San Joanak 2016

Hasi dira Sanjoanak, eta poztu da herri guztia

Mikel Iraola 2016ko ekainaren 23a

Tolosa CF-ren izenean Iratxe Martinek eta Eukene Larrartek piztu dute Sanjoanei hasiera eman dien suziria. Musika eta dantza izan dira nagusi jarraian. Haurrek, gainera, suaren gainetik salto egiteko aukera izan dute lehen aldiz.

Manu Aiertza, Tolosa CFko ordezkariaren Gora Tolosa, Gora Sanjoanak, Eskerrik asko denei! hitzekin batera lehertu da San Joan jaien hasierako suziria.

Eta suziriaren eztandarekin, hasi dira saltoka, txarangaren Lesaka doinuekin batera, Plaza Zaharrean bildu diren dozenaka haur. Bien bitartean, udaletxeko balkoitik bota dituzten gozokiak hartzen iaioak izan dira beste asko. Eta nola ez, ezin falta Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa. Beste behin, liluratuta utzi dituzte etxeko txikienak.

Horren guztiaren aurretik, Tolosa CF kirol taldeari omenaldia egin dio udalak, kirol modalitate guztietan lortutako emaitza bikainengatik. Bertan izan dira futbolariak, gimnastak, eskubaloi jokalariak, txirrindulariak, atletak baita pilotariak ere. "Nahi dut etorkizun batean memorian gordeta izatea 2016. urteko Sanjoanetako txupinazoa zuek bota zenutela", esan die kirolariei Olatz Peon alkateak, guztiak zoriontzerakoan. 

Lehen aldiz, suaren gainetik saltoka

Eta txarangaren doinuekin edo erraldoien dantzekin soilik ez, haurrek lehen aldiz San Joan suaren gainetik salto egiteko aukera izan dute, lehenengoz. Haurren Hiria proiektuak sustatutako ekimena izan da, eta ikusmin handia piztu du. Haur ugari izan dira, saltatzera ez bada, ikustera gerturatu direnak. Txundituta geratu dira guztiak. Airean itzulipurdia egin duenik ere izan da! 

Eta horrela, pozik, hasi dira Tolosako Sanjoanak. Jarrai dezatela horrela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!