"Madrilen Euskal Herriarentzat proposamen zehatzak egiteko beharra" azpimarratu du Beitialarrangoitiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 18a, 12:17

Ekitaldi politikoaren ondotik, afaria izan zen Tolosako Zerkausian.

Euskal Herria Bilduk ekitaldi politikoa izan zuen, atzo, Zerkausian; Marian Beitialarrangoitiarekin batera, Iñaki Ostolaza eta Aitzol Cajaraville izan ziren hizlariak.

Hilaren 26ko Espainiako Gorteetarako mezuei ekiteko, euskal ahotsek Madrilen duten garrantzia helarazi nahi izan zien, Marian Beitialarrangoitiak, herritarrek egindako galderei erantzunez: "Zenbaitek botoa alderdi handiagoetara bideratzen dute, botoa erabilgarri egitearren, baina, gure txikian, euskal ahotsa Madrilera eramango dugun talde politikoak ezinbesteko gara, euskal gizartearen interesak defendatzeko".

Bide horretan, hautagaiak "argi" dauka elkarlana behar-beharrezkoa izango dela, alderdi abertzaleen artean, eta EAJri horretarako asmorik ez azaltzea egotzi zion: "Ez dut ulertzen EAJk zergatik ikusten duen EH Bildu etsai gisa, etsaia Madrilen duen bitartean. Bide horretan, harrigarria da, EH Bilduri tratu hori ematen dion bitartean,  Borboiari Donostian harrera egiteko arazorik ez izatea".

Azkenik, Podemosi begira ere jarri zen Beitialarrangoitia, Iglesiasen alderdiak "Euskal Herrirako eskaintzarik ez" duela azpimarratuz. Espainiako telebista kateetan emititu berri den debatea ekarri zuen gogora, eta bertan erabakitzeko eskubidearen inguruan izandako iritzi trukea hizpide izan zuen EH Bilduko hautagaiak: "Bueltan-bueltan, laurek gauza berbera proposatu zuten: konstituzioa aldatuta soilik gauza litekeela erabakitzeko eskubide hori eta, horretarako, baiezkoa Espainia osoak eman beharko duela. Argi dago, beraz, Podemosentzat erabakigunea non dagoen, Espainian".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!