Txintxarriak, zortzikoa eta tiroak. Hiru hitz nahikoa dira, ekainaren 24ko zirrara odolean daramatenei oilo-ipurdia eragiteko. Kanpotarrentzat toloxarkeriak direnak, urteko egun garrantzitsuenak bilakatzen baitira Onintze Hartsuaga (1988), Xanti Nazabal (1996), Irati Artutxa (1989) eta Juan Urretabizkaia (1990) bezalako hainbatentzat. Bordondantzari belaunaldi berri baten lekuko zuzenak dira laurak.
Laurok ere parte hartze zuzena duzue sanjoanetan.
Irati Artutxa. Tolosakoak garelako, ezta? Ez, Udaberriko kide gara, eta taldeak parte hartze handia du sanjoanetan. Bezperan dantza emanaldia izaten dugu, eta egunean bertan ere bordondantzan ateratzen gara.
Juan Urretabizkaia. Nik uste dut izaera kontua ere badela, eta Udaberrin egongo ez bagina, beste nonbait ibiliko ginatekeela, aurrera eta atzera. Baina, horrez gain, Udaberrik aukera ematen digu festaren beste zati batean ere aritzeko.
Onintze Hartsuaga. Bai. Ni bordondantzan hasi baino lehen eskopetariekin ateratzen nintzen, eta uste dut, Udaberrikoak izan gabe ere, parte-hartzaileak garela, berez, festaren zati izatea gustuko dugula.
Tradizioari estu lotutako jaia da San Joan egunekoa. Zuek nola ezagutu duzue tradizio hori?
O.H. Nik sanjoanen inguruan ditudan oroitzapenak San Joan suarenak dira, ondoren dantza eta abesbatza emanaldiak ikusten genituen beti. San Joan egunean, berriz, eskopetariei begira pasatako urteez gogoratzen naiz, aita ateratzen baitzen Peña Unionekin. Egia esan, dantzariak aurreskuan bakarrik ikusten genituen, Zumardian.
X.N. Gure gurasoak Udaberriko kide izan direnez, dantza emanaldiak eta San Joan eguneko desfilea ikustera ateratzen ginela gogoan dut.
J.U. Nik Tolosan bizi izan ditut beti sanjoanak, baina ez herrian, Urkizuko baserrian baizik. Sua bertan egiten genuen, eta su artifizialak ere handik ikusten genituen. Hilaren 24an gurasoekin meza nagusira etortzen nintzen, baina bazkaltzera berriro baserrira itzultzen ginen.
I.A. Nik Txalupa tabernako balkoitik begira pasatako orduen oroitzapenak ditut. Gurasoak han aritzen ziren lanean, eta kuadrillei nahiz eskopetariei begiratzen nien handik. Sua ikustera ez nintzen joaten, gurasoak lanean izaten zirelako, eta ETBn Tolosakoa emititzen zutenez, telebistan ikusten nuen. San Joan egunean, berriz, zortzi urte nituela hasi nintzen eskopetariekin ateratzen. Lagun batzuk ateratzen ziren, eta amari esan nion: «Hurrengo urtean nik hor egon beharra daukat».
Bordondantzariak zarete laurok, eta jende gehienak ekainaren 24ko ordu horietan soilik ikusten zaituzte. Baina, zein lan du horrek atzetik?
O.H. Aste Santu ondorengo lehen ostegunean hasten gara entseguetan, ekainera arte.
O.H. Horrez gain, astero-astero Udaberriko entseguak ere izaten ditugu, beste hiru astean.
J.U. Kontuan izan behar da, Udaberri gauza bat dela eta bordondantza beste bat. Egia da Udaberriko kide ia gehienok bordondantzan parte hartzen dugula, baina bordondantzan ere parte hartzen dute gaur egun Udaberriko kide ez diren askok. Beraz, beren asterokoa gure asteko laugarren bilakatzen da, baina joan egin behar izaten da ilarak zehazteko. Baina, entseguekin batera, bordondantzak beste hainbat prestaketa ditu, adibidez, jantziei edo materialari dagokienez.
