Ez legoke sobera esatea, Amaia Mancisidorrek (Tolosa, 1983) eta Garikoitz Lekuonak (Hondarribia, 1975) alardea ia herentziaz jaso dutela. Tolosarra da bata, eta Tolosan lan egiten duen hondarribitarra, bestea, baina jaioterrien desberdintasuna txikikeria bilakatzen da, jaioterri horietako alardeetan emakumeen parte hartzeari begiratuz gero.
Hain kilometro gutxira dauden bi herritan, oso errealitate desberdinak ezagutzen dituzue, emakumeen parte hartzeari dagokionez. Nola ikusten duzue zuenetik bestearena?
Amaia Mancisidor. Nik txikitatik bizi izan dut festa hau, baina egia da zenbait elkartetan emakumeek ezin zutela parte hartu, hasieran. Pixkana, ordea, Tolosan naturaltasun osoz txertatu dira emakumeak festara; Lizardi konpainiak 33 urte daramatza. Hangoa ez dut oso gertutik ezagutzen, baina gogoan dut lagun hondarribitar batzuek nola kontatu izan diguten, alardearen auziak iskanbilak sortu dituela, beren familia eta lagunen artean. Nik, Tolosan, ez dut horrelakorik sentitzen, inondik inora.
Garikoitz Lekuona. Nik inbidia puntu batekin ikusten dut Tolosakoa, baina uste dut testuingurua desberdina dela. Zuk, Amaia, 33 urte aipatu dituzu, eta hori 1980ko hamarkada da. Diktadurak zer ekarri zuen ikusi behar da, eta Francoren heriotzarekin, ordura arteko mugekin apurtzeko grina sortu zela. Pentsatzen dut momentu hartan gertatu ziren aldaketak, akaso, errazagoak izan zirela. Izan ere, gure kasuan 1990eko hamarkadaz ari gara, modu antolatuan orduan hasi baitzen emakumeen parte hartzea. Hondarribin eta Irunen pauso hori ematea erabaki zen unean, testuingurua ez zen oso aldekoa. Zergatik? 1990ko hamarkadan krisi sozioekonomikoa sortu eta, aduanaren erortzearekin, frustrazio bat sortu zelako. Nire ustez, alardea herri horien benetako nortasunaren azken ikur bezala ikusi zituzten une hartan, eta alardearen figura tradizional horri heldu nahi izan diote askok, nortasun hori mantentzeko-edo: «Hau, behintzat, ez dute aldatuko».
A. M. Kontatu izan didatenez, Tolosan lau konpainia zeuden, eta bakar batean ere ez zieten emakumeei sartzen utzi; horregatik sortu zuten euren konpainia. Oraindik emakumeen konpainia gisa mantentzen da, baina gizonezkoak ere sar daitezke noski. Egia esan,Lizardi emakumeen konpainia izatea aurpegiratu izan digute, baina, bere garaian, behar bati erantzuteko sortu zen eta, berriro diot, ateak zabalik daude.
Tolosako egoera normalizatuagoa den arren, hutsunerik ikusten diozue?
A. M. Nire ustez hutsune bat da gure konpainian oraindik gizonezkorik ez ateratzea. Horrez gain, gai horren inguruan pauso asko dago, oraindik, emateko. Aurten emakumezko kapitain berri bat irtengo da, eta uste dut hori aldatzen joango dela pixkana, baina elkarteetako prozesu horren erritmoan joango da. Tolosako elkarte askotan, oraindik, gehiengoa gizonezkoak dira, eta eskopetarietako kapitainak gizonezkoak izan dira historian barrena. Emakumeak elkarteetan sartzen doazen heinean, ordea, hori ere aldatzen joango da.
G.L. Nik biei ikusten diedan hutsunea kutsu militar zurrun hori da. Festa egun bat da baina, aldi berean, oso markatua; hemen beharbada ez hainbeste, baina gurean bai. Kapitaina, tenientea,... Hori ez da gainditu, guztia zibilagoa edo naturalagoa izan dadin.
A.M. Baina, azken finean, arma errebisio bat irudikatzen da, eta uste dut pixka bat mantendu behar dela seriotasun hori. Tolosan kutsu hori gero eta txikiagoa da, gazte gehienek historia hori ezagutzen ez dutelako. Jendea parrandara ateratzen da, eta kitto. Aurreko batean norbaitek esan zidan, Hondarribian zuzen-zuzen joaten zaretela, eta abar. Nik hemen horren falta somatzen dut.
Inauteri kutsu gehiegi hemen?
A. M. Bai, bai. Jendeak sanjoanak parrandarekin erlazionatzen ditu, eta oso ondo dago, baina ez da ahaztu behar arma batekin gabiltzala kalean, eta kontuz ibili behar dugula.
G.L. Bai, baina tradizioa immobilismoarekin erlazionatzen da sarri, eta horrek nolabaiteko garapen bat ere behar du.
Gazteen artean sustraituriko ohitura da alardea, bi herrietan. Horrek aldaketarako aukerak handitzen ditu?
A. M. Bai, aldatzen ari da jada.
G.L. Hondarribian alardea Guadalupeko ama birjinari eskainitako zerbait zen, baina gazteek ez dute halakorik ospatzen, noski. Parranda egitera joaten dira eta, areago, belaunaldi berriek gainditu dute gure liskarra: betiko alardean edo Jaizkibelen parte hartzea jada ez da zatiketarako arrazo; ez, behintzat, lehengo moduan. Jendeak askatasun gehiagorekin bizi du guztia eta tradizio guztiek bezala, denboran irauteko, ezinbestean aldatuko da, poliki-poliki.
Nola irudikatzen dituzue hamar urte barruko alardeak?
G.L. Jada usaintzen da, eta badakit momenturen batean gurea konpondu egingo dela. Jaizkibelen 500 kide gara, talde indartsu bat, errealitate bat, eta ezin gaituzte gutxietsi; belaunaldi berriekin, gainera, goruntz joango da. Gurasoek seme-alaben gogoa onartu egin beharko dute, eta aldaketetara egokitu. Baina etorkizuna geurea da, hori ziur.
A. M. Tolosan orain arteko bideari eutsiko diogula uste dut eta, Lizardiren kasuan, urteren batean mutilak sartuko direla. Gazteen ohituren bidetik joango da guztia, eta hamar urte barru, akaso, emakumezko kapitain gehiago ikusiko ditugu. Azken urteotan sortu diren konpainiak oso gazteak dira, eta horrek ere erreleboa ekarriko du, zentzu guztietan.