Jon Ander Peña, gora begira

Jexux Murua 2016ko eka. 23a, 18:47

San Joanetako lau eta erdiko pilota txapelketako finalera sailkatzeko azken hiru partidak jokatu ziren atzo Beotibar Pilotalekuan. Urretabizkaia eta Peñaren aurkakoak erantzun zion ikusminari; beste biek menperatzaile garbia izan zuten.

Lehenengo partidan, gazteen mailakoan, Oier Zubeldia amezketarrak ezin izan zion eutsi Egigureni. Hasiera-hasieratik alde handia hartu zion azpeitiarrak eta gehiago izan zen jokoaren aspektu guztietan: joan, tantoari eusten, tantoak bukatzen eta partidaren tentsioari eusten. Egin zituen ahaleginak Oierrek, hiru tantora jartzea ere iritsi zen erdi aldera, baina ezin izan zuen: 9-22.

Bigarrena izan zen arratsaldeko partida. Eskualdeko bi pilotari genituen aurrez aurre: Beñat Urretabizkaia ikaztegietarra eta Jon Ander Peña tolosarra; egungo afizionatu mailako pilotari onenetakoa da Beñat ezbairik gabe eta Jon Ander, berriz, goi-mailako pilotari izateko bidean doanetakoa. Partida gogorra, bizi jokatua, boladaka joko eta tanto ikusgarriak eskaini zizkiguna, eta emozio handikoa izan zen. Irabazteko gogo gehiena zuenak irabazi zuen, tolosarrak! Bizi-bizi heldu zion ikaztegietarrak ez bezala eta aitaren batean 6-1 jarri zen irabazten bi sake tonto eta lau tanto bikain eginda. Esnatu zen ikaztegietarra, ez dezala gaizki hartu, eta partida gogortzen eta berdintzen joan zen aurrena, eta erabat Beñaten aldera erortzen hurrena: 13-17. Tolosarrak pot eginda zirudien baina, hara non, saketik falta bat, pasa, eta beste oparitxo bat egin zituen Urretabizkaiak. Peñari arnasa eman zion eta honek ez zuen alferrik galdu aukera; sufritzen ez ezik, azken tantoak jokatzen asmatu zuen: 22-19 eta partida berarentzat. Azken tantoa irabazita, lurrean etzanda amaitu zuen, zangoetan gihar uzkurdurek jota lurrean, baina pozik, gora begira. Partida bikaina jokatu baitzuen, eta bai baitzekien Urretabizkaiari irabaztea ez dela gau erdiko ahuntzaren eztula. Atzo erakutsi zuen jokoarekin bera aterako da faborito finalean; partidei eustea kostatzen zaionaren fama du, baina atzo bestelakoa erakutsi zigun. Etorkizuna du mutilak!

Hirugarrena, nagusien mailakoa hau ere, aurrenekoaren tankerakoa izan zen. Errandoneak jokatu zuen Bakaikuaren ordez Eneko Labaka albizturtarraren aurka. Hamalau tanto aski zituen Errandoneak finalean sartzeko. 22 egin zituen eta 6 bakarrik Enekok. Hasiera hasieratik aisa egin zion ihes nafarrak; ez zion partidari neurririk hartu albizturtarrak eta agudo etsi zuen. Ez zen bere mailan aritu, ezta gutxiagorik ere!

 

FINALAK, BEOTIBARREN
EKAINAK 25, LARUNBATA, 17:00ETAN

Jubenilak: Egiguren vs. Mata

Etorkizunekoak: Zubizarreta vs. Salaberria

Nagusiak: Peña vs. Errandonea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!