San Joanak 2016

Zortzikoa estreinakoz abestuko du, ekainaren 23an, Santa Maria kaperak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ekainaren 17a

Maite Crespillo eta Josetxo Gabarain, aurkezpenean.

Webgune berria aurkeztu dute, eta baita 2017rako esku artean dituzten hainbat egitasmo aurreratu ere.

Joan den abenduan aurkeztu zuen, Santa Maria Kaperak, Eduardo Mokoroaren zenbait obrarekin osaturiko disko eta DVDa. Orain, sanjoanen atarian, taldearen webgune berria plazaratu dute. www.tolosasantamariakapera.eu helbidean egin dute beren txoko birtuala, eta Arakil Fundazioaren laguntzaz gorpuztu dute ataria, Josetxo Gabarain kaperako presidenteak azaldu duenez.

Maite Crespillorekin batera eman ditu kaperaren azken albisteak eta, besteak beste, webgune berriak bilduko dituen edukiak azpimarratu nahi izan dituzte: "Taldearen historia eta jarduera garrantzitsuenak ezagutarazteko tarte bat izango du eta, horrez gain, argazkiak, bideoak eta balio handiko dokumentuak ere ikusi ahal izango dituzte bisitariek: Gorritik, Mokoroak, Balzak eta Danboreneak sorturiko 54 obra igo ditugu webgunera, eta doan jaitsi ahal izango dira", azaldu du Crespillok.

San Joan zortzikoaren grabazio bat ere zintzilikatu dute webgunean eta, hain zuzen, doinu hunkigarriaren bidetik eman dute albistea: aurten, estreinakoz, San Joan bezperako suaren aurrean San Joan zortzikoa abestuko du Santa Maria kaperak. Horrez gain, noski, meza nagusian ere beren urteroko emanaldia eskainiko dute, ekainaren 24an.

Aipatzekoa da, kaperaren disko eta DVDa zezen plazako Zabala estankoan eta Zunbeltz disko dendan eskuragarri dela. Besteak beste, ikusgai den bideoaren antzeko lanak ikus eta entzungai daude argitalpenean.

2017a, urte berezia

Datorren urtean izango da Eduardo Mokoroaren jaiotzaren 150. urteurrena, eta Santa Maria kapera lanean ari da, jada, ekitaldi eta hitzorduen agenda prestatzeko. Udal musika eskolarekin eskutik, kontzertu bereziak eta hitzaldiak onduko dituzte eta, era berean, Bartzelonara irteera egingo du kaperak, Montserraten emanaldia eskaintzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!