Lau egunetan bederatzi kontzertu eskainiko ditu TolosandBlues jaialdiak

Mikel Iraola 2016ko eka. 22a, 11:18

Ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean ospatuko da Tolosako Blues jaialdiaren 12. edizioa. Mundu mailako onenen artean dagoen Shakura S'Aida izango da aurtengo izarra. 

Badu berezitik blues musikak. "Segituan harrapatzen zaituen horietakoa" dela dio Iñigo Martin, TolosandBlues-eko aholkulariak. Bada, gero eta tolosar gehiago harrapatzen ditu musika jaialdi honek, eta bide horretatik, udalak indartzeko apustua egin du, XII. edizio honetako aurrekontua igoz. "Urtetik urtera gero eta jende gehiago mugitzen da kontzertuen baitan", dio Olatz Peon alkateak.  

Lau egunetan bederatzi kontzertuz gozatzeko aukera izango da. Tokikotasuna eta nazioartekotasuna uztartuko ditu hamabigarren edizio honek, Euskal Herriko nahiz munduko beste hainbat txokotatik etorritako taldeak izango baitira Tolosan. Hauxe izango da egitaraua:

EKAINAK 30, osteguna

BLUECIFER & DIABLUES - Mª Luisa Agirre Doktorearen Plaza - 20:30
Talde bergararra. Bluesaren sustrai sakonetaraino sartzen dira bere doinuak, Mississippiko doinu zaharrei ukitu berezia emanez. 

UZTAILAK 1, ostirala

GHOST NUMBER & HIS TIPSY GYPSIES - Illargi taberna - 20:00
Iñigo Martinen esanetan, aurtengo "nobedadeetako bat". Donostian sortutako talde hau zertxobait aldentzen da blues doinuetatik, eta 40ko hamarkadara bidaiatzen du, Amerika sakoneko eta Europa ekialde zaharreko hotsen bila. Soul Western eta Country western doinuak dituzte ardatz. "Talde originalenetako bat, dudarik gabe". 

THE EXCITEMENTS - Euskal Herria Plaza - 22:30
Europa mailan gogor jotzen ari den taldea da. Bezperan, esaterako, Suitzan emango dute kontzertua, eta Tolosan jo ondoren, Alemaniara bidaiatuko dute. Euskal Herrian eskainiko duten kontzertu bakarra izango da, beraz. Bartzelonan sortu zen 2010. urtean, eta R&B eta Early Soul doinuak uztartzen ditu. 

UZTAILAK 2, larunbata

DAVID PHILIPS - Lopez Mendizabal Plaza - 13:00
Ospe handiko bakarlari britainiarrak kontzertu akustikoa eskainiko du.

DR. SWINGEZ - Solana 4 - 19:00
Puntako hiru musikarik osatzen dute taldea, Julio Vallejo, Manolo German eta Olivier Rocquek. Soul blues eta reggae doinuak oinarri gisa hartuta, zuzeneko indartsuak eskaintzen dituzte. 

SHAKURA S'AIDA ETA WHITE TOWELS - Plaza Berria - 22:30
White Towels Hondarribian sortutako taldea da, eta doinu klasiko eta estandarrak eskaintzen ditu. Nia abeslariaren ahots indartsua da ezaugarri nabarmenenetako bat. Shakura S'aida berriz, aurtengo izarra izango da. Mundu mailan onenen artean dagoen taldea da, erreferente bat blues musikan. "Ez da samurra izan boskote hau ekartzea, eskakizun ugari izaten baitituzte". 

UZTAILAK 3, igandea

DR. SWINGEZ - Saikin 2 taberna - 13:30

ELKANO BROWNING CREAM - Txurreria - 20:00
Euskal Herriko talde ezagunenetako bat Mikel Azpiroz pianista donostiarrak koordinatutako taldea. Melodia landuak dituzte, funky eta soul doinuak uztartuz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!