"Lehen sektoreak badaki nork defendatu dituen bere interesak eta beharrak Madrilen"

Asier Imaz 2016ko eka. 18a, 15:40

EAJk hauteskunde kanpainako ekitaldia egin du Tolosan, gaur goizean. Gipuzkoatik Kongresurako eta Senaturako EAJko hautagaiak, Joseba Agirretxea eta MªEugenia Iparragirre, bertan izan dira.

Beraiekin batera, besteak beste, Olatz Peon Tolosako alkatea, Ana Leunda Irurako alkatea, Jokin Bildarratz senataria, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, eta Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua zeuden.

Lehenik azokan itzuli bat eman dute, hainbat ekoizlerekin hitz egiteko tartea hartuz. Ondoren, udaletxearen aurrean ekitaldi politikoa egin dute.

Kongresurako zerrendaburu gipuzkoarrak, Joseba Agirretxeak adierazi duenez, "norbaitek defendatu baditu nekazari eta arrantzaleen interes eta beharrak Madrilen, EAJ izan da, eta sektoreak hori badaki". Bide horretan jarraitzeko "apustu irmoa" egin du Agirretxeak: "Lehen sektorea, paisai zaintzaile, kultur gordeleku, ingurugiro babesle, etab. izateaz gain, jarduera ekonomiko garrantzitsu bat da, eta horregatik ezinbestekoa da hau zaintzea”. Lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituela nabarmendu du Agirretxeak.

Jeltzaleek lehen sektorean egindako politiken "arrakasta" sektorea beraren baitan dagoela esan du Agirretxeak: “Hartu ditugun erabaki guztiak sektorearekin batera hartu direlako da; ezin da politikarik aurrera eraman sektorea bera kontuan hartu gabe". Hala eta guztiz ere, lehen sektore lehiakorrago eta prestatuago baten aldeko apustua egin beharra dagoela gaineratu du EAJren hautagaiak. Eta zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzan lana nabarmendu ditu.

Bestetik, orain arte Madrilen Espainiako Gobernuaren eskutik ikusi duen jarrera salatu du Gipuzkoako zerrendaburuak: “Gurea den eskuduntzan Espainiako Gobernuak eragin nahi izan du, gainontzeko arloetan bezala, honetan ere berzentralizazio jarrera erakutsiz”. Horren aurrean, EAJk euskal eskumenak irmoki defendatuko dituela ziurtatu du Agirretxeak, Espainiako Gobernuari mezu bat bidaliz: “Gure politikak diseinatzen uztea exijitzen dugu, horrela dagokigulako eta argi erakutsi dugulako ondo kudeatzen badakigula”.

Olatz Peon Tolosako alkateak ere hitza hartu du ekitaldi politikoan, Tolosa eredu bezala hartuz: "Merkataritzak, zerbitzuak eta ostalaritzak Tolosan duen garrantzi ekonomikoaren islada, herrian sortzen dituen lanpostu kopuruetan argi ikusten da. Sektore honek 1.500 lanpostu zuzen sortzen ditu herrian, udalerriko Barne Produktu Gordinean %15 inguruko ekarpena suposatzen duelarik". Azoka ere izan du hizpide Tolosako alkateak, urtero 3,5 milioi euroko eragin ekonomikoa duela nabarmenduz; inguruko kometrzioetan ere azokak eragina baitauka.

Azkenik, Tolosako alkateak lankidetzarako deia egin du, Olatz Peonen ustez "Udaleko Merkataritza, Feriak eta Turismo sailak iadanik hasitako lankidetza dinamikak garatzen jarraitzea ezinbestekoa da; merkataritza, azokak eta turismoko eragileen arteko lankidetza erraztu eta sustatuz lortuko dugulako herriko ekonomia suspertzea”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!