Auzoko festen lehen harria ote?

Itzea Urkizu / Mikel Iraola 2016ko ekainaren 18a

Tolosako Iurre auzoak 25 urte bete ditu aurten, eta festa eguna ospatzen ari dira, goizean goizetik.

1991. urtea zen norvegiarren lantegi zaharra zeneko lursailean etxebizitzak eraiki eta auzotarrez betetzen hasi zirenean. Mende laurdena igaro da orduz geroztik, eta Iurre auzoa belaunaldi berrien lekuko izan da urteotan guztiotan. Aitzakia hoberik ez dute behar izan, bizilagunek, egun osoko festa egiteko.

Ohitura onei helduz, dianarekin festa hasieraren seinalea iragarri dute auzoan –baita supermerkatuan ere, hainbaten harridurarako–bizilagunez osaturiko txarangarekin eta, hortik aurrera, norbere trebeziaren arabera antolatu behar izan dute iurretarrek, tokan, 3x3an, lokotx biltzean nahiz bestelako hitzorduetan aritzeko.

Euskal Herriko gainontzeko herri eta auzoetan bezala, Iurren ere ez da gastronomiaren bueltan antolaturiko hitzordurik falta izan, eta pintxopoterako patata tortilek antolatzaileen aurreikuspenak bete dituzte: guztira 50 tortila egin dituzte auzotarrek, poteora bertaratu direnen gozamenerako. Jan ez dituztenak iluntzerako gorde dituzte.

Behin bazkal aurreko gosea piztu eta gero, auzo bazkariak karpan 200 pertsonari eman dio aterpe, eta topa erraldoi batekin bidea ireki diote otorduari. Eguna gozatu eta balorazioak egiteko ordua iritsitakoan, ziur izango dela 2017ko Iurreko jaiak antolatzeko proposamena egingo duenik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!