Kaleak artez irudikatuz

Tolosaldeko Ataria 2016ko eka. 17a, 14:17
Pincha artista madrildarra murala egiten N-1 errepidearen azpian.

Beantatuz Nazioarteko Kale Arte Jaialdian hainbat artista ari dira margolanak egiten herriko zenbait txokotan.

Beantatuz Nazioarteko Kale Arte Jaialdia abian da. Tolosako hainbat txokotan artelanak sortzen ari dira Brasildik, Frantziatik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik etorritako artistak. Graffiti topaketa bat egiten hasi ziren Trianguloa plazan, gero lehiaketa bihurtu zena, eta 2010etik aurrera topaketa bihurtu zen, eta nazioarteko artistak gonbidatzen hasi ziren.

Jaialdiaren antolatzaile taldeko kidea da Garikoitz Murua eta berak azaldu duenez, «batetik, gonbidapena luzatzen diogu erakargarriak iruditzen zaizkigun artistei, bere lanarengatik eta ibilbidearengatik. Bestetik, hain ezagunak ez diren beste batzuk gonbidatzen ditugu, esperientzia hau bizi behar dutela iruditzen zaigulako».

Brasildik bi artista ari dira, Fixxa eta Cid Maia. «Sao Vicente herriarekin hitzarmena du Tolosak, eta handik etortzen dira urtero bi gonbidatu», esan du Muruak. «Ez dira ezagunak baina graffitiak eta kaleko lanketa biziki bizitzen dute»

Kashink artista frantziarra da Tolosan egunotan margotzen ari den ezagunena. «Nazioartean bere lana baloratzen ari dira azkenaldian. Saiatzen gara ere emakumezkoek parte har dezaten, eta aukera izan dugu aurten hemen izateko. Alde Zaharrean egongo da margotzen, eta bere lana ezaguna da aurpegi erraldoiak margotzen dituelako. Joko bat egingo du bere aurpegi eta bere maskarekin, eta janariarekin lotutako irudiekin», azaldu du Muruak.

Valentziatik Luce izeneko artista etorri da. Egurrarekin lana egiten du eta gero kalean zintzilikatzen du edo integratzen du sortutakoa. Box.A arte elkarteko tailerrean egingo du lana. Madrildik Pinche izeneko artista etorri da, eta Larramendi auzoan, N-1ean, azpiko tunelean ari da lanean. Berea izango da aurtengo margolan handiena.

Tailerrak ere antolatu dira Beantatuz jaialdiaren barruan. Horrela, gaur, 17:00etan, graffiti tailerra izango da San Inazio kalean, trenbidearen azpiko tunelean. Ordu berean, Trianguloa plazan munduko dantza eta perkusioen tailerra izango da. Bihar, 10:00etan graffiti tailerra egingo da San Inazio kalean, eta 17:00etan parkour tailerra Trianguloa plazan. Azkenik, etzi, igandean, 17:00etan parkour tailerra izango da Trianguloa plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!