan buruan izandako ideiak eta sentsibilizazioa areagotu egin ziren bidaia hartan, eta kantuak bertan bizi izandako hainbat sentsazio plazaratzeko aukera eman dit. Egia esan, oso azkar egin nuen, bat-batean atera zen kantuaren gehiengoa, barru-barrutik bizi izandako irudi batzuk buruan nituelako. Eta, musikak horrelakoak jendeari helarazteko balio duen neurrian, gaztazkaren inguruko aldarrikapen txiki batzuk ere baditu abestiak.

Lehiaketa honek ere badu bere saria, eta Tinduf-era bidaiatuko duzue urrian. 

Ilusio berezia sortzen dit, bertan jotzeko eta abesteko aukeraz gain, Fisahara zinema lehiaketaren barruan ariko garelako. Paradoxa dirudi, dokumentalak egitetik bizi den honek musikari moduan joan beharko duelako zinema lehiaketara. Harrigarria bezain pozgarria da, kontatu didatenez, proiekzioak hondarretan egiten baitituzte; horrelako jaialdi bat ezagutzeko aukera izugarria izango da, ikus-entzunezkoei dagokienez. Eta, horrekin batera, talde indartsu baten aurretik ariko gara oholtzan.

Musikari tolosarrak izan dituzu alboan, grabaketan. Tindufera eurekin joango zara? 

Ez dakit, egia esan, egoera gero eta zailagoa baita. Polita da inguruan hainbeste musikari lagun izatea, eta beti moldatzeko aukera izatea, baina Fisaharara joatearena zaila izango da, urrian astebeteko oporraldia hartzea ez baita erraza izaten. Oraingoz, ziur esan dezaket Ander Zubillaga ekoizle eta gitarra jotzailea etorriko dela, eta pozteakoa da oso.

Musika izan da elkarrizketa honen aitzakia, baina beste hainbat kontutan ere aritzen zara. Tindufeko kanpalekuetara, badaezpada ere, kamera hartuta joango al zara? 

Askotan pentsatzen dut, zein ona den kamera etxean utzita bidaiatzea. Euskara munduan dokumentalaren bi zatiekin 18-19 herrialde zeharkatu ditut guztira, eta sarri pentsatu izan dut kameraren zulotik begiratuta gauzak ez dituzula berdin bizitzen edo berdin ikusten. Beraz, alde batetik gustura utziko nuke kamera etxean, baina ez dut uste lortuko dudanik! Kamera nirekin eramango dut, eta bertan irudi batzuk grabatuko ditut, nahiz eta gero akaso ezertarako ez erabili, edizio lanak egiteko denborarik ez dudalako. Abestiaren bideoklipa osatzeko ideia ere bueltaka darabilt, baina ea zer ateratzen den.

'Hareazko erlojua' kantu errenkada baten lehena dela diozu, baina, grabatu gabeko kantu horiekin proiektu berri bat labean duzula aurreratzeko moduan al zara?

Bai eta ez, nire kontraesanetan murgilduta bainabil. Taldeari edo bakarkako proiektu honi Hotsneba izena jarri diot, nire izena ez nuelako erabili nahi. Beraz, izen horren atzean eta, hainbat musikarik lagunduta, abesti gehiago grabatzen eta argitaratzen joango gara; pixkana-pixkana doinuak bildu eta interneten argitaratzea da ideietako bat, ondoren akaso diskotxoren bat osatzeko. Gero, hori zuzenean defendatzeko planik ba ote dugun ez dakit. Saharan bai, eta beste konpromiso zehatz batzuetan ere bai akaso, baina oraingoz, grabazioei begira gabiltza, eta ikusiko dugu denborak zer esaten duen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!