Rebeka Ubera: "Guztion artean adostu behar dugu osasun gaiaren irtenbidea"

Ataria 2016ko ekainaren 23a

Rebeka Ubera hitz egiten, Trianguloa plazan egindako solasaldian.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea Tolosan izan da, osasun publikoari buruz hitz egiten, Espainiako hauteskundeen kanpainaren barruan.

EH Bildutik Tolosaldeko osasun sistema "publifikatzearen alde" egiten dutela azaldu du Uberak, eta gaineratu: "Pentsatzen dugu guztion artean adostu behar dugula irtenbidea". Tolosaldeko eta Tolosako osasun sistema publikoaren egoera EH Bildurentzat "lan iraunkorra" dela azaldu du, "bereziki kezkatzen gaituelako". Hainbat ekimen egin dituztela gaineratu du, "bertako eragileekin eta herritarrekin kontrastatu eta partekatu, eta lan egin dugu, eta Tolosara etorri gara guk egoera nola ikusten dugun azaltzera".

EH Bilduko ordezkariak azaldu duenez, "berriki proposamen bat aurkeztu dugu, berriro ere, mahai bat osatzearena, inplikatuak dauden parte guztiak bertan egoteko: Asuncion Klinikako ordezkariak, osasun sistema publikokoak, udaletakoak, TOPA... Guztien artean ebaluazio ekonomiko-tekniko sakon bat egitea proposatzen dugu, eta hortik aurrera etorkizunera begirako planteamendua adostea". Mahaia osatzeko "une oso aproposa" dela esan du Uberak: "Udazkenean Osakidetzak Asuncion Klinikarekin duen hitzarmena amaitu egiten da. Beraz, pentsatzen dugu orain dela unea guzti hori aztertu ahal izateko".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!