O.H. Bai, aste eta erdi baino gehiago daramagu jada, galtzak, gonak eta alkandorak lisatzen eta zenbatzen.
Berezko zifra 25 da, baina zenbat jantzi prestatzen dituzue?
O.H. Dauzkagun jantzi guztiak prestatzen ditugu eta, emakume eta gizonen trajeak zenbatuta, guztira 34-35 jantzi dira.
Sanferminetako momentikoen antzera, San Joan egunak ere badu berea: meza amaitu eta Santa Maria plazako txintxarri, kanpai, danbor eta tiro hotsen uztartzearena. Nola bizi duzue, barrutik?
J.U. Nik bi modutara bizi ahal izan dut. Ilaren barruan gozatzen nuen, noski, baina kapitain gisa desberdina da. Jendearen begiradetan nabaritzen da une garrantzitsua badatorrela, eskopetariak isildu egiten dira pixkana, eta bidea irekitzen digute plazan sartzeko. Soinu pilo bat dago baina, aldi berean, isiltasuna sentitzen dut nire buruan, eta urduritasuna. Banda, eskopetariak eta txistulariak batera aritzen dira, baina zuk txistua eta txintxarriak bakarrik entzuten dituzu. Ziur aski dantzarion frikikeria izango da...
X.N. Niri gauza bera gertatzen zait. Lehenengo urtean saiatzen nintzen giroari begiratzen, baina ezinezkoa da. Plazaren erdi-erdian zaude, eta atera aurreko uneak ere tentsioz betetakoak izaten dira.
J.U. Bai, inoiz ez baitakigu noiz atera behar dugun [barreak]. San Roke, Izaskun eta ondoren gu sartzen gara, baina beti zalantzekin ibiltzen gara.
X.N. Irten baino lehen, elizara sartzen gara batzuk, atzeko ate txikitik, San Joan zortzikoa entzutera, oso kontuz, txintxarriak entzun ez daitezen.
O.H. Tentsioa lehenengo pausoa eman arte izaten da, behin dantzan hasita, urduritasuna apaldu egiten da.
J.U. Bai, gainera tentsioa ez da zehazki dantza ondo egiteagatik ere. Une hori bere horretan garrantzitsua da, eta horrek sortzen du guztia.
O.H. Jende pilo bat dago, eta mundu guztia ikusten duzu, baina, era berean, inor ez.
X.N. Oilo larrua oraintxe...
Urtero errepikatzen den unea da, baina, zuen lehen aldia ondo gogoan izango duzue.
I.A. Nik ez dakit gozatu ote nuen ere. Plazan sartu eta bost minutu barru berriro aldatzen ginela sentitu nuen. Oso urduri geunden, eta ez zait sentipen hura ahaztuko.
O.H. Nik orain bi urte parte hartu nuen lehenengoz, arratsaldean, eta uste dut lortu nuela gozatzea.
J.U. Goizean tentsio handiagoa izaten da, hala ere. Bordondantza berez arratsaldean egiten dena bakarrik da, baina goiza edo arratsaldea aukeratzeko emango balizkidate, goiza aukeratuko nuke. Askoz ere hunkigarriagoa da. Ez da gauza bera udaletxetik irtetea edo eliza atzetik irtetea, eta giroa ere desberdina da; jendeak urte osoa darama doinu horren zain.
X.N. Eta herri osoa egoten da goizean kalean, sekulakoa da, kale guzti-guztietan egoten den jendetza.
Urteko egun garrantzitsuena da Tolosan?
O.H. Bai.
X.N. Bai, niretzat bai.
I.A. Bai, eta politena.
X.N. Ni zain egoten naiz, egun hori noiz iritsiko.
