Barruko su morea kalera

Ataria 2016ko eka. 17a, 17:57

Batukada Feministaren entsegua San Esteban auzoan.

Batukalejira Morea egingo dute bihar Tolosako kaleetatik, aldarrikapena eta festa uztartuz batukadaren erritmora.

San Joan Jaien atarian, Batukalejira Morea antolatu dute biharko, 19:00etan hasita, Trianguloa plazatik. Oihana Ugarte Batukada Feministaren kideak azaldu duenez, «Tolosako Udalak antolatzen duen Jabekuntza Eskolaren barruan Batukada Feministaren ikastaroa dago, eta pare bat aldiz ateratzen gara kalera jotzera».

Bigarren saioa San Joan Jaietan izaten da. «Atera izan garenean beste eragileekin harremanetan jarri gabe izan da», esan du Ugartek. «Beste herri batzuetara jotzera joan izan garenean, Batukada Feministen deialdiak egiten baitira Gipuzkoan zehar, ikusi dugu egiten diren batukada saioak beste emakume talde eta eragileekin batera egiten direla. Aldarrikapen batzuk bideratzen direla, ekintza batzuk eginez kalejira egiten den bitartean».

Horrela, ikusi zuten alor horretan hutsunea zegoela Tolosan. «Ateratzen ginen kalera jotzera, denek ikusten zuten emakume pila bat danborra jotzen eta hor geratzen zela kontua», esan du Ugartek, eta gaineratu: «Ikusten genuen emakume talde eta eragileak elkartu eta zerbait egiteko beharra».

Batukada abiapuntu

Tolosako Batukada Feministakoek pare bat bilera egin dituzte zenbait kolektiborekin, eta deialdia egin dute «kalejira morea» egiteko. «Abiapuntua da kalejira alai batean ateratzea, eta gero aurrera begira ikustea nola saretu gaitezkeen. Jende asko dago gauzak egiten bere aldetik eta aitzakia bat da batukadarekin kalejira egitearena, hasiera emateko zerbait berriari», esan du Ugartek.

Eragileen artean «ilusio handiarekin» hartu dela ekimena gaineratu du Ugartek: «Indarrak batzen direnean gauza ezberdinak atera daitezke. Elkar ezagutzeko aukera izan dugu dagoeneko, eta gero elkarlan horretan aurrera egiteko aukerak ikusiko ditugu. Sanjoanetan hasiko gara kalejira honekin eta aurrera begira ikusiko da zertara bideratzen den indar hori».

Batukada Feministan hamabost kide inguru daude egun. «Batukada sare handi bat dago Gipuzkoan eta deialdiak egiten direnean, nahi duena joaten da parte hartzera. Tolosara jotzera etortzen direnak, beste leku batzuetatik ere etorriko dira. Ez dira Tolosakoak bakarrik ariko, beste herrietatik ere etorriko direla espero dugu».

Kalejiran parte hartzeko Tolosaldeko emakume talde guztiei deialdia egiten diete. «Emakume ugari elkartzea eta ondo pasatzea da gure helburua. Udaleko egitarauan sartu gaituzte eta aprobetxatu nahi dugu zerbait deigarria egiteko, erakusketako hor gaudela, egunerokoan eta festetan ere bai», esan du Ugartek. «Pankartak prestatuko ditugu aldarrikapenak egiteko, eta kalea hartuko dugu festa giroan, morez janzteko Tolosako kaleak. Barruko su morea aterako dugu».

Batukalejira Morea Trianguloatik aterako da. Zerkausi gaineko terrazara igoko dira, eta hor jotzeaz gain, «argazki erraldoi morea» aterako dute. Gero Euskal Herria Plazara joango dira, eta handik Plaza Berrira, Aroztegietatik gora joanez bukatzeko.

Deialdia egin dute soinean zerbait morea eramateko: ileordeak, betaurrekoak, kamisetak, soinekoak... «Zerbait ludikoa izatea nahi dugu ere, beste ukitu bat ematea. Beste herri batzuetara joaten gara kaleak girotzera eta espero dugu ere larunbatean Tolosa girotzea», esan du Ugartek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!