Sanjoanetako tradizioa bizirik mantentzearen errudunetako batzuk zarete baina, aldi berean, tradizioa berritu izanaren lekuko ere bai, emakumeen parte hartzearekin. Nola bizi izan zenuten?
X.N. Ikusten zen zerbait berezia gertatzen ari zela, jendearen erreakzioengatik baina, nik, pertsonalki, naturaltasun osoz hartu nuen.
J.U. Guk talde bizitza egiten dugu Udaberrin, erabat, beraz, niretzat ez zen berezia izan gizon-emakumeok elkarrekin dantza egitea; egunero egiten dugu. Arraroa egiten zitzaidana aurreko urteetakoa zen: dantzari emakumeak eskopetariz zeudela ikustea, jantziekin laguntzera etortzen zirela ikustea; dantzan genero hutsagatik ateratzen ez zirela ikustea. Eta, bestalde, ohore handia izan zen, kapitain postuan dantzatu nuen lehen urtea izan baitzen emakumeen lehen urtea. Oso polita izan zen.
O.H. Nik lehen urte hura kanpotik bizi izan nuen, eta uste dut askoz ere garrantzi handiagoa eman zitzaiola kanpotik, barrutik baino. Nesken aldeko animoak entzuten ziren, eta ziur ordura arte jarraitzea nahiago zuenik ere bazela. Baina uste dut kanpoko jendeak eman duela aldeko edo kontrako iritzia, barrukook baino. Aspaldi gertatu behar zuen zerbait bezala ikusten genuen, eta gertatu zen unean zerbait normaltzat hartu genuen.
I.A. 2013an begiradak gure gainean sentitzen genituen.
Tolosar asko emakumeak noiz aterako zain zeuden.
X.N. Bai, bai.
J.U. Beharbada geronek ez genuen lorpen bezala bizi izan, ez dugulako gatazkarik izan horra iristeko. Urtebete lehenago izan zitekeen, edo hurrengo urtean, baina 2013an gertatu zen, eta kitto.
Juan eta Xanti, zuek dantzari gisa baino ez duzue San Joan eguna ezagutzen. Zuek, aldiz, Onintze eta Irati, eskopetariaren eguna ere bizi izan duzue sarri. Zein desberdintasun dago bien artean?
O.H. Oso-oso desberdina da.
I.A. Zaila da bietako bat aukeratzea, baina dantzari moduan bizitzen duzuna... sekulakoa da.
O.H. Festako ezinbesteko pieza dira dantzariak, eta jende askok eta askok ez du aukerarik hor ateratzeko; bereziagoa da.
I.A. Dantzari moduan aterata kontzentratuago zaude, batzuk eguzkia baino lehen etxetik ateratzen direlako, eta iluntzeko 20:00ak bitarte ez dugulako bukatzen. Eskopetariekin parranda giroa erabatekoa da, egun osoan.
Arratsaldeko lauretan Plaza Zaharrean hitzordua egiten duzuenean, inbidia pixka bat ere emango dizuete eskopetariek, ezta?
J.U. Niri bai, noski. Ni eguerdian etxera joaten naiz bazkaltzera, eta siesta txiki bat egitera, baina eskopetaria banintz, orduan litzateke unerik onenetarikoa.
O.H. Niri ez didate inbidiarik ematen, baina argi daukat dantzan ateratzen ez naizen urtean eskopetariekin aterako naizela, eta ez naizela festari kanpotik begira egongo.
Ekainaren 24ak baditu herritar askorentzat ezezagunak diren uneak, batez ere dantzarien plazaratzearen aurrekoak. Nola hasten da bordondantzari baten San Joan eguna?
X.N. Nire eguna bezperatik hasten da: emanaldia bukatu, luzaketak egin eta etxera. Hurrengo egunean, 04:30ak aldera jaiki eta lizarrak moztera joaten gara, 05:30 aldera, oraindik ilun.
J.U. Nik 05:15 aldera egiten dut hitzordua, Trianguloan, eta gu botatako lizarrak biltzera joaten gara kamioiarekin. Gero, Alde Zaharrean barrena botatzen ditugu, besteek jar ditzaten. Iaz pasadizoren bat izan genuen, gainera, ertzainekin [barreak].
I.A. Bai, gu azken txandan jaikitzen gara, eta kaleak apaintzen ditugu.
J.U. Gosaria ere nabarmentzekoa izaten da. Zumetara joan, eta sekula jan izan ez bagenu bezala aritzen gara. Salda, arrautzak, txistorra, patatak, hirugiharra, gazta, irasagarra eta kafea. Eta ni hasi nintzenean, bazen anis kopa hartzen zuenik ere; orain ez.
O.H. Orduan hasten dira urduritasunak.
X.N. Zumetan gaudenekoa oso polita izaten da, konpainia guzti-guztiak desfilatzen pasatzen baitira paretik, Agintari kalean gora.
Momentu asko errepasatu dituzue jada, baina San Joan eguneko une kuttunena aukeratu beharko bazenute, zein litzateke?
O.H. Niretzat plazara lehen aldiz irteten garenekoa.
X.N. Nik ere hori esango nuke, baina iaz Zumardiaundiko aurreskuan atzesku izan nintzen, eta ama atera nuen, hari ohorezko agurra egiteko. Ez zait sekula ahaztuko, nire bordondantzako bizipen ederrena da, gehien hunkitu nauena.
I.A. Nik plazakoa gustuko dut, baina, egia esan, arratsaldean, Zumarditik bueltan, agintariei azken zubia egiteko korrika abiatzen gara, eta urtetik urtera lehenago hasten gara korrika. Oso-oso ondo pasatzen dut [barreak].
J.U. Nik ere lehen zortzikoa dantzatzen dugunekoa aukeratuko nuke, baina, Xantiren bidetik, atzesku nintzela arrebari dantza egin nionekoa barruan gordeta dut. Zure dantzari bizitza eta zure bizitza pertsonalaren arteko lotura egiten du nolabait.
Aurreskua bukatu eta guztia jasota, orduan hasten da zuen eskopetari bizitza.
J.U. Edo futbolari bizitza, gure bordondantzari kamisetengatik barre pixka bat egin izan digute eta. Denak festan bete-betean sartuta daudenean, gu orduan hasten gara saltsan sartzen, desorekatu samar, baina ederki pasatzen dugu.
O.H. Raku tabernaren kanpoaldean txarangarekin sortzen den giro hori errepikaezina izaten da. Han eskopetari guztiak eta dantzari guztiak egoten dira, adin guztietakoak.
Eta, adinaren harira, belaunaldi berriek bordondantzari eutsiko diotela uste duzue?
J.U. Nik uste dut festak bere horretan jarraituko duela, baina arratsaldeko aurreskuaren unea aldatu egingo dela. Batetik, luzera eta, bestetik, mutilek neska bat ateratzearena edo neskek mutil bat. Gaur egun formatu horri ez diot zentzurik ikusten, egia esan. Horrelako zerbait egingo nuke, baina beste modu batera.
X.N. Nik Zumardiaundikoa mantendu egingo nuke aldiz, lekua paregabea iruditzen zait.
O.H. Nik, egia esan, ez dut sekula pentsatu hamar urte barru nola egongo garen. Duela hamar urte, adibidez, neskak artean ez ginen ateratzen.
J.U. Soka dantzaren ondoren pururik ez digu oparituko aurten udalak, eta hori aldaketa bat da [barreak]. Ez zuen zentzurik, egia esan. Antzinako tradizio zahar hori berritzeko garaia zen, puruekin ez baitugu ezer egiten. Eta, bordondantzaren bizirautearekin ere zalantza handiegirik ez dut, eta, are gutxiago, emakumeak parte hartzen hasi zaretenez geroztik. Udaberriren etorkizuna ikusita, behintzat, bordondantzak etorkizun oparoa